Festaz gain zientzia ere badago. Helburu hori lortzeko, hainbat esparrutako zientzialariak elkartu zituen Ignacio Lopez-Goñi Nafarroako Unibertsitateko Zientzien Museoko zuzendariak (Iruñea, 1962). Horren emaitza La ciencia en blanco y rojo erakusketa da, Espainiako zientzia eta teknologiarako fundazioak finantzatutakoa. Baina areto batean geratu beharrean, kalera atera da: Iruñeko markesinetan ikus daitezke informazioz jositako kartelak.
Zer gertatzen da suziriaren metxa pizten denean?
Potasio nitratoak leherketarako behar den oxigenoa eratzen du, eta karbonoak eta sufreak leherketa eragiten dute. Gas metaketa bat gertatzen da: akzio-erreakzioa. Gas guztiak konprimatuta daude, eta horrek suziria gorantz ateratzea eragiten du. Beste metxa bat ere badu barruan, leherketa 500 eta 1.000 metro artean dagoenean gerta dadin.
Zer alde dago itsas olatu baten eta Udaletxe plazan dagoen jendearen artean?
Ez da oso desberdina. 11:30etik aurrera metro karratuko lau pertsona baino gehiago elkartzen dira. Bertan ez dira bultzadak gertatzen; fluido bat balitz bezala funtzionatzen du. Ez da mugimendu kaotikoa, koordinatua da, olatuak mugitzen diren bezala.
San Fermin santua ere ikertu duzue. Nola uztartu dituzue erlijioa eta zientzia?
Hori izan da erronka. Teorian San Fermin bizi izan zen garaian hiria nolakoa zen ikertu dugu, k.a. III. mendean. Eta mito bat ere aipatzen dugu: San Fermin santu beltzaran moduan ezaguna da, haren azal ilunagatik; denborarekin herdoilduz joan den egurrean erabili zen bernizagatik da iluna.
«Zezenek begietan zelula bastoi gehiago dituzte zelula konoak baino; lehenengoekin mugimendua detektatzen dute. Beraz, zezenak mugimenduak hauteman egiten ditu gehiago»
Entzierroa etengabeko mugimenduan dagoen zientzia da?
Bai. 2006tik ibilbideko zati batzuetan irristagaitza den produktu bat erabiltzen da. Abantaila da zezenak gutxiago erortzen direla, baina desabantaila da orain entzierroak azkarragoak direla. Eta dentsitateak duen eragina ere aztertu dugu: pertsonen dentsitatea handitzen denean abiadura murrizteko joera dago, normala den bezala. Baina zer gertatzen da bi adar dituen estimulu bat atzean duzunean? Korrikalariek urratsak luzatzen dituztela eta azkarrago joateko joera dutela: eta erori egiten dira.
Kolore gorria zezenentzat erakargarria dela mito bat da, ezta?
Bai. Zezenek begietan zelula bastoi gehiago dituzte zelula konoak baino; lehenengoekin mugimendua detektatzen dute. Beraz, zezenak mugimenduak hauteman egiten ditu gehiago, eta kolore gorria ez du ikusten: dena berdexka ikusten du. Zezena, berez, ez da animalia harraparia; bere burua defendatzen du soilik.
Nola lortzen da 4 metro neurtzen duen erraldoi bat ez iraultzea?
Laguntza eskatu genion Ibon Laspeñasi, erraldoien eta buruhandien konpartsako presidenteari, eta dantzatzeko eskatu genion, erraldoi bat eramanez nola dantzatzen den ikusteko. Erraldoiaren grabitate zentroa beti euskarri oinarriaren barruan egotea lortu behar da. Zibak bezalakoak dira: zenbat eta abiadura handiagoa hartu, orduan eta zailagoa da erortzea; moteltzen doanean, berriz, erori egiten da. Bat-batean gelditzea da gakoa.
Zer gertatu behar da zerua urdin koloreko su artifizialez betetzeko?
Su artifizialak kimika hutsa dira. Su artifizialetan, txupinazoan erabiltzen diren nitratoaz eta karbonoaz gain, metal gatzak ere erabiltzen dira. Bolbora pizten denean bero kantitate handia sortzen du, eta energia horrek atomo metalikoen elektroiak kitzikatzen ditu, energia maila handiagoetara jauzi egiten baitute. Jatorrizko egoerara itzultzean, energia askatzen dute argi moduan. Argiaren kolorea erabili den gai kimikoaren arabera aldatuko da: kobreak tonu urdinak sortzen ditu, eta zailagoa da hori lortzea tenperatura jakin batean egon behar duelako.
Eta urdin koloreko bihotz bat egiteko?
Formak lortzeko elementu guztiak hartu behar dira —hala nola karkasa, kartoizko hodia eta elementu kimikoak dituzten izar piroteknikoak—, eta lortu nahi duzun forma eman behar zaie. Elementu horiek bihotz moduan jartzen badira, goian lehertzen direnean bihotz bat agertuko da.
«Argiaren kolorea erabili den gai kimikoaren arabera aldatuko da: kobreak tonu urdinak sortzen ditu, eta zailagoa da hori lortzea tenperatura jakin batean egon behar duelako»
Sanferminetan isilune gutxi izaten dira Iruñean, ezta?
Egunean 15 orduz gutxienez musika dago hirian barna: txarangak, gaiteroak, kontzertuak, tabernak... Abesti bakoitzak bere DNA du, tonuaren, harmoniaren eta melodiaren arabera.
Zein da Gaixoa ni abestiaren DNA musikala?
Gaixoa ni abestiaren gauzarik garrantzitsuena tonua da. Soinua zuzenean garunera iristen da, eta hor dopamina askatzen da. Musikak zerbait gogorarazten dizu edo emozionalki eragiten dizu; negarrez has zaitezke.
Sanferminak zientifikoki ikertzeko aukera dago, beraz?
Bai. Zientziaz hitz egiteko aitzakiak behar ditugu, eta sanferminetan ere zientzia dago; jaiei beste modu batean begiratu nahi genien. Helburua da zientzia kalera eramatea, sanferminak bizi diren lekura.
Sanferminak ikusteko zenuen modua aldatu da?
Bai, orain arretaz begiratzen dut dena. Niretzat zirraragarria izan da, asko ikasi dudalako nire hiriaren inguruan.
LOTSABAKO