Berriki ireki duen botigaren beroan kazetariaren zain egon da Ion Hourcade (Donibane Lohizune, Lapurdi, 1997). Dendaren aitzinaldea zurezkoa da, eta barnean ere ez da falta zurak negu betean dakarren goxotasuna. Akiloukap serigrafia duten jantziak apaletan ageri dira ontsa altxaturik. Haien ondoan, berriz, ahuntz esnearekin ekoitzi zortzi xaboi mota ageri dira, mota bakoitza bere saskian ontsa lerrokaturik, eta jantzien marka berekoak. Hourcade ottoren zurezko etxolan hasi zen xaboi karratu ttipiak ekoizten, eta geroztik haren ahuntz esnearen ekoizpen guzia xaboiak egiteko baliatzen du. Xaboi naturalaz aparte, bertzeak hainbat oliorekin usainoneztatzen ditu. Eguberriko salmentaz eta «lan handiaz» pausatzeko bakantzak hartuko ditu fitesko.
Eguberriak bukatu berri dira; azken aste hauek nola iragan dira dendan?
Ontsa iragan dira, zinez. Eguberriz, aurten gehien saldu duguna trikotak izan dira. Burukoak, trikotak eta oro har jantziak ontsa saldu ditugu. Eguberrietarako sortu ditugun beroki serigrafiatuak ere biziki ontsa joan dira. Beraz, kontent gara aurtengo salmentez.
Izan ere, xaboiez gain serigrafiak ere sortzen dituzu. Lekuko oihalarekin lan egitea da zuen helburua?
Kotoia ez da hemengoa momentuz. Ohartu gara hemengo ekoizpenekin ekoitzi oihala ez dela eskuragarri izaten ahal jende gehienentzat. Kotoi ekologikoa da baliatzen duguna, baina Bangladeshtik dator. Momentuz arropetan marrazkiak eta serigrafiak bakarrik nihaurek egiten ditut, baina ari gara pentsatzen artilea eta kalamua nahasiz zer motatako lehengaia atera daitekeen, ondotik horrekin lan egiteko.
Xaboiak, aldiz, zure ahuntzen esnearekin egiten dituzu.
Esne guzia kosmetikan baliatzen dut. Hemengo mozkinekin egin kosmetika ekoitzi nahi dugu, eta xaboiaren ekoizpenak horretarako bide ematen du. Gorputzerako kremetan eta xanpuetan, berriz, kontserbagarri kimikoak eman behar dira derrigorrez, eta ez da batere nik nahi dudana. Badu urte bat xaboiaz aparteko kosmetika naturalak egiteko formakuntza hasi dudala, eta nahiko nuke sasoi guziz produktu berri bat atera, ahalaz.
«Gorputzerako kremaren eta xanpuen kasuan, kontserbagarri kimikoak eman behar dira derrigorrez, eta ez da batere nik nahi dudana»
Dendan zortzi xaboi mota dituzu.
Xaboi naturalaz gain, eztiarekin, lore zangogorriarekin eta arrosarekin egiten ditugu, bertzeak bertze. Gerezi xaboi bat ere badugu, baita izpikarekin egin mota bat ere. Arrakasta handiena duen xaboia eztiarekin eginikoa da, haurrentzat eta adineko jendearentzat erabilgarria baita.
Nola hasi zinen xaboiak ekoizten?
Youtubeko tutorialen bidez hasi nintzen xaboiak egiten, etxean. Gasna ez dut maite, eta, beraz, ez dut sekula egin. Luzaz xerkatu dut zer egin nezakeen gasnaz aparte, eta erabaki nuen xaboiak egitea. Ene ottoren zurezko etxolan hasi nintzen, Suhuskunen.
Nola fabrikatzen da xaboia?
Biziki erraza da. Sinpleki: esentzia olioak, oliba olioa eta soda kaustikoa nahasten dituzu esnearekin. Xaboia batuketa horren emaitza da.
Luzaz kontserba daiteke xaboia: hori du abantaila.
Bai, ez da beste produktu kosmetikoak bezalakoa. Ez baduzu berehala saltzen, ez da larria, berantago sal dezakezu, ez baita produktu kimikorik barnean. Soda kaustikoa kontserbagarri naturala da, azken finean, eta arazoa da ez dela sartzen ahal gorputzarendako egin beste kosmetiko batzuetan —hots, esne edo kremetan—, materiari gogortasuna ematen diolako. Kontserbagarri naturalak atzematea da erronka, xaboiaz aparteko produktuak egin ahal izateko.
«Kontserbagarri naturalak atzematea da erronka, xaboiaz aparteko produktuak egin ahal izateko»
Lekuko xaboia kontsumitzea jendearen usaietan sartu da?
COVID-19az geroztik jendearen kontsumitzeko manera anitz aldatu da. Merkatuetan saltzen hasi nintzelarik egoera zaila zen, jendeak ez zekielako hemengo esnearekin xaboia egin daitekeela. Enpresa batzuk hasi ziren jadanik xaboiak egiten —Baigorrin, adibidez—, eta uste dut pixkanaka-pixkanaka jendea konturatu dela lekuko lehengaiekin kalitatezko kosmetika egin daitekeela.
Merkatuetatik aparte botiga ireki zenuten Donibane Garazin, leku finko bat atzeman zenutelako salmentarako.
Dendaz biziki kontent gara. Urte osoan irekitzen dugu, eta hemengo jendearekin lan egiten dugu. Ez dugu turistekin lan egiten, ez baitzen hori gure helburua: Donibane Garazira jiten den turista euskal bixkotxa eta xingarra erostera jiten da, ez du xaboirik erosten. Hemengo bezero sarea osatu dugu, eta, gainera, badugu erregularki jiten den jendea.
LOTSABAKO
Zure xaboi gustukoena? Naturala.
Dendako arropa maiteena? Ekoitzi genuen lehen tixerta.
Akiloukapen hurrengo desafioa? Bertako oihala baliatzea eta kosmetikaz gehiago ikastea.