Azken urteetan gaztetxea egitarau ofizialari aurreratu izan bazaio ere, aurten bestela antolatu dira jaietarako Gasteizko gazteak. Zeledon jaistear da, arratsaldeko seiak jotzear daude, eta oraindik ez da petardorik lehertu Alde Zaharra erdibitzen duen eraikinean.

Ezberdin hasiko dituzte gaur jaiak, aurten asanbladan «jende berri pila bat» sartu izanaren ondorioz, akaso. Aratzek azaldu du hori, azken orduko kontuak txukuntzen ari den bitartean, hara eta hona. Hark ere iazko ikasturte bukaeratik hartzen du parte asanbladan, eta festak aurrenekoz antolatzen ari bada ere, aurreikusten du ordu erdi barru Andre Maria Zuriaren plazatik gaztetxera «mozkor tropa itzela» igoko dela. Gasteiztarra da Aratz, badaki zertaz ari den.
Bertokoak izan gabe ere, Ermuko (Bizkaia) Patri eta Ciudad Realeko (Espainia) Iker aurten batu dira gaztetxera, egin beharreko guztiei heltzeko gogoz. Ikerrentzat beharrezkoa da programazio instituzionalari «alternatiba bat eskaintzea», eta horregatik dabil gaztetxeko teilatuan gora eta behera, ikara izpirik barik aurpegian. Oraindik 18:10 markatzen du erlojuak, eta dagoeneko egartsu ugari pilatu dira patio barruko barra parean.

«Txupinazoa antolatzeko gaztetxero zaharrei galdezka ibili gara», dio Aratzek: «Azken urteetan petardo bat lehertzera mugatu izan da, eta lehen ikuskizun landuagoak egiten ziren». Gaztetxeko egitaraua sasoi bakoitzeko motibazioek eta indarrek baldintzatu izan dute beti, eta aurten ez zaie falta ez bata eta ez bestea. Teilatu okerra artezteko zerbeza kaxak erabili dituzte, gainean ordenagailua sostengatzen duen plastikozko mahai xumea jarri dute, eta alboetara bozgorailu bana ezarri dizkiote. Txupinazoa lehertu bezain pronto, festazaleak gaztetxera erakarriko dituzte dantzan, antzina egiten zen legez.
Asanbladako mezua ahalik eta jende gehienak entzun dezan atzeratu dute aurten txupinazoa. Intimitatea galdu dute gazteek, ekitaldi masiboago baten truke. Egitaraua egikaritzen hasiberriak dira agian, baina zeregina ondo baino hobeto ulertzen dute: «Jaiak ez daude politikatik salbu», dio Aratzek kableen korapiloak askatzen. «Gaztetxean beti gabiltza aisialdiaren eta politikaren arteko loturatik gazteak politizatzen eta antolakuntzaren kultura sustatzen». Eta hala adierazi dute aurtengo kartelean, Jaiak bai, borroka ere bai! leloa nabarmenduz eta teknikarien grebarekin bat eginez —kontzertuak alboratu dituzte, eta umorezko mikro irekia proposatu—. 18:25 eta oraindik txupinazoaren arrastorik ez.
Ikusi gehiago
Kartelak borrokarako deia ez ezik «eszena lokala sustatzeko apustua» ere egiten duela gehitu du Patrik: «Oholtza bertako talde berriei eskaintzeak beti sortzen duelako bestelako giroa». Talde guztiak dira gasteiztarrak, baita soinu frogetan dabiltzan teilatuko DJak ere. Arazo teknikoak tarteko, azkenean 18:45ean hasi dira mikrofonoak eta bozgorailuak martxan.
Teilatu azpia jendez mukuru dago jada, eta teilatu goian lehertzeko prest dago txupinazoa. Esperoan daudenak asebete asmoz, ohiko Zeledon baino koloretsuagoa den panpina dantzarazi dute teila artean. Bat, bi, hiru... Probatzen, probatzen... Azkenean! 19:00etan puntuan. «Gora Zeledon! Gora gaztetxea! Gora espazio seguruak!» Ziiiiiist… danba! Ziiiiist… danba! Bi bota dituzte, badaezpada.