Ane Ablanedo. Irakaslea

«Hemen, herriak badu sena; guri politikak egiten digu huts: ez dakigu egiten»

'Publiko, pribatu...? Hezkuntza sistema propioa: Estatuaren beharra' hitzaldia emango dute Ane Ablanedok eta Naroa Anabitartek gaur Iruñean, Orreagak eta UEUk antolaturiko hitzaldi zikloa amaitzeko.

IDOIA ZABALETA.
Edu Lartzanguren.
2012ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Ane Ablanedo (Iruñea, 1973) irakaslea da. Publiko, pribatu...? Hezkuntza sistema propioa: Estatuaren beharra hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Condestablearen jauregian (Iruñea), Naroa Anabitarte irakaslearekin batera. Orreagak eta UEUk antolaturiko Herria, hizkuntza, hezkuntza: estatua zikloko azken saioa izango da. Paperezko BERRIAn gaur argitaraturiko elkarrizketaren bertsio osoa duzu hau.

Euskal eskola publikoaren aldeko aldarriak asko zabaldu dira urteotan. Diskurtso arriskutsua da zuen ustez?

Estatua behar dugu, geure hezkuntza sistema berma dezakeen erakunde bakarra estatua baita. Gainerako guztiak erdibideak dira. Inperialismoari komeni zaion toxikazioak sartu digu publiko/pribatu dikotomia hori. Guretzat horrek ez luke zentzurik izan behar. «Ikastolak pribatuak dira, publikoaren alde egin behar da», esaten dute, ahaztuta publikoa, berez, espainiarra dela, nahi eta nahi ez. Guk ez dugu dikotomia faltsu horretan sartu nahi; jendeari ohartarazi nahi diogu ez dugula hezkuntza sistema propio bat. Herriak erakunde indartsua — ikastola — sortu zuen, herriarentzat, beraz denona eta publikoa, publikoa izatearen esanahia hori baita, denona izatea. Eta estrategiarik ez dugunez, hor inbertitutako indar guztia ia arbuiatzera heltzen ari gara, eta Estatuek proposatzen digutenaren alde egiten dugu.

Horrek ez al gaitu gurpil zoro batean sartzen? Hau da, estatua izan arte ezin sistema publikoa izan, baina bitartean, ezin erabili dagoena estatua erakitzeko.

Herri honek izango balu menderatua den kontzientzia , argi luke oraingoa ez dela euskal sistema publikoa eta izen hori ere ez lioke jarriko. Erabil genitzakeen zirrikituak, baldin eta estrategia bat bagenu. Horrela engainatzen dugu geure burua, sistema horren barruan eroso, erreformatxoak egiten, euskaldunagoa - edo egin ahal izango dugulako esperantzan. Hori ez zaigu bakarrik hezkuntzarekin gertatzen , jakin gabe Inperialismoak ez duela behin ere utziko gu suntsitzeko eraturiko erakunde horiek geuk geure alde erreformatzerik.Herri hau gaixo dago, ideologikoki ahula da. Ez du ikusten etengabe sartzen dioten ziria.

Botikak berriz ordaintzeko mehatxuarekin asaldatzen gara, baina zenbat guraso euskaldun ari dira, gaur bertan, hezkuntza berriz ordaintzen?

Espainiaren publikotasuna ezin da geurea izan, herri menderatzailearena delako. Geure publikotasuna bahituta du, eta alde horretatik begi-bistakoa lapurtu egiten digutela. Sartu diguten beste toxikazioa: Ezkerrekoak behar dugu izan, heziketak publikoa izan behar du, aurrerakoiak izango bagara... Konturatu gabe zapalduriko herri batean lehenengo zapalkuntza nazionala dela. Hori askatu behar dugu, gero ikusiko dugu zein forma eman. Gainerakoak etsai menderatzailearen trikimailuak dira . Hezkuntza publikoan dabiltzan irakasleei zer esango zenieke? Garrantzitsua da jakitea neu ere publikoan nabilela, Iruñeako institutu batean. Baina ongi dakit, hor egonagatik eta hor nagoelako hain zuzen ere, Administrazio kolonialaren sukurtsalak baino ez diren “gure” erakunde hauek proposatzen diguten hezkuntza eredua ezin dela geurea izan. Ez digute benetan geure egiten utziko, menderatzailearen etxe barnean menderatzailea akabatze ez duelako inoiz permitituko! Noski, ni ere saiatzen naiz nire ikasleak abertzaleak izan daitezen eta euskara maita dezaten. Ahal dena egin behar da, baina hori erdibidea da. Ezin da barrutik aldatu. Gurea sortu behar dugu, eta hori soilik estatu baten bidez egin daiteke.

EAJko Joseba Egibarrek hauteskunde kanpainan esaten zion EH Bilduri «estatua sortu behar dugula, ados. Galdera da, nola?».

Estatua ez dugu sortu behar, estatua badugulako. Sortu genuen, eta ez diogu inoiz horri uko egin, eta ez diogu inoiz zilegitasuna eman beste estatu bati. Gure estimua asko handituko litzateke jendeak hori argi izango balu. Independente izan ginen. Izan genuen Estatua, aktibatu besterik ez dugu behar. Baina hori estrategia batean txertatu behar da. Herriak sena izan badu, ikastolak sortzen erakutsi zuen, esaterako. Guri politikak egiten digu huts, ez dakigu egiten. Lehenik eta behin komeni ez zaiona egiteari utzi egin behar dio Herriak. Hori egiteko ere prest ez dagoen Herriari ezin zaio konponbidez mintzatu, hor hasiko baitzaio konponbidea irekitzen, egin behar ez duena egiteari uzten dionean.

Nola egin beharko genuke, beraz, politika?

Estatu batek dituen osagaietatik, gobernua falta zaigu guri. Kontua hemen ez da independentzia aukera bat dela eta ea horretarako aukera edo eskubidea ematen diguten. Hemen estatu menperatu baten eta estatu menperatzaile baten artekoa da gatazka. Gatazka termino egokietan planteatuko luke geure erakunde propioak sortzeak. Hemen herri zanpatu eta okupatu bat dago, eta estatu okupatzailea; eta ez sentsibilidade ezberdineko euskaldunek eta espainiarrek osaturiko komunitate bat. Autodeterminazio eskubidea hori da: aske izatea orain, baldintzarik gabe. Hori aurrera eramango duen erakundea behar dugu, benetako politika egingo duena. Ez da amets egitea, oraingo politikan sinestea da amets egitea.

Kataluniako dinamikan ikusten duzu Euskal Herrirako adibideren bat?

Katalunian, Euskal Herrian orain ez bezala, gizarteak hartu du buruzagitza. Politikariak ez badaude kalean eskatu dutenaren mailan, agur esango diete. Hemen, berriz, gure konfiantza osoa eman diegu politikariei. On beharrean arituko dira, agian, baina ez dira herriak eman egin dien eginkizunaren alde egiten ari. Ondorioz, herri honek gogoa, kemena eta mobilizazioa galtzen ari da. Emaitzarik ez dakarren erresistentzian luzaroan aritzeak hori dakar. Etsaiak badaki. Bere estrategiaren barnean dago gu nekatzea eta amore ematea. Independentzia ez da aukera bat, denon artean erabaki beharrekoa. Behar bat da, herri bezala biziko bagara. Hori gabe lortuko dugula pentsatzea Los mundos de Yupi-n bizitzea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.