Gaua aurrera doa, eta pantailak bakarrik argiztatzen du logelako iluntasuna. Berriro egiten du scroll: berriz agertu zaio sortzaile beraren bideoa. Bideoaren audioa aktibatu aurretik badaki haserrea sentituko duela, baina klik egin du hala ere: gorrotoa eta lilura nahasten dituen indar ikusezinak lotu du pantailara. Gorrotoz ikusitako edukiaren erritual horretan, amorruak berak sortzen du atxikimendua.
Gaur egungo kultura digitalak fenomeno paradoxiko eta bitxia sortu du: hate-watching-a —gorrotoz ikustea—. Izenak berak iradokitzen duen bezala, ez da gustuko ez duzun zerbait behin-behinean kontsumitzea; gorrotoa, atsekabea edo deserosotasuna eragiten duen eduki bati modu jarraituan erreparatzea da: telebista saio bati, eduki sortzaileen bideoei edo politikarien diskurtsoei, besteak beste. Ez da esperientzia pertsonal isolatu bat: emozio biziak, talde dinamikak eta plataforma digitalen algoritmoek elkarrekin osatzen duten erreakzio konplexu baten emaitza da. Askotan, nagusitasun intelektualaren irudipenarekin edo hutsaldi emozionalarekin lotzen da.
Arantxa Vizcaino UNIR Errioxako Nazioarteko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak sakon aztertu duen fenomenoa da. Sei influencer-en profil digitaletako iruzkinak aztertu ditu, sare sozialetan sortzen den gorrotoaren egitura eta bilakaera ulertzen saiatzeko. Haren lanak plataformen arteko dinamika, ondorio psikologikoak eta gorrotoaren normalizazio prozesua jarri ditu erdigunean. Milaka iruzkin aztertu eta plataforma ezberdinetako datuak gurutzatu ondoren, ondorio garbi batera iritsi da: «Fenomenoak oinarri emozional eta sozial konplexua du, eta kontrakotasun afektiboa eta arreta ekonomia elkarrekin nahasten dira».
Hate-watching terminoa lehenbiziko aldiz noiz erabili zen dokumentatuta ez badago ere, 2000ko hamarkadaren erdialdean hasi zen zabaltzen blogetan eta pop kulturari loturiko komunikabide digitaletan. Jatorrian telebistara mugatutako kontzeptua bada ere, gaur egun are agerikoagoa da sare sozialen logikan. Eta horregatik aztertu du Vizcainok: «Influencer-en aurkako gorrotoa ez da gertakari isolatua; sare sozialen arabera birkonfiguratzen den egitura egonkorra da, oinarrian emozio multzo bera duena».
«Ezberdin pentsatzen duten komunitateek asko iraintzen dute elkar. Dibulgatzaile zientifikoek jasotzen dituzten iruzkin negatiboen kopurua izan zen harrigarriena»
ARANTXA VIZCAINO Ikertzailea
Erabiltzaileen joera deigarriak agerian utzi ditu ikerketak: soslai eta komunitate oso ezberdinen artean dagoen gorrotoa, esaterako. «Ezberdin pentsatzen duten komunitateek asko iraintzen dute elkar. Dibulgatzaile zientifikoek jasotzen dituzten iruzkin negatiboen kopurua izan zen harrigarriena; ez da beti mehatxua izaten, baina deskalifikazio ideologiko ugari izaten dira», azaldu du ikertzaileak.
Luma Otaño euskarazko eduki sortzailea da, eta askotariko gaien inguruan hausnartzen du bere bideoetan. Sare sozialetan izan duen arrakastarekin batera, ordea, gorrotozko iruzkinak ere ugaritu zaizkio. «Beti esan izan dut komunitate oso polita daukadala; babesa sentitzen dut», aitortu du. Hala ere, konturatu da ikusgarritasunak baduela kontrako aldea: «Ikusle kopurua handitzean, gero eta amorratu gehiagok idazten dute nire bideoetan. Iruzkin negatiboak idatzi izan dizkidate, baina saiatzen naiz garrantzia kentzen, inbidia eta halakoak izaten direlako askotan».
Dena dela, hate-watching-a ez dago soslai psikologiko zehatz bati lotuta: «Ez da gustuko ez duzun zerbait ikustea soilik. Edukiak sortzen dizkizun emozioetatik askatzea zaila delako jarraitzen duzu horri begira. Batzuetan komunitate osoak identitate komunak sortzen dituzte irriaren, mespretxuaren edo jazarpen obsesiboaren bidez».
Otañoren ustez, gorrotozko iruzkinen eta pertsona horien oinarrian «morbo puntu bat» dago: «Sare sozialetan maitasunak zein gorrotoak eragiten dute arreta. Indiferentzia dagoenean, berehala ahazten duzu bideoa; gustuko edo gorrotagarri egiten zaizunean, ordea, geratu egiten zara ikusten».
Gorrotoa datuetan
Gorrotoa ez da unean uneko erreakzio bat, hala ondorioztatu du Vizcainok ikerketan: «plataforma bakoitzera moldatzen den egitura egonkor bat da, emozio komunetan oinarritua». Horien arteko aldeak nabarmenak dira, eta ikerketan argi ikusten da sare sozial batzuk besteak baino gehiago kutsatzen dituela gorrotoak. X sare soziala da ingurunerik erasokorrena: «Iruzkin negatiboen %55,5 hor aurkitu genituen. Diskurtso ideologiko polarizatuak eta erantzun azkarrak dira nagusi; %15,8 guztiz toxikoak dira», azaldu du Vizcainok.
Youtuben antzekoa da iruzkin negatiboen ehunekoa (%46), eta toxikotasun maila ere parekoa da (%15,7). Aldea, ordea, formatuan datza: «Iruzkinak luzeagoak eta landuagoak izaten ziren. Gainera, diskurtso arrazoituz kamuflatuta agertzen ziren erasoak, baina, nire iritziz, funtsean sortzailearen aurkako deskalifikazio pertsonalak, haren gaitasuna zalantzan jartzea edota iseka zeuden», ondorioztatu du ikertzaileak.
Tiktoken, berriz, eta «harrigarria bada ere», iruzkin positiboak nagusitzen dira (%62,6), eta toxikotasuna apalagoa da (%10,5). Badirudi publiko gazteagoak eta bideo laburren formatuek interakzio arinagoak sustatzen dituztela. Hala ere, ez da bortizkeriarik gabeko eremua; hala azaldu du ikertzaileak: «Badaude iruzkin negatiboak, baina sarritan inpultsiboak, laburrak, ironikoak edo umoretsuak izaten dira, eta askoz gutxiagotan lotzen dira gorroto antolatuarekin».
«Pentsatzen nuen Tiktok zela toxikoena, kontu anonimo gehiago daudelako. Baina iruzkin txar gehiago jaso ditut Instagramen bideoak igotzen hasi naizenetik; batzuk, gainera, euskararen ingurukoak izan dira»
LUMA OTAÑO Eduki sortzailea
Instagram, azkenik, «eremu anbibalentea da». Argitalpenetako iruzkin publikoek positibotasun ehuneko handi samarrak erakusten dituzten arren, influencer-ekin hitz eginda eta dinamika kualitatiboak aztertuta argi geratzen da intentsitatea mezu pribatuetan kontzentratzen dela. «Sortzaile askok azaldu dutenez, mezu pribatuen bidez jasotzen dituzte kritika pertsonal gehienak, euren bizitza pribatuari buruzko presioak eta gehiegizkoak iruditzen zaizkien arreta eskaerak». Beraz, gorroto publikoa ez da horren ikusgarria; isilagoa da Instagramen, eta sortzaileek bakarrik hautematen dute.
Otañok bere larruan bizi izan du Tiktoken eta Instagramen arteko aldea: «Nik pentsatzen nuen Tiktok zela toxikoena, kontu anonimo gehiago daudelako. Baina iruzkin txar gehiago jaso ditut Instagramen bideoak igotzen hasi naizenetik; batzuk, gainera, euskararen ingurukoak izan dira». Horrek algoritmoaren funtzionamendua ere elikatzen duela uste du: «Agian ez dira konturatzen, baina nire edukiarekin elkarreragina dutenean —iruzkin txarren bidez bada ere—, algoritmoak nire bideo gehiago erakutsiko dizkie». Beraz, Otañoren aburuz, «ez dut uste» esaldiak ez du zentzu handirik bere horretan.
Ondorio psikologikoak
Gorrotozko iruzkinek, kritika soilak baino gehiago, plazera edo interes adiktiboa eragin dezakete eduki negatiboetan. Vizcainoren ikerketak erakusten du gorroto masiboak ziberjazarpenarekin lotutako ondorio psikologikoak sor ditzakeela: «Antsietatea, ernetasun handia, nekea eta erru sentimendua. Influencer askok dena emateko beharra sentitzen dute, eta neke mentala eragiten du horrek».
Ondorio ohikoenetako bat autozentsura da. Askok zer igotzen duten kontrolatzen dute ongizatea zaintzeko. Horrela egin du Otañok ere: «Nire osasun mentala jokoan badago, horretan pentsatu izan dut lehenik. Gauza guztien gainetik dago nire osasun mentala». Era berean, bideoen aurretiazko prestakuntzaren garrantzia nabarmendu du: «Sare sozialetan modu kontzientean ibiltzen saiatzen naiz, beti modu asertiboan komunikatzen. Lehentasuna ematen diot nire osasun mentalari, eta horrek laguntzen dit edukia modu positiboan sortzen».
Prebentzio neurri guztiak hartuta ere, ez dago gorroto digitala kontrolatzeko formula errazik. Vizcainoren arabera, lehen pausoa mugak argi ezartzea da: «Zer partekatu nahi den eta zer ez argi ez badago, arazoak agertzen dira». Plataformek ere rol aktiboagoa izan behar dute: «Ezin dira neutraltasunez mozorrotu; beren diseinuak baldintzatzen du zer ikusiko den eta zenbat denboraz ikusiko den». Horregatik, beharrezkoa da toxikotasun sotila detektatzeko tresnak hobetzea, algoritmoen gardentasuna handitzea eta sortzaileei laguntza psikologikoa eskaintzea.
Euskal kritikariak
Alor askotan, euskal sortzaileen errealitatea ez da beste batzuena baino hobea. Otañok euskarazko edukiaren aldeko apustua egin zuen hasieratik: «Euskaraz bizi naiz, eta hala egiten ditut nire bideoak. Euskararen inguruko kritikak jasotzen ditudanean, ahalik eta modu egokienean saiatzen naiz hartzen; gehienetan era positiboan esaten dizkidate gauzak».
Hala ere, euskarazko edukiaren inguruko kritikek ñabardura bereziak dituzte: «Zuzentzea ondo dago, baina modu asko daude zuzentzeko. Batzuetan, modu bortitzean egiten dituzte kritikak, eta horrek bideoak euskaraz sortzeko gogoa kentzen die askori. Euskararen alde gaudela esaten dugu, baina, sarritan, gu bihurtzen gara gure hizkuntzaren etsairik handienak».
Halako eta bestelako kritikei aurre egiteko hezkuntza digital integrala defendatu du Vizcainok: «Ez da nahikoa ‘ez iraindu’ esatea. Galdera sakonagoak planteatu behar ditugu: zer eskubide dugu, gure ustez, sarean agertzen diren pertsonen bizitzari dagokionez? Nola adierazi dezakegu desadostasuna etsai bihurtu gabe?».
Otaño sare sozialen bidez hezten ari da, eta, mundu digitalean dagoen gorrotoa gorabehera, ez da damutu edukiak sortzen jarraitu izanaz: «Alde txarrak badaude, baina alde onak ere bai. Garrantzitsua da kontzientzia edukitzea eta osasun mentala lehenestea. Edukia modu txukunean sortzen saiatzen naiz, eta lasai nago».