Ezarian

Hasi da Arantzadiren aldaketa

Iruñeko parkeko Gurbindo etxean kokatuko da Nekazaritza eta Abeltzaintzaren interpretazio zentroa; lanak heldu den hilabetean hasiko dira, eta 2012ko irailerako zentroa martxan nahi du Fundagro fundazio kudeatzaileak.

Iruñea
2011ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Iruñeko Arantzadi parkea aldatzen hasia da, udalak duela bi urte 209.312 metro karratuko parkea eraldatzeko Alday-Jover arkitekto taldeak aurkeztutako proiektua onartu zuenetik. Duela hilabete batzuk parkearen zati bat zeharkatuko duen errepidea egiten hasi ziren, eta heldu den hilabetean Nekazaritza eta Abeltzaintzaren interpretazio zentroa eraikitzen hasiko dira Gurbindo familiarena izandako etxean.

Parkeko lasaitasuna eta hara hurbiltzen direnentzat bat-batean hiritik kanpo dauden irudipena desagertzen hasi dira. Han bizi diren bi familien eta hara biltzen diren iruindarren sosegua bukatu zen, L forma izanen duen errepidea egiteko lehen hondeamakina sartu zenean. Errepidea egun Nafarroako Kutxak duen Vialogos egoitzatik aterako da, eta, bide zuzena jarraituz, Agustinatarren komenturaino iritsiko da. Ezkerrera bidea hartuz, arraizatarrek ekarritako garaiaren atzetik joanen da, Arantzadi Itzuliko errepidearekin bat egiteraino.

Parkearen erdian, Arraiza familiaren etxea izandakoaren parean dago gurbindotarren etxea. Heldu den hilean hasiko dira han Nekazaritzaren eta Abeltzaintzaren interpretazio zentroko lanak. Deusen okerrik ez bada, lanak heldu den urteko martxorako bukatuko dira, eta zentroa 2012ko irailean martxan jarriko da. Etxea barrutik hustu eta museo bat eraikiko da, nekazaritza eta abeltzaintzaren erakusleiho izateko. Horretaz gain, erabilera anitzeko gelak izanen ditu ikastetxeekin ekintzak burutzeko eta jardunaldi gastronomikoak antolatzeko. Gurbindo etxean eraikiko den museoaz landa, beste bi eraikin izanen ditu egitasmoak. Negutegi itxura izanen dute, eta lurretik metro eta 20 zentimetrora altxatuko dira, zonaldean, Arantzadiko meandroan, uholdeak nahiko maiz gertatzen direlako Arga ibaiaren emaria handitzen denean. Fundagrok etxearen ondoko lurretan baratze bat jarriko du, eta baita ukuilu bat ere. Horretarako 7.000 metro karratu ditu.

Udalak UAGN sindikatuaren esku dagoen Fundagro fundazioari eman dio erabilera publikorako den tokiaren kudeaketa, 75 urterako.

In agro salute (Nekazaritza osasun) da egitasmoaren izena. Helburua, berriz, Euskal Herrian nekazaritzak duen garrantziaz ohartaraztea. Egitasmoa 2007-2013 Lurraldeen Elkarlanerako Egitarauaren barruan aurkeztu zuen Nafarroako GobernuakAkitania eta Eusko Jaurlaritzarekin batera, eta 5,2 milioi euroko laguntza lortu du. Fundagroren egitasmoak 3,5 milioi euroko aurrekontua du, eta Bruselatik 2,3 milioi euro jasoko ditu. Gainontzeko dirua Nafarroako Gobernuak eta udalak jarriko dute.

Europako Batasuneko gainontzeko dirua Eusko Jaurlaritzako Itsasmendikoik eta Akitaniako Nekazaritza Ganberak kudeatuko dute. Horretarako, Iruñeko zentroaz gain beste bat eraikiko da Donapaleun (Nafarroa Beherea).

Nekazaritzaren erakusleiho

Galtzen ari den hiritarren eta nekazaritza eremuen arteko lotura berreskuratzea omen du helburu proiektuak, David Lezaun UAGNko idazkariaren arabera. «Herritarrek nekazaritzari buruz duten ezagutza galtzen doa. Hiriaren eta nekazaritza eremuen arteko haustura gero eta handiago da». Europatik diru laguntza lortzean, udalak Arantzadiko baratzeetan kokatzea proposatu ziela dio Lezaunek. Fundagroren asmoa herritarrei eta batez ere ikasleei parte hartzeko aukera eskaintzea da. «Hezkuntzari garrantzia eman nahi diogu. Ikasleak ekarri eta baratzean lanean jarri nahi ditugu, letxugak landatzen, eta, ontzen direnean, biltzen. Nekazaritzaren erakusleiho izan nahi dugu. Gure produktuak eta bizitzeko modua erakutsi. Ez goaz beste nekazariei konpetentzia egitera».

Baina Fundagrok Arantzadin egin nahi duena ez da berria. Izan ere, Arantzadin beti izan dira baratzeak eta abereak. Horren lekuko dira Agustin Beroiz, Ramon Zabalza eta Juan Mari Soto. Zabalzak atzo zuen etxetik nahi zuena ateratzeko azken eguna, eta beroiztarrek eta sototarrek oraindik lanean jarraituko dute. Beroizek eta bere alabek urteak eta urteak daramatzate Arantzadiko lurra modu ekologikoan lantzen. Agustin Beroizek 71 urte ditu, eta, aitaren lekukoa hartuta, gaztetatik aritu da lanean baratzean. Ekologikoan produzitzen du, eta Bigarren Zabalguneko merkatuan duen postuan saltzen du bere uzta. Udalak Arantzadirako duen proiektuari ez dio ez hanka ez buru ikusten. «Lantzen dudan lurra ez estaltzea da eskatzen dudan gauza bakarra. Beti ematen ikusi nahi nuke. Ez zait inporta noren izenean dagoen, baina orain arte bezala jarraitzea nahi nuke. Hau guztiona da, eta iruindar guztiek gozatu behar dute Arantzadiz».

Parkean dauden 35 eraikinetatik hiru bakarrik geldituko dira zutik: Gurbindo etxea, Arraiza familiaren etxea eta Iruñeko Udalaren eskola-tailerra hartzen duen Irujo etxea. Baratzetara iristeko bide egokiak jarri eta hemen dagoen aberastasuna erakustearekin nahikoa dela iritzi dio Beroizek. «Hori da Arantzadiren balioa. Aisialdia eta produktibitatea ez daude borrokan». Bere ustez, udalak ez du argi zer egin nahi duen parkearekin, eta Nafarroako Kutxarekin gertatzen ari dena aipatu du.

Kutxak Vialogosen egoitza jarri du parkean, eta ondoko lurra erosi du aparkalekua egiteko. «Arantzadi guztiona da, baina uste dut batzuen artean banatzen ari direla».

Sotorenak bezala, bere etxea eta lurrak Arraiza familiarenak ziren. Parkearen proiektua martxan jarri zenean arraizatarrek udalari saldu zizkioten. Zabaltzatarrek atzo zuten etxean sartzeko azken eguna, eta edozein unetan bota ditzakete.

Bien bitartean, oposizioko alderdiak ados daude nekazaritzaren interpretazio zentroarekin, baina ez emakidaren baldintzekin. Izan ere, Gurbindo etxe ondoko lurrak ez ezik, Beroizek eta Sotok utziko dituzten baratzeak eta beste batzuk udalak hartuko ditu, eta herritarren artean lehiaketara atera. Baina kudeaketa horretaz Fundagro arduratuko da. Javier Ayesa Nafarroa Baiko zinegotziak kritikatu du kudeaketa hori zein baldintzatan eginen den ez dela zehazten Fundagrori emandako emakidan. «UPNk Fundagrori eman dio lur guztien kudeaketa. Hori Arantzadin dagoen eskola-tailerrak egin zezakeen lana zen. Denboran nola eta zein baldintzatan adjudikatuko diren jakin nahi genuke. Fundagrok nahi dituen baldintzak jar ditzake». Lezaunek dio kudeaketan laguntzea izanen dela euren eginkizuna, eta ez dutela ur handiagoetan sartu nahi. Dena dela, hori guztia nola gauzatuko den zehazteke dago.

Nafarroako Kutxaren egitasmoarekin ere zalantzak ditu oposizioak. Nafarroako Kutxak Vialogos egoitza du parkean. Handik gertu eta parkearen barruan dagoen Agustinatarren komentua erosi zuen. Gerora, udalak Vialogos egoitzaren ondoko lur sail baten truke komentua eskuratu zuen. Kutxak lur sail horretan aparkaleku bat egin nahi du. Proiektuaren arabera, bi solairuko 15.000 metro koadroko aparkalekua litzateke. «Babestu beharreko ekosistema batean aparkaleku bat eraiki nahi da, eta horrekin ez gaude ados», dio Ayesak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.