Ia 30 urte daramatzate harremana lantzen. Ibilbide horretan, askotariko jarduera kulturalak eta aldarrikatzaileak antolatu dituzte Iparra Hegoa jaialdian, Seguran (Gipuzkoa), eta euskaldunentzako topaleku bat sortu dute dagoeneko. «Jaialdiaren helburu nagusia zera da: Euskal Herrian bizi dugun zatiketa administratiboa gainditzea, eta mugaren bi aldeetan ditugun euskaldunak elkartzea», adierazi du Euri Albizu Telleria Iparra Hegoa elkarteko kideak. Igandean ekin zioten aurtengo aldiari, 29.ari, Urruñako (Lapurdi) Berttoli elkartekoek Segurara egindako bisitarekin. Eta hilaren 15era bitartean, egitarau oparo bat izango dute Iparraldeko eta Hegoaldeko euskaldunen arteko adiskidetza ospatzeko.
Albizuk gogoan du zein zen egoera jaialdia abiatu zutenean. «Hasieran, ikusten genuen ez genuela elkar ezagutzen, ez geneukala elkarren errealitatearen berririk, eta beharra sumatzen genuen truke hori egiteko». Bilakaera bat igarri dute, ezinbestean: elkarteko kideak balioetsi du ezagutza eta hartu-emanak sendotu egin direla hiru hamarkada horietan, nahiz eta helburu nagusia erdiesteko dagoen oraindik.
Urtero, jaialdiak gai jakin bati ipintzen dio arreta, eta ardatz horren inguruan taxutzen dute egitaraua. «Landu ditugu dantza, kantua, herrialde bateko eta besteko errealitateak, elikadura subiranotasuna...», zerrendatu du Albizuk, eta oraingoan herri bestari emango diote protagonismoa. «Euskal Herrian festa asko egiten dira, eta horietako asko herritik sortzen dira: hori azpimarratu nahi izan dugu. Hau da, garrantzitsuak dira auzolanean egiten diren festa horiek; inork ez du poltsikoa betetzen, herriari ematen zaio». Adibide mordo bat daude, gogorarazi duenez: Korrika, Nafarroaren Eguna Baigorrin (Nafarroa Beherea), EHZ, inauteriak, Iruñeko peñak, Bilboko konpartsak, Donostiako Piratak, Gasteizko blusak, ikastolen jaiak... Dena den, badago kezka apurren bat eredu horren inguruan. «Ohartu gara ugaritzen ari direla beste festa mota batzuk, norbanakoen poltsikoa betetzen dutenak».
Ereduen talka
Dibulgazio lan bat ekartzen du horrek, nahitaez. Albizuk azpimarratu du jendeak gustuko duela jai herrikoien moldea. «Iparra Hegoari dagokionez, badakigu Segurako eta inguruko herrietako gazteak zain egoten direla, baita Ipar Euskal Herrikoak ere, eta dena emateko prest egoten direla». Dena den, «kontzientzia falta» ere sumatzen dute. «Zaharragook beste garai edo eredu bat bizi izan dugu, auzolanetik gatoz, eta igual gazteagoak diren batzuek ez dute oraindik horrenbeste bizi izan. Arrisku txiki bat ikusten dugu».
«Harremanei garrantzi handia ematen diegu. Urruñako umeak Segurara etortzen dira, eta bertakoekin bi egun pasatzen dituzte. Etxepare institutuko ikasleak ere etortzen dira»
EURI ALBIZU TELLERIA Iparra Hegoa elkarteko kidea
Gaiak gai, oinarri bera dute edizio guztiek. «Harremanei garrantzi handia ematen diegu. Alde batetik, haurren artekoei: Urruñako umeak Segurara etortzen dira, eta bertakoekin bi egun pasatzen dituzte. Beste alde batetik, Etxepare institutuko ikasleak ere etortzen dira, eta herrian murgiltzen dira. Eta helduok ere elkarrekin egoten gara». Halaber, ekintza kulturalagoen eta aldarrikatzaileagoen artean oreka egon dadila ziurtatzen dute.
Bihar, Iparra Hegoa Urruñara lekualdatuko da —Ekilore taldeak joko du Xaia ostatuan—, eta etzi Gipuzkoako mus txapelketako finala jokatuko dute Antzuolan, baina Seguran izango dira jarduera nagusiak, astelehenetik igandera bitartean: herriko eskolara bisita, bazkariak, dantzak, bertsoak, jolasak, erraldoien, buruhandien eta gaiteroen kalejirak eta kontzertuak, besteak beste, baita jai ereduaren inguruan hausnartzeko hainbat hitzaldi eta mahai inguru ere. Igandean, auzolana azpimarratuko dute jaialdiaren laguntzaileetako bat den Elorri elkartearen egoitzan. Eta egitaraua bukatzeko, beste hitzordu handi bat egingo dute: Euskal Herriko mus txapelketako finala izango da hilaren 28an, Villabona-Amasan (Gipuzkoa).