Udako seriea. Literatur ibilbideak (III)

Hernialde eta Alkiza bat eginez

Joxean Sagastizabal idazleak Hernialde eta Alkizako bazter-zokoetan kokatu zuen bere eleberri ezaguna. Bidaztia harbide berari lotuko zaio liburuko hainbat pasarte gogoratzearekin batera.

Hernialde atzean laga eta Alkizarako bideari oratuko diote ibiltariek. JOSEAN GIL-GARCIA
Hernialde atzean laga eta Alkizarako bideari oratuko diote ibiltariek. JOSEAN GIL-GARCIA
Josean Gil-Garcia.
Hernialde
2026ko uztailaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

 

Joxean Sagastizabal idazleak 1994an argitaratu zuen Kutsidazu bidea, Ixabel eleberria. Juan Martin gazte donostiarrak Hernialdeko baserri batean (Gipuzkoa) ostatu hartu, eta egunero joan-etorria egin behar izaten zuen Alkizako barnetegira (Gipuzkoa) euskara ontzeko asmoz. Ikasle horrentzat euskara arrotz izaki, indarka handiak egin behar zituen ataka horretatik ateratzeko, hau da, baserritarrek zerabilten mintzairaz jabetu ahal izateko. Haria galdu gabe, beraz, Sagastizabalek umore handiz eta maisuki harilkatu zituen hamaika bizipen eta pasadizo eleberrian zehar; izan ere, segituan topatu zuen bere musa: 1976an berak bizi izandako gorabeheretan oinarritu zen ildo narratiboa mardultzeko. Lehen lerrora makina bat autu-mautu ekarri zituen idazleak Juan Martin gazte kementsua bitarteko.

Ibilbide literarioak - Kutsidazu bidea Ixabel

Orduko literatura tristeen baratzea zen, Joxerra Garziaren hitzetan. Tenore horretan ez omen zegoen tradiziorik umorezko literatura irakurtzeko, eta, beraz, mesfidantzaz hartu zuten Sagastizabalen eskuizkribua. Idazlea ito-hurren izan gabe eta indarberrituta, bestelako ekarpena egin nahi izan zien euskal letrei. Osterantzeko erreferentzia moderno eta alternatiboagoa eskaini, alegia. Eleberriak barre algara franko eragin zituen. Euskaltegietan gehien irakurri den eleberria ere bilakatu zen. Euskaldun berriarentzat edota euskaldun berri izateko bidean zebilenarentzat errealitatetik hurbil idatzitako kontakizun dibertigarria eta errealista zen. «1980rako urte pare bat falta zela, uztaileko arratsalde sargori batean ailegatu nintzen zibilizazioaren azken portura: Tolosara». Horrela hasten da Juan Martinen ibilerak dakartzan kontakizun aparta.

Hernialdeko margolanak

Bai Alkizan eta bai Hernialden, inaugurazio ekitaldiak taxutu zituzten iazko martxo aldean, bi herriak lotzen dituen harbidearen berri emateko asmoz. Hala, Sagastizabalen eleberriko zenbait pasarte ezagutuko ditu bidaztiak irakurriz nahiz ibilian. Hernialdeko frontoiko hormak ere apaingarri hoberenak jantzita agertu dira aurtengo maiatzaren 10az geroztik. Arkaitz Uranga Luloaga margolariak hiru horma irudi diseinatu eta tankeratu ditu horma hotzetan, betiere Kutsidazu bidea, Ixabel eleberria aitzakiatzat hartuta. Urangak azaldu duenez, lehen margolanean omendu nahi izan dituzte baserritarrak. Haiek izan baitira hainbat urtetan ikasleei aterpe eman dietenak. Margolaria begi-tranpaz baliatu da haritzaren eta kareharriaren imitazioa gauzatzeko, baita baserriaren sarrera tentagarria irudikatzeko ere.

Hernialdeko muralaren aurtengo aurkezpen ekitaldia. JOSEAN GIL-GARCIA
Hernialdeko muralaren aurtengo aurkezpen ekitaldia. JOSEAN GIL-GARCIA

Bigarren artelanean, ordea, asto handi bat ageri da, hernialdetarrak ezagunak diren ezizenarekin lotura hertsia duena. Bekoz beko jarrita, astoaren buruak atentzioa emango du, handituta eta guztiz desitxuraturik ageriko baita. «Plazatik edo aparkalekuko sarreratik ikusi behar da astoa, nahitaez; izan ere, anaformismo teknika erabili dut ikuslea ikuspuntu jakin batean jarrarazteko», Urangak azaldu duenez.

Azken margolana frontoiko atzealdeko horman dago. Grafia edo sinbologia iberikoak erabili ditu Urangak, euskara ikasi nahi duen jendea eta ikasi nahi ez duena kontrajartzeko. Aurrealdekoa baino ilunagoa tindatzen da horma arrakalatua, tapiz osoa gris koloreak hartzen duelarik.

Hernialdetik Alkizara, oinez

Hernialdeko Santa Kruz apaizaren plazan hasiko du ibilbidea txangolariak. Alkizara doan harbideari oratu aurretik, herriko plazako ertz batean kokatutako mural batean informazioaz bapo jantziko da. Izan ere, zidorrak lotura du XX. mendean idatzitako eleberri ospetsuarekin. Euskal eleak eta landa kultura uztartzearen kariaz, beraz, hainbat gune prestatuta ageriko dira ibilbidean barrena, estakuru onak direla eleberriarekin bat egiteko.

Pilotalekuaren atzealdetik abian jarriko da oinezkoa. Elizburu kaleari men eginez, iparrera bideari oratu eta, Izarre ibarrera doan porlanezko bidea bazter egin ostean, Kalbariora doan bideari jarraitu. Hala, Urdanbideluzeaundi eta Urdanbideluzetxiki baserrien artetik igaro ostean, eskuineko bideari men egin eta, lau hortzeko sardeari jaramon eginda, kalbarioko gurutzeak altxatzen diren larrera iritsiko da. Ixabel eta Juan Martin liburuko protagonisten aurkezpena irakurtzeko parada izango du hor, lurrean etzanda dauden bi enbor landutan.

Galtzada moduko zidor batek jarraipena emango dio bideari. Alkizabideko harbidean aurrera egin eta metro gutxira, hurritzen eta pago lirainen errainu ilunean sartuko da. Galeria horretan aurrera egingo du, zehar-zehar, magalean gora eta behera egin gabe. Astigarrak, pagoak, hurritzak, akaziak, gaztainondoak eta bestelako espezieak lagun, Anoeta (Gipuzkoa), Alkiza eta Hernialdeko udalerriek bat egiten duten mugarri ondora iritsiko da. Zortzi zutoinetan liburuko pasarte berri batzuez gozatzeko parada izango du.

Anoeta, Alkiza eta Hernialdeko udalerriek bat egiten duten lekuan pagadi ederra ageriko da. JOSEAN GIL-GARCIA
Anoeta, Alkiza eta Hernialdeko udalerriek bat egiten duten lekuan pagadi ederra ageriko da. JOSEAN GIL-GARCIA

Haritz gorriak, tulipa arbolak, izeiak, haritzak eta gorostiak gogaide, magalean aurrera jarraituko du, leun eta bigun. Arritza-berri baserri handiak harrera egingo dio laster. Eskultura bitxi bat antzemango du han, intxaurrondo ttipi baten altzoan eraikia. Sagastizabalen liburuko pasarteak gogora ekarriko dituzte zutoinetan moldatutako testu laburrek.

Bidebanatze horretan, ezkerrera egin eta Alkiza herriari begira jarriko da, zeina talaia eder batean gailenduta ikusiko duen. Sustrai baserrira iritsi gabe, eskuinera jo eta Kukutegi zubira iritsiko da. Asfaltora iritsita, ezkerretik segituko du hainbat metro. Antzieta baserri parera iristean, errepidea utzi eta eskuinetik Garaikoetxe baserrira igoko da. Porlan bidean gora eginez, Iriolatza baserrira doan bideari lotuko zaio. Baserrira iristeko gutxi falta dela, eskuinera okertu eta basoan sartuko da. Haritz gorriek janzten duten magalean gora eginda, barrera bat zeharkatu eta mahastien artetik igaroko da. Mahastien alorra amaitzen dela, alanbre bat igaro eta ezkerrera segituko du. Goratasuna hartzeari eutsirik, argiteriako kableen azpitik igaro eta zidor bati men egingo dio. Zehar-zehar jarraituko du magalari gortea egiten. Bidebanatzera iritsita, eskuinetik segituko du belardian sartu gabe, eta intxaurrondoak lagun.

Aldatsaren amaieran, Etxabetxiki baserrira helduko da. Gero, kalbario zaharraren paretik igarota, Alkizara iritsiko da.

Alkizatik Hernialdera

Plazaz bestaldetik doan kaleari men egingo dio, hots, eskolaren eta udaletxearen artetik doan kaletik. Errepidean behera eginda, Peru deritzon baserri aurrera iritsiko da. Orduan, errepidea laga eta, ezki handi baten eretzetik igarota, maldan behera abiatuko da, harbidea gogaide. Hurritzek eraikitako galerian gaindi goratasuna galtzen hasiko da magaleko bakeaz eta isiluneaz gozatzeaz batera. Haritzak, izeiak, lizar handiak eta ereinotzak protagonistak izango ditu orain. Errepidera helduta, ezkerretik segituko du. Errepidea lagako du Kukutegiko zubira iritsita. Joanean egindako bide beretik itzuliko da Hernialdera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA