Inauteriak

Kiroldegiak txilaba jantzi du

Usabalgo kiroldegiko lan gatazkari umorez heldu diote Tolosako inauterien hasieran. Kabi Alai Kuttuna saria Aiz Orratz - Veleta elkarteko marinelek jaso dute, eta haiek eman diote su festari.

TOLOSAKO INAUTERIEN HASIERA
Tolosako Plaza Zaharra, gaur eguerdian, festa piztu den unean. GORKA RUBIO / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Tolosa
2024ko otsailaren 08a
15:00
Entzun

Bruselatik zuzen-zuzenean hiru ikuskari iritsi dira Tolosara (Gipuzkoa). Herriko alkatea eta gainerako agintariak haien aurretik pasatu dira: sabela neurtu diete, eta txiza probak jaso dituzte. «Europako Parlamentutik bidali gaituzte esanez Tolosako agintariak oso gizen daudela. Denbora luzez kiroldegia itxia izan dute, eta antolatzen dituzten festa guztiak jana eta edana izaten dira. Hori egiaztatzera bidali gaituzte», azaldu dute. Banan-banan igaro dira agintariak ikuskatzaile lodifoboen aurretik, baina ikuskapena eten egin behar izan dute. «Abisu bat iritsi zaigu. Plaza pare bat zentimetro jaitsi da, eta denok dantza egin beharra daukagu». Kiko Riveraren El mambo abestiarekin dantzan jarri da Tolosako Plaza Zaharra.

«La reina de la calle/con nadie se compara [Kaleko erregina/ parekorik ez du]», dio Riveraren abestiak. Tolosarrentzat berariaz egindakoa dela dirudi, herriko kaleak irriz, dantzaz eta jauziz bete baitituzte gaur, ostegun gizenean. Eguerdia baino lehen, «urduri» hasi dira Plaza Zaharra hartzen txilabaz jantzitako gazteak eta ez hain gazteak. Tolosako etxe gehienek ere txilaba soinean daramatela dirudi, kolorez jantzita daudelako. Usabalgo kiroldegiak ere jantzi du, hilabete luzez han izandako lan gatazka izan baitute ardatz Kabi Alai elkartekoek udaletxeko arkupeetan egindako parodian.

TOLOSAKO INAUTERIAK
Tolosako Plaza Zaharra, jendez lepo, gaur eguerdian. GORKA RUBIO / FOKU

Ikuskatzaileen aurretik pasatzen lehenengoa Tolosako alkate jauna —inauterietakoa, behintzat— izan da: Patxi Amiano. «Nabaritzen zaizu, Patxi, jubilatzeko moduan zaudela», esan diote ikuskatzaileek. Izan ere, urte askoren ondoren, inauterietako alkatetza utziko du. Datorren urtetik aurrera, alkate anderea Ainhoa Unsalo izango da; txalo artean eman diote ongietorria tolosarrek.

Txaloak eta dantzak une batez eten dira, eguerdia iritsi bezain pronto. Urduritasunak goia jo du, eta alaitasuna lehertu egin da Aiz Orratz - Veleta elkarteko marinelek eta haur danborrariek festari su eman diotenean. «Tolosarrak! Gora Veleta! Gora Tolosa! Gora inauteriak!». Bat egin dute suziriaren eztandak, jendearen algarak eta txarangaren musikak: hasi dira Tolosako inauteriak.

Kuttuna, haurrei

Ez da kasualitatea izan Aiz Orratz - Veleta elkartea arduratu izana festari su emateaz. Izan ere, haiei eman diete Kabi Alai Kuttuna saria, Tolosako udaletxeko batzar aretoan. Elkarte hori izan da haur danborrada sortu eta mantendu duena 1962tik gaur egun arte. «Tolosako haurrak inauterien parte izan daitezen egiten duten lana eskertu nahi dugu», esan die Amianok. 

Koskortutako haurrak eta gaztetxoak izan dira txarangen atzetik lehen lerroak hartu dituztenak. «Oso pozik gaude!», esan dute Ane Saizarrek, Naroa Aranaldek eta Maialen Azpirozek. «Orain, txarangaren atzetik joango gara. Gero, kuadrillakook batera bazkalduko dugu, eta arratsaldean zezen plazara joango gara!». Hurrengo egunetan txilaba erantziko dute, eta eskaut eta inuit jantziko dira. «Oso ondo pasatuko dugu!», esan dute, txarangaren bideari jarraituz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.