Udako proposamenak

Herri oso bat dantzan

Bihar egingo dute, Errenterian, 26. Erromeria Eguna. Dantza oinarri hartuta, egun osorako egitaraua prestatu dute.

Errenteriako Erromeria Eguna, iaz. URKO ETXEBESTE / OARSO BIDASOKO HITZA
Errenteriako Erromeria Eguna, iaz. URKO ETXEBESTE / OARSO BIDASOKO HITZA
2026ko uztailaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Errenteria (Gipuzkoa) txistu eta danbor hotsekin esnatuko da bihar, urtero legez. 10:30ean adituko da Erromeria Egunaren lehen konpasa, diana hastean, eta musikarik, dantzarik eta kanturik ez da faltako. 1998an egin zuten lehen Erromeria Eguna Errenterian, eta orduko arrazoi berberei segika antolatzen dute oraindik ere, urtero-urtero: euskal kulturari behar duen bultzada ematea herrian.

Aurtengoa 26. aldia izango da, eta iazko urteurrenaren itzalean gelditu gabe, 25. aldiaren berrikuntzei heldu nahi izan diete aurten ere. «Iaz modu berezian antolatu genuen Erromeria Eguna, 25. aldia zen eta», hasi du azalpena Ander Aguilera Ereintza dantza taldeko kide eta Erromeria Egunaren antolatzaileak. «Eta aurten ere, funtsean, berbera da helburua: euskal dantza kalera ateratzea eta horren inguruan ekintza dibertigarriak egitea».

Aurtengoa, gainera, ez da egun bakarreko kontua izango, dantza herri guztira zabaltzeko lanean aritu baitira azken hilabeteotan, hiru dantza saioren bitartez. Gazteak euskal dantzara gerturatzea, helburu hori daukate iaztik. «Izan ere, orain arte agerikoa izan da helduenek izan dutela Erromeria Egunera joateko ohiturarik handiena», esan du Aguilerak. Ondorioz, inertzia hori hausteko, eta «euskal dantzari beldurra galtzeko», entseguak egin dituzte herrian. Bihar izango da egun handia, baina, aurretik, entsegu horiek baliatu dituzte inoiz dantzan aritu ez direnei irakasteko. «Askotan gure lagunek esan izan digute plazan dantzan egiten ikasi nahiko luketela, gu ikusita inbidia izaten dutelako», adierazi du Aguilerak. Beraz, herritar guztiek ateak zabalik izan dituzte, finean plazan dantzatzeko beldurra uxatzea baitute jomuga Erromeria Egunaren antolatzaileek. Antolakuntzako kideak pozik daude egin duten bidearekin. «Hogei bat lagun azaldu dira entseguetara, ezustean».

Dantzaldi ibiltaria

Dantzan adituak direnek, zaleek eta oraindik askorik ez dakitenek plazara ateratzeko aukera paregabea izango dute bihar, 12:00etan, Xabier Olaskoaga plazatik hasiko den dantzaldi ibiltarian. Azken buruan, Ereintza dantza taldekoek nahi dute orain arte ikusle izan diren herritar horiek «parte hartzaile aktibo» izatea Erromeria Egunaren bultzadari esker. «Ikuskizunetan begira egoten diren horiek ere dantzaren munduan sartzeko aukera paregabea da egun hau». Dantza taldekoek herria bera dantzan jarriko dute beste behin.

Folklorea eta euskal dantza kalera ateratzeko arrazoia «oso sinplea» da, Aguileraren hitzetan. «Dantza dibertigarria dela erakutsi nahi dugu». Horregatik eman nahi diote dantzari egun osoa. Arratsaldean, besteak beste alboka, trikiti eta dultzaina doinuek girotuko dute herria. Zumarditik abiatuko dira, 17:00etan. Ondoren, berriz, dantzaldia izango dute, Patxi eta Konpainiarekin, 18:30ean.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA