Hemingwayren arrastoari segika

Aurten ehun urte bete dira idazle estatubatuarra lehenbizikoz Iruñera etorri zenetik. Sanferminekin maiteminduta, 1926an 'Fiesta: Eguzkia jaikitzen da' eleberria idatzi zuen. Jaien izaera kanpotik azaldu zuen, baita ospe handia eman ere.

Marceliano etxea 1993an itxi zen, eta egun udalaren eraikina da. Bertan gizon batzuk, atarian. IDOIA ZABALETA / @FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2023ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Aurten ehun urte bete dira Ernest Hemingway estreinakoz Iruñera etorri zenetik. Egonaldi hark betirako maitemindu zuen idazle estatubatuarra sanferminekin, eta, aldi berean, Fiesta: Eguzkia jaikitzen da eleberriak nazioarteko proiekzioa eman zien festei, Iruñea eta Hemingway betirako lotuz. Hark utzitako lorratza oraindik ere nabari da Alde Zaharreko hainbat txokotan. Iruñeko Udalak bisita gidatuak antolatu ditu aurten, baina BERRIAk bere xumean nahiago izan du, Kike Diez de Ulzurrun cicerone gisa harturik, Hemingwayren arrastoari bere kabuz segitzea.

Sanferminek betidanik izan dute beren xarma. Hemingway jaio zen urtean, 1899an, Iruñeko Udalak nazioarteko prentsarentzat baimen bereziak eman zituen, XIX. mendearen hondarrean jaiak jada halako oihartzun bat zuen seinale.

1923an, Gertrude Steinen gomendioz ailegatu zen Iruñera Hemingway, ordurako haurdun zegoen Hardley Richarson emaztearekin batera, The Toronto Star egunkariarentzat idazteko asmoz. «Zoriontsu eta osasuntsu gaude, eta lau egunez Pampaluna-ra joango gara, zezenketetara», idatzi zion sendiari.

Iruñea txikia zen. 32.000 biztanle inguru zituen, eta hirigunea inguratzen zuten harresiak eraitsi zituzten aurreko urteetan. Uztailaren 6an iritsi ziren gauez. Telegramaz logela erreserbatua zuten La Perla hotelean, baina ez zieten logelarik gorde, eta azkenean Eslava kaleko bosgarrenean amaitu zuten. Garai hartan pentsio bat zegoela dioen kartela dago bertan jarrita, nahiz eta han soilik gelak alokatzen zituzten.

Iruñean Hemingwayri buruzko aipuak ezagutzen ditu Diez de Ulzurrunek. «Esaten dutenez, balkoira atera eta jende asko ikusita galdetu zuen: 'Zer da ba?'. Jendea entzierroa ikustera doala erantzun zioten». 1923an eguzkiarekin batera bizi zirenez, 06:00etan egiten zen entzierroa.«Haiek bazekiten jaia zegoela Iruñean, baina ez entzierrorik bazenik».Esperientzia hark markatu egin zuen idazlea. «Gure bizitzako aste hoberenetik itzuli berri gara». Urrian kazetarentzat idatzitako artikuluan deskribatu zuen entzierroa: «Taldeka, beltz, distiratsu, ilun, adar puntak airean, buruak astinduz...».

Entzierroaz, euskaraz

Garai hartan egin zen hura baino deskribapen hoberik. Bost urte lehenago, 1918an, Iruñeko egunkari batentzat idatzi zuen euskaraz Agustin Irigarai Apat kazetari iruindarrak, eta Diez del Ulzurrunek jaso du pasarte bat: «Estafetako karrikan... Han zen jendeketa! Baina nik beldur gutxi; nire ondokoak, berriz, denak dardarka. Halako batean, murmur handi bat egin zen. Orain, orain, heldu dira zezenak! Ni, berriz, tirripiti-tarrapata aztalekin ipurdia jotzen nuela, laster plazarantz. Izerdi patsetan, bat-batean, hesian kopetaz jo nuen, eta lurrera biribil-biribila erori nintzen. Ama maitea, hiltzear nago, salba nazazu! Zezenak gainean ditut... Hona hemen adarra! Adarra? Bai zera! Ez zen adarra, poliziaren esku-makila baizik ipurdian ziztatzen zidala. Eta zezenak oraindik oso urrun, Aiuntamentuko plazan».

Lehen bizipen hark idazle egin zuen Hemingway. 1926an idatziko zuen Fiesta eleberri ezaguna, berriki Koro Navarrok euskaratua. Alta, hura ez zen izan sanferminei buruzko lehen liburua. 1924an, Felix Urabaien idazleak El barrio maldito liburua izkiriatu zuen. Ulzurrungoa (Nafarroa) zen sortzez; Diez de Ulzurrunen abizenaren jatorria adierazten duen herrikoa, alegia.

Haren hitzetan, Hemingwayk festak kanpotik kontatu zituen bezala, Urabaienek barrutik azaldu zituen. «Deskribatu zituen garai hartako sanferminetako protagonistak oso ongi. Esaterako, tipikoa zen Gazteluko plazan bospasei txistulari bankuen gainean jarri eta bakoitzak sortzea bere dantza taldea». Diez de Ulzurrunen arabera, abian da liburua euskarara ekartzeko proiektu bat.

Hurrengo urteetan Hemingway Juanito Quintanaren lagun min egin zen. Hark Quintana hotela zuen Gazteluko plazan, eta bertan hartu zuen ostatu urte luzez. Alta, 1936ko gerraren eztandak, Mont-de-Marsango zezenketetan harrapatu zuen Quintana, eta errepublikaren aldekoa izaki, ez zen Iruñera itzuli—1941ean itzultzeko eskatu eta Donostian bizi izan zen gerora—. Hotela desjabetu zioten frankistek. Hemingway, berriz, gerran berriemaile izan zen, eta 1940an idatziriko For whom the bell tollsliburua zentsuratu egin zion diktadurak.

Alta, festekiko pasioa bere ideia politikoak baino indartsuago izan zen, eta 1950eko hamarkadan maiz izan zen idazlea Iruñean. Ordukoak dira Hemingwayri buruz Iruñeko memoria kolektiboan iltzatuta geratu diren pasarteetako asko. Askotan izaten zen, adibidez, Merkatu plazako Marceliano etxean —1993an itxi zuten—: «Juantxo ostatuaren jabeak beti kontatzen zuenez, gerra aurretik eta gerra ondorenean hona etortzen zen, batzuetan gaupasa eginda, besteetan ez. Bildotsa, bildoskia eta burua, eta gero ardo gorria edaten zuen, ez beltza», dio Diez de Ulzurrunek.

Haren esanetan, Hemingwayk jakin zuen festen izaera ulertzen: «Festek zerbait bazuten. Giro herrikoia zen, hurbila, kanpoko jendea hartzeko. Denok berdintzen gaituen gauza bat. Garai hartan ez zen txupinazorik, ez arropa zuririk. Kuadrilla bakoitzak bere janzkera, mandarra eta koloreak erabiltzen zituen festarako».

Ospea ere eman die festei. Urte luzez udalak eta hiriak atera izan diote etekina Hemingwayri. Diez de Ulzurrunen arabera, duela urte batzuk Alde Zaharra hemen ere Hemingway egon zen zioten plakez bete zen. Erreferentziaz gogaituta, Xabier karrikako tabako dendan buelta eman zioten aipu hari: «Hona ez zen Hemingway sekula etorri zioen plaka jarri zuen», gogoratu du barrezka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.