Hedabide bat sortuko dute Uribe Kostan, daudenak batuz

Hiruka komunikazio taldea sortuko dute, urtarrilean.Hilaren 22an, 'UK' aldizkariak azkeneko zenbakia argitaratuko du

UK aldizkariak hilaren 22an argitaratuko du azkeneko zenbakia. BERRIA.
urtzi urkizu
2014ko abenduaren 5a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Bizkaiko Uribe Kosta eskualdean lanean ari diren euskarazko komunikabideak elkartu egingo dira urtarrilean, Hiruka komunikazio taldea osatzeko. Horretarako, komunikabideetako ordezkariak euskalgintzako eragileekin elkartu dira azkeneko hilabeteetan. Horrenbestez, UK paperezko aldizkariak abenduaren 22an argitaratuko du azkeneko zenbakia: 263.a, hain zuzen. Ukberri.net agerkari digitala desagertu egingo da abenduaren amaieran, eta, urtarriletik aurrera, Hiruka taldearekin plazaratuko dituzte edukiak formatu ezberdinetan.

Ziortza Merino Hiruka-ko kudeatzaileak azaldu duenez, duela bi urte Uribe Kostako irrati euskalduna sortzeko asmoz bildu ziren euskal komunikabideetako (UK, Ukberri.net) ordezkariak euskalgintzako eragileekin. «Koska irratiak bere bidea amaitutzat eman zuen, eta, Jaurlaritzak irrati lizentziak banatzeko lehiaketa abian zuela ikusita, aurkeztu genuen Justuri irratiaren proiektua». Lizentzia ere lortu zuen Justuri irratiak behin-behineko banaketan, baina lehiaketa bertan behera gelditu zen. Epaitegietan da orain lehiaketaren afera, eta bi urte pasatuko dira Jaurlaritzak lehiaketa berria martxan jarri arte.

«Bitartean, eskualdeko hedabide biek aurrerapausoa eman eta bestelako garapen bat behar genuela ikusita, erabaki genuen, indarrak batuz, Uribe Kostarako komunikazio talde osatu, integral, sendo, indartsu, multimedia, kalitatezkoa eta erakargarria eskaintzea», esan du Merinok. Talde hori izango da Hiruka. Herritarrei aurkeztuko diete proiektua datozen egunetan —atzo egin zuten lehen aurkezpen bilera, Lemoizen—.

Uribe Kostako euskarazko komunikabideetako kideek urte asko daramatzate lanean: 1995ean sortu zen Bizarra Lepoan aldizkaria —soilik Getxorako—. Handik lau urtera sortu zen UK, Uribe Kosta osorako eta Erandiorako. Ukberri.net agerkari digitala, berriz, 2003an sortu zen, eta 11 urteotan 20.000 istorio baino gehiago argitaratu dituzte.
Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA