Proposamena

Hau da euskal diseinua

This is Basque Design artisautza eta diseinu azoka egingo dute Bilbon, bihartik igandera, Azkuna zentroan. 30 bat sortzailek hartuko dute parte.

This is Basque Design azokaren aurreko ekitaldi bat. AZKUNA ZENTROA.
This is Basque Design azokaren aurreko ekitaldi bat. AZKUNA ZENTROA.
enekoitz telleria sarriegi
2026ko azaroaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egiten dira artisautza azokak ingurune urbanoetan, eta euskal diseinua izan liteke jendarteko feria batean elementu oso erakargarria. Bilboko Azkuna zentroko Kulturen Atarian, bertako zutabe garai, kristalezko erakusleiho eta gune ikusgarrien artean egingo dute bihartik igandera This is Basque Design azoka (Hau da euskal diseinua). Bada Azkuna zentroan DendAZ izeneko gune bat, tokiko diseinatzaileei tokia egiten diena, plaza bat ematen diena beren produktuak ezagutarazteko, eta saltzeko. Urtean bitan, ordea, azokarako jauzia egiten dute dendatik, eta euskal diseinuaren merkatu bihurtu.

«Merkatua topagune bihurtzen da, eta publikoak bertatik bertara ezagutzen ditu proiektu bakoitzaren atzean dauden istorio pertsonalak eta profesionalak», nabarmendu dute antolatzaileek. 30 bat sortzaileren proiektuak bilduko dituzte Kulturen Atarian: moda, bitxigintza, dekorazioa, osagarriak, jostailuak, liburuak, ilustrazioa eta papergintza barne hartuta. «Haien arteko desberdintasunak gorabehera, proposamen guztiek filosofia bera dute: diseinua ulertzen dute tokian errotutako eta kalitatearekin, artisautzarekin eta jasangarritasunarekin konprometitutako praktika gisa», azaldu dute antolatzaileek.

Tailerrak ere bai

This is Basque Design ez da Euskal Herrian ingelesezko izena daraman beste azoka bat bakarrik. Ehungintzako materialekin eta biomaterialekin esperimentatzeko eta sorkuntza iraunkorreko forma berriak aztertzeko tailer parte-hartzaileak ere biltzen ditu. Bokashi estudioko artistek emango dute bat: Txataletik kuxinera: esploratu eta eraldatu. Aritz Antolin bizkaitarrak emango du bestea: Materia bizia: Biomaterialen laborategia. Lehenengoa ostiralean (17:00) eta larunbatean (11:00) emango dute. Oihal berreskuratuetatik abiatuta, kuxinak sortuko dituzte zigiluekin estanpatzeko teknikaren bidez. «Aukera ederra da ehungintzaren mundura hurbiltzeko, hura berrikusteko eta sormenez adierazteko gai potentzial bat baita: kolorearekin eta ehundurekin esperimentatu, formekin jolastu, estanpatu, sortu, eraiki eta amestu», nabarmendu dute.

Ariz Antolin arkitekto eta diseinatzaile sestaoarrak igandean emango du bere tailerra (11:00). Biomaterialekin arituko dira lanean, jatorri organikoa duten osagaiekin lan egiten ikasiko dute, eta elaborazio teknika ezberdinak aztertu: «Gelatinekin eta algekin egindako materialekin esperimentatuko dugu, eta ezagutuko dugu horien konbinazioek eta eraldaketa prozesuek era askotako testurak eta malgutasun mailak sortzen dituztela». Materialak ulertzeko modu berri bat aztertuko dutela nabarmendu dute: «Elementu dinamiko gisa eboluzionatu, eraldatu eta denborarekin alda daitezkeenak, ingurunearekin etengabeko harremanean».

Azokaz eta tailerrez gain, modak eta arte digitalak ere izango dute tokia. SKFK moda enpresak Materia eta artisautzatik pasarelara desfilea ondu du, Bartzelonako Fashion azokan aurkeztutako bildumako piezekin. Eta azokak irauten duen bitartean, Bideotikan proiektua emango dute Azkuna zentroko Eguzkiaren Pantailan.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA