Harzolazko ezkaratzen mintzaira

Euskal Herriko atari askotan daude harzolazko zoruak. Adituen hitzetan, ikertu eta babestu beharreko ondare materiala zein immateriala dira. Ideograma eder-ederrak daude errekarriekin egindako pabaduretan.

Urzainkiko etxe bateko hartzola. Sei hostoko lorearen ideograma oso erabilia da. UGALTARRIAK PROIEKTUA
Urzainkiko etxe bateko harzola. Sei hostoko lorearen ideograma oso erabilia da. UGALTARRIAK PROIEKTUA
Kristina Berasain Tristan.
2025eko irailaren 6a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mintzaira propioa dute. Mezu bat. Sinbologia bat. Akaso kode enkriptatu bat. Ideogramak askotarikoak dira: badira ziriak, forma bakunenak, baina badira mosaiko landuagoak ere; krismoiekin, zirkulu zentrokideekin, lauburuekin edo loreekin egindakoak. Euskal Herriko etxe askotako ezkaratzetan daude harzolak. Errekarriekin egindako pabadurak zehazki zenbat diren, baina, jakiteke dago.

Pablo Orduna (Madril, 1978) herriz herri ibili da, etxez etxe, harzolak ikusten, eta amaren familiaren etxekoa du kutunenetakoa: «Izabako Pedrobon etxeko ezkaratzean dagoen zoruaz ari naiz. Txikitatik ikusi dut, nire zola da. Sei petalozko lore bat dauka, eta bihotz batzuk... Etxearen izena eta eraikuntza urtea ere baditu, baina, zenbakiak eta letrak ez dira ondo bereizten, harriak higatuta baitaude». 

Historialariak dokumentuetan arakatzen ibili zenean topatu zuen zein urtetakoa den: «Etxea XVI. mendekoa da, data zehatzarekin ibarrean erregistratutako zaharrena, baina tropa frantsesek 1813an herria erre zutenean hondatu zen. Bi urte geroago berreraiki zuten; 3.493 erreal ordaindu zituzten zokalo, ateburu eta atari berriengatik. Ibarrean bada 1500 edo 1600 urteko etxeren bat, baina horrek ez du esanahi harzola ordukoa denik». 

Amara Carvajalek Ugaltarriak proiekturako egindako marrazkia.Lau arku zirkulu baten barruan. Ideograma hori asko eraibili da.
Amara Carvajalek Ugaltarriak proiekturako egindako marrazkia. Lau arku zirkulu baten barruan. UGALTARRIAK PROIEKTUA

Harzolen inguruan ikerketa bakarra egin da orain arte, eta hortxe agertzen da Pedrobon etxeko ezkaratzearen argazkia. Aitzindaria izan da Ugaltarriak, harrien elaireä. Ohiko harzolak Erronkaribaxan liburuxka. Ikerlari talde batek 157 harzola dokumentatu zituen 2022an ibarreko zazpi herrietan. Orduna bera izan zen lanaren koordinatzailea, eta pozarren dago izan zuen oihartzunagatik eta, bereziki, eraginagatik, besteak beste, herritarrak eta udalak ondare horren balioaz ohart zitezen balio izan zuelako: «Harzolak galtzeko arriskua txikiagoa da egun. Harzola bat dutenak harro daude, eta bitan pentsatzen dute kendu edo ez. Administrazioa ere jabetu da babestu beharreko ondarea dela». 

«Interes eta sentsibilitate handiagoa dago, baina oraindik anitz dugu ikasteko eta ikertzeko. Interesgarria litzateke harzola guztiak dokumentatzea eta mapan kokatzea»

PABLO ORDUNAHistorialaria eta irakaslea

Harzolak kultura intereseko ondasun aitortzea funtsezkoa litzateke horretarako. Historialariaren hitzetan, «armarriak edo erdi puntuko arkuak» bezalaxe babestu beharko lirateke. Ikerketa sakon eta zabal bat egiteko beharra nabarmendu du: «Interes eta sentsibilitate handiagoa dago, baina oraindik anitz dugu ikasteko eta ikertzeko. Interesgarria litzateke harzola guztiak dokumentatzea eta mapan kokatzea».

Ugaltarriak, errekarriak...

Erronkarieraz ugaltarria hitza erabiltzen dute ibaiertzetan hartutako harriak izendatzeko, hau da, errekarriak, harri koskorrak edo kaskailuak izendatzeko. Ibarreko etxeen ikur bilakatu dira harzola tradizionalak, eta ikerketaren emaitza horren erakusgarri da. Identifikatu diren harzolen %70 egoera onean daude, baina asko eta asko desagertu egin dira. Ordunak dioenez, garai batean 500 egon zitezkeela uste da: «Izaba da ibarreko herririk handiena, eta baita harzola gehien dituena ere, 53, baina herri txikietan ere asko daude: Garde herri txikia izan arren, 21 daude han, Uztarrozen eta Bidankozen hamalauna, eta Urzainkin bederatzi».

Euskal Herriko harzolen argazki osoa izatea litzateke orain xedea. Atlas EtnogrĂ¡fico de Vasconia (Baskoniako Atlas Etnografikoa) eta El lĂ©xico de la casa en el Nordesde de Navarra (Nafarroako ipar-ekialdeko etxearen lexikoa) ikerlanetan aipatzen dira harzolak, baina oso azaletik. Ikerlariak bere kabuz ari dira, tokian-tokian, bakoitzak gertuen duenari begira. 

Laguardiako etxe bateko ezkaratzea.
Guardiako (Araba) etxe bateko ezkaratzean dagoen harzola. K. B. T.

Oraingoz, ikerketa zehatzik ezean, argi dago harzolak bereziki barnealdean erabiltzen zirela: «Arabako Errioxan, Estellerrian, Iruñerrian, Uxuen eta Erriberrin ere asko daude. Basaburuan eta Baztanen ere badira. Kostaldean dezente gutxiago, han daudenak elizetan, baselizetan eta jauregietan daude; atarietan, baserrietan eta etxeetan apenas. Bizkaian eta Gipuzkoan, beraz, ez dira horren ohikoak. Nafarroa Beherean eta Zuberoan ere ugari daude, baina Zuberoan asko galdu dira. Biarnon [Okzitania], berriz, mantendu egin dira, gehienak jauretxetan baitaude».

Harzolek ondare immaterial gisa duten garrantzia azpimarratu du Ordunak. «Ezagutza tradizional sakona dago harzolak egiteko lanaren atzean». Lengoia ideografikoa ere nabarmendu du. «Harrien bidez sortzen zituzten irudiek zerbait komunikatzeko balio zuten. Gauza batzuk interpretatu ditzakegu, baina gehiago da ez dakiguna dakiguna baino». Ordunaren arabera, zertarako baino, zergatik galderari erantzutea da kontua. «Zergatik aukeratzen zituzten batzuk eta ez beste batzuk? Ziur naiz ez zela estetika hutsagatik. Harzolak funtzionalak ziren, baina mezu bat ere bazuten, diskurtso ideografiko bat. Oraindik ez dugu dena ulertzen».

Amara Carvajal (Madril, 1980) bat dator ideogramek duten garrantziarekin: «Asko dute identitatetik, zentzu bat dute, balio batzuk islatzen dituzte, sinesmen batzuk, eta oso interesgarria litzateke tokian tokiko tipologiak aztertzea». Erronkariko ikerlanean parte hartu zuen adituetako bat da Carvajal. Pirinioetako Ibort herri hustuan hazi zen, eta txikitatik ikasi zuen morteroa egiten. Ondarea zaharberritzen ikasteko pausoa eman zuen gero. «Autodidakta naiz. Harzolak egiteko jakintza galdu egin zen, ez zegoen inor irakatsiko zidanik, eta nire kabuz hasi nintzen, probatzen eta akatsak egiten. Orain hitzaldiak eta tailerrak ematen ditut».

Bargotako etxe bateko harrizko zorua.
Bargotako (Nafarroa) etxe bateko harrizko zorua. K. B. T.

Nafarroako Artazu herrian ere hamalau urtez bizi izan da, eta ezagutza zabala du lurralde horretako harzolez: «Zalantzarik gabe, hexapetalak edo sei hostoko loreak eta barruan lau arku dituen zirkuluaren ideogramak dira erabilienak. Zitori hori asko ere badira. Eta Salomonen korapiloak. Mediterraneotik ekialdera maiz erabili dira horiek. Eguzkiaren eta ilargiaren sinbolo ugari ere badaude. Asiatik datoz sinbolo horiek; munduko beste eremu batzuekin konektatzen gaituzte».

Landa azterketa

Adituaren ustez, ikerketa sakon bat egiteko ezinbestekoa izango da sinbologian adituak direnek parte hartzea. «Landa azterketa bat egin beharko litzateke, baina horretarako finantzaketa behar da. Ondo legoke bekaren bat jasotzea horri ekin ahal izateko».  

Bizkaian berriki topatu duen harzolak atentzioa eman dio ikerlariari: «Orozkoko ermita baten atarian dago, eta adreiluak eta zeramika puskak erabili zituzten gidak trazatzeko. Tenpluetako eta kultu lekuetako ideogramak oso aberatsak dira; azken batean, bizimoduaz eta testuinguru sozioekonomikoaz ere mintzatzen dira».

Erronkariko etxe bateko harzola
Erronkariko etxe bateko harzola. Jabearen inizialak ageri dira. UGALTARRIAK PROIEKTUA

Erronkarikoak, zentzu horretan, ideograma oparoak dira, aberastasunaren eta boterearen adierazgarri baitziren. Jabearen inizialak ere jartzen ziren batzuetan. Etxe xumeetako sinboloak sinpleak ziren, eta, bizi maila altuagokoenak, ederragoak. «Erronkari ibar aberatsa zen, egurrak dirua ekartzen zuen, eta hori ideogrametan islatzen da».

Harriekin marraztutako sinbologia oparoa da harzolen altxorretako bat, baina ez bakarra. Ondare immaterial gisa duen balioaz ere mintzatu da Carvajal. «Jakinduria handia dago atzean, kate oso bat. Harria jasotzea zen lehen pausoa. Eskuz esku biltzen ziren errekarriak. Maisuak ziren horretan, ez baita berdina forma bat, lodiera bat, luzera bat, kolore bat edo beste bat. Harri motak eta harriaren formak baldintzatzen du teknika». 

«Jakinduria handia dago atzean, kate oso bat. Harria jasotzea zen lehen pausoa. Eskuz esku biltzen ziren errekarriak. Maisuak ziren horretan. Harri motak eta harriaren formak baldintzatzen du teknika»

AMARA CARVAJALIkerlaria eta zaharberritzailea

Adituaren ustetan, jakintza hori guztia babestu eta gizadiaren ondare izendatu beharko litzateke, «argamasarik gabe egiten ziren harri lehorren eraikuntza gisa». Carvajalek behinolako eraikuntza teknikei erreparatu die, eta argi du inguruan zutena baliatzen zutela beti. Erronkariko aitonei entzun zien lehen aldiz lur bizien eta lur hilen kontzeptua. «Lur biziak onak ziren morteroa egiteko, buztin gutxi zutelako. Lur hilak lohiak dira, ez dute karearekin bat egiten. Tamalez, belaunaldiz belaunaldiz transmititu den jakinduria hori galdu egin da, materialak erauzteko eta lantzeko aspaldiko modu hura, maisutasunez egiten ziren ofizio haiek».

Harzolak egiteko lurra erabiltzen zen; geroxeago, aireko karea ere baliatu zen errekarriak egonkortzeko. Dena den, karea erabiltzeko joera garaikidea da. Harzolak askotan berritu behar izaten ziren, ataria kortarako bidea ere izaten baitzen, eta abereak bertatik pasatzen baitziren. Horregatik ziren funtzionalak. Higienikoak eta transpirazio handikoak ere baziren, horregatik kolorez aldatzen ziren, udan ilunagoak, beltzagoak, eta neguan argiagoak, grisagoak. «Gure arbasoek egiten zuten horri arkitektura bioklimatikoa eta jasangarria deitzen diogu orain».

Iruñeko Rozalejo jauregiko harzola
Iruñeko Rozalejo jauregiko harzola. AMARA CARVAJAL

Iruñeko Rozalejo jauregiko harzola da Carvajalek zaharberritu duen azkena. Bi tona errekarri hartu behar izan dituzte horretarako. «Lan nekeza bezain ederra izan da. Ia hiru hilabeteko lana izan da, baina ideogramak berreskuratu ahal izan ditugu. Lur morteroa eta kare morteroa erabili ditugu eremu originalak eta zaharberrituak bereizteko». XVIII. mendeko eraikinaren jatorrizko harzolan hezurrak ere topatu dituzte: «Behien eta zaldien tibiak eta metatartsoak dira. Badaude horrelakoak beste harzola batzuetan, baina ez da oso ohikoa. Hau ez da ondare arkeologikoa, baina bada ondare etnografikoa, babestu beharrekoa». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.