Zulo batek irentsi zituen guztiak. Etxeak, ortuak, udaletxea, eliza. Baita mendiaren magalean zeuden eraikin bakan haiek ere, eta herrigunea betetzen zuten bloke ugariak. Eta guztiak ageri dira Gallartaren (Bizkaia) 1891ko irudi batean. Etxeak, ortuak, udaletxea, eliza. Argazki zaharren berezko pikorrez eta paper satinatuaren distiraz jantzia, esku ahurrean kabitzen da Gallarta desagertua: kromo batean.
Paisaia hura gogoan du oraindik Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoko presidente Ameli Ortizek. 1960. urtearen inguruan, burdin hobi bat topatu zuten herriaren azpian, eta gaineko guztia ezabatu, minerala ustiatu ahal izateko. Handik hogei bat urtera, jada ez zen herriaren arrastorik geratzen. Ortiz 1975eko Gabonetan egotzi zuten etxetik, Franco diktadorea hil eta aste gutxira. «Esan ziguten alde egin behar genuela, kamioiak sartzen hasiak zirelako jada, baita dinamita ere». Etxe haien zorua Europako meategirik handienetako bat bilakatu zen, itsas mailaren azpitik zulatutako galerien sorta bat: Concha II. Kromo baten tamaina murritzean ere ikusgarriak dirudite hark lagatako arrastoak, ur putzu batean galtzen diren horma mailakatu alimalekoak.

Gallarta zaharra eta hura irentsi zuen zuloa, biak ala biak ageri dira Abantoko Udalak taxutu duen kromo bilduman —udalerri horretako auzoetako bat da Gallarta—. Baita Trianoko Meatze Ospitalea ere, eta Las Carreras auzoko Done Petri elizaren eraikitze lanak, besteak beste. 62 irudi dira guztira, Meatzaritzaren Museoaren eta Juan Cruz Hoces argazkilariaren artxibotik ateratakoak, eta herriaren bilakaera erakusten dute XIX. mendearen bukaeratik XX. mendearen bukaerara bitartean. Egitasmoaren helburua bertoko merkataritza sustatzea den arren, orobat balio du memoria historikoa lantzeko. «Oso iniziatiba ona da», txalotu du Ortizek. «Lortzen badugu jende gazteak galdetzea ea argazki hori nondik datorren edo zer zegoen hor, horrek ere gure historia azalduko du».
Herri zaharrari «ohore»
Horretarako sortu zuten Meatzaritzaren Museoa, hain justu: desagertutako Gallarta haren arrastoak jagoteko. «Herriko argazkiak ere oso inportanteak izan dira guretzat, ez bakarrik meategiei lotutako irudiak», nabarmendu du. «Nostalgiak janda» geratu ziren orduko hartan, eta papurrak biltzeari ekin zioten, herriaren historia ez galtzeko. «Gazteek ez zuten ezagutzen herri zaharra».
«1975eko Gabonetan esan ziguten etxetik alde egin behar genuela, kamioiak sartzen hasiak zirelako jada, baita dinamita ere»
AMELI ORTIZ Euskal Herriko Meatzaritza Museoko presidentea
Herritarren «historia pertsonala» ere aienatu zen-eta etxeekin batera. «Adibidez, amamak nabarmen igarri zuen: uste dut hortik aurrera ez zela emakume bera izan». Etxe hartan eman zuen bizitza osoa, han jaio ziren haren ondorengoak, harreman estua zuen bizilagunekin, eta usadioekin. «Pisu berrian jada ez zegoen ez surik, ez ekonomikarik; dena elektrikoa zen». Ia 80 urterekin, kozinatzen ikasi behar izan zuen berriro.
Min hori ere kabitzen da kromo batean. «Beste modu bat da herria gogoratzeko. Hari ohore egiteko».