Ez da zaila haur saldo bat bertan pozik irudikatzea: futbol zelai handi bat, bi aterekin; tenis zelai txiki bat, sare eta guzti; bi zabu, elkarren ondoan. Eta arkupera jaitsita, futbolinak eta ping-pong mahaiak. Baserri izandakoa da Aubixa. Urteak dira, ordea, euskal giroan murgiltzeko barnetegi moduan funtzionatzen duela, euskarari aterpea emateko. Bertan jaioa da Maritxu Loiola (Elgoibar, Gipuzkoa, 1948). Bizitza osoa eman du euskararen alde lanean, eta, urrian, Elgoibarko Kilometroetan, omenaldia egin zioten hori eskertzeko. Txatalez txatal hasi da bere bizitzako atalak kontatzen, sutondoaren berotasunean.
Baserri honetan jaio zinen, Aubixan. Ama bertakoa zen, eta aita Usatorre baserrikoa, ezta?
Hemen jaio nintzen, bai, eta 20 urtera arte hemen bizi izan nintzen. Lehenengo, 15 urtera arte San Pedroko eskolan ikasi nuen, ermita horretan; hor zegoen eliza, eta eskola alboan.
Nolakoak ziren eskolak?
Zenbat ordu belauniko eskolan! Diktadura bat zen. Orduan, eskolan euskaraz hitz eginez gero, belauniko jarri behar izaten genuen. Agian ordu erdi, edo gehiago... Egia esan, maistra Bilbokoa zen, baina diktaduraren estilokoa zen. Goizean, lehenengo orduan, Cara al sol abesten genuen. Eta, gero, dena zen diktaduraren patroi bat; emakumea haren esanetara zegoen.
Zigorra eguneroko kontua zen?
Etengabe zigortzen gintuzten; zerbait suspenditzen bazenuen ere bai. «Odolarekin ikasten da» esaten ziguten gaztelaniaz. 15 urterekin graduatu nintzen, bai ni eta bai jende gehiago ere.
Eta 20 urte betetzean joan zineten baserritik herrira. Nola aldatu zen zure bizimodua?
Badakizu, hor, 1960ko hamarkada horretan, industria garatuz zihoan heinean, jendeak herrietara edo industriaren ingurura egin zuen. Eta nola gurean aita oso makal zegoen osasunez, Elgoibarrera joan ginen. Han pisu bat erosi, eta han bizi izan ginen. Hura gogorra izan zen. Oroitzapenak, animaliak, etxea... Ezin nintzen egokitu herrira.
«Baserritik herrira bizitzera joatea gogorra izan zen. Oroitzapenak, animaliak, etxea... Ezin nintzen egokitu herrira»
Baina ikasten jarraitzeko aukera izan zenuen, ezta?
Ez zegoen lana egin beharrik dendari, edo hau edo beste. Orduan, pentsatu nuen berriz ikasten banuen, tituluren bat ateratzen banuen, horrek bide emango zidala lan egiteko. B eta D ereduko tituluak atera nituen Bergaran, UNEDen, eta unibertsitateko sarrera egin nuen. Psikologia egitea zen nire asmoa.
Azkenean, ordea, itzulpengintza ikasi zenuen, Donostian. Zer giro topatu zenuen han?
Han zeuden idazleak, apaiz bat... Oso giro goxoa zen. Jende dezente elkartu ginen, irakasle bakoitzak bere gaia zuen, eta giroa oso goxoa zen, niretzat izugarri aberasgarria. Itzulpenaren inguruan, gainera, zer esango dizut... Nik administraziorako prestatu nahi nuen, baina hori baino gehiago zen. Beste mundu bat, ez zeukan zerikusirik ni ohituta nengoenarekin. Jendeak ahalegin handia egiten zuen, bakoitzak bere arloan eta bere egitekoan integratzeko itzulpenak: administrazioan, antzerkian, literaturan...
Nola hasi zinen gau eskoletan lanean?
Borondatez hasi nintzen horretan. Euskaraz nekien-eta... Klaseak ematen baino denbora gehiago egiten nuen klasea preparatzen. Ez nekien nola azaldu, jende asko euskara ikastera etortzen zen, baina oso gutxi zekiten, eta nola adierazi, nola erraztu... Nahi izaten nuen jendea gustura senti zedin, euskara gorrota ez zezaten. Ez zezaten etsi. Beti esaten nuen: «Nik eskolan pasatu dudana ez dadila gertatu euskararekin». Saiatzen nintzen ikasleak erakartzen, gogoan bainuen nik gorroto izan nuen maistra hura. Motibazioa behar da, eta ikasleak zaindu. Izan ere, zu hasten bazara aditzekin, nor-nori-nork, edo diezazuket, edo diezaioke-edo... Etsi egin dezakete. Nik uste nuen hitz eginda, praktikak eginda... ikasiko zutela.
Zein zen ikasleen soslaia?
Nire ikasle asko maisuak ziren, medikuak, Danobateko gerenteak... Horiek bai, behar zuten titulua, eta aditzak ikastea. Jendearentzat zer drama zen aditzak ikastea... Ikusten nuen, gainera, zer ahalegin egiten zuen jendeak euskaraz ikasteko, horrek bide ematen zielako beren lanbiderako, beren egitekoetarako.
Eta, gero, mekanikako eskoletako ikasleei eman zenizkien eskolak, ezta?
Han ere oso gaizki pasatu nuen. Motibaziorik ez zuten ikasteko. Momentu batetik aurrera oso zaila egiten zitzaidan jendeari euskara azaltzea. Ez zuten hizkuntza ezagutzen, dena erdaraz egiten zen orduan, eta, ezagutzen ez zutenez, hizkuntza zaila zela zioten.
«[Eskoletan] Nahi izaten nuen jendea gustura sentitu zedin, euskara gorrota ez zezaten. Ez zezaten etsi»
Ondoren, Elgoibarko Udaleko lehen itzultzailea ere izan zinen.
Bai. Udaletxean lanean hasi nintzen 1981ean edo 1982an. Itzultzaile bat behar zen, leloak egiteko eta abar. Eta, hasiera batean, ez zekiten nirekin zer egin. Osoko bilkurak euskarara itzultzen ziren, baina ez zegoen halako lan kargarik. Orduan, zer tokatu zitzaidan? Baserrietako kudeaketa egitea, baserrietako jendea pixka bat identifikatzen baitzen nirekin. Gainera, orduan baserriak eros zitezkeen, askok etxerako ura legeztatu ere bai...
Denetarik egitea tokatu zitzaizun, beraz.
Itzultzaile askori gertatu zitzaigun gauza bera: hasieran ez zegoen nondik hasi ere, eta, gero, hau egiteko dago, bestea egiteko dago... Gu pixka bat peoiak ginen, eta denean sartzen gintuzten. Horren inguruan, Gabon zaharretako eta sanbartolomeetako azokak ere udalak antolatzen zituen. Eta hori ere tokatu zitzaidan. Kulturako akta jasotzea ere bai. Tartean, uholdeak izan ziren, eta orduan niri tokatu zitzaidan uholdeetako kudeaketa asko egitea, baserri ingurukoak. Beraz, denetik egin nuen pixka bat.
Nola bizi zenuten hori?
Lan egiteko ere ez zegoen nekerik. Ilusioa zen nagusi, horren guztiaren inguruan ikusten zenuen herria nola zihoan garatuz.
Dena zegoen egiteko?
Urte gogorrak ziren, baina ilusio handikoak. Franco hilda, demokrazia hasita, herria garatzen, hobetzen, eskolak berritzen, institutua, bata, bestea, gero IMH ere bai... Orduan, lanak ez zigun nekerik edo nagirik sortzen; ilusioz egiten genuen. Orain, udaletxera joan, eta harrera bulegoan lau lagun ikusten dituzu. Alkatea ere ez zegoen liberatuta orduan.
Aubixara ere itzuli zinen gerora. 1973an bihurtu zuten baserria aterpetxe. Zein zen helburua?
Erkidegoko eskola guztietatik haurrak etortzea zen helburua, eta hemen astebete pasatzea. Hemen batez ere euskara bultzatzeko ekintzak egiten dira. Etxe barruan harremanak eta dena euskaraz dira, eta, gero, arratsaldean, giro ona bada, Kalamuara, Arratera edo San Pedrora joaten dira ikasleak.
«Euskal Herrian, nik uste Aubixak entzute dezente daukala, betiere euskara eta euskal kulturaren inguruan»
Kartoia salduz bildu omen zuten baserria aterpetxe bihurtzeko dirua.
Guraso askok nahi zuen uda garairako haurrentzako leku bat, udalekuetarako, ikastolatik aparte. 1973an, nire aita zenak Danobaten lan egiten zuen, eta Jexux Bilbaok ere bai, eta Aubixaren erabilpena sinatu zuten. Orduan, baserria moldatu behar zen, jangela bat izan zezan, lo egiteko lekua, ganbara egokitu... eta horretarako dirua behar zen. Eta, horretarako, kartoia saldu eta dirua lortzen zuten. Benetan polita izan zen.
Hasieran udaleku gisa funtzionatzen zuen, orduan?
Udaleku gisa hasi ginen, eta euskal giroan murgiltzeko barnetegia da orain. Urte guztian zehar etortzen dira ikasleak. Ikastetxeak 35 bat edo dira, berrogei inguru. Ikusiko dugu zer gertatzen den, baina hemen gaude oraindik.
Ezagun bihurtu da, hortaz.
Euskal Herrian, nik uste Aubixak entzute dezente daukala, betiere euskara eta euskal kulturaren inguruan. Ni hemen jaioa naiz, eta hemen bizi izan naiz, baina beste askori ere gustatu izan zaie lekua, nahiz eta urruti xamar egon. Gure egitekoa da umeak goxo-goxo hartzea eta umeek ondo pasatu dezaten ahalegina egitea. Inor bazterrean geratu gabe, ahal bada; batzuetan eurek euren burua baztertzen dute. Eta ahalegintzen gara, euskara lantzen ez ezik, integratzen ere laguntzen.
Oraintxe bertan ere betea dago. Nongoak dira ikasleak?
Leioakoak dira. Hiru langile etorri dira eskolatik, eta, hemen, Aubixan, Jaurlaritzak beste lau begirale ditu. Gaur, maisua esaten aritu da oso ondo etorri zaiola umeak ezagutzeko, umeekin hurbileko harremana izateko. Euskara ikasteko ez ezik, maisuen eta umeen arteko harremana ere sendotzeko. Umea hurbiletik ezagutzen duzu, umearen beldurrak ere ikusten dituzu...
Zu zertan aritzen zara?
Nik umeekin janaria banatu eta abar egiten dut, ni naiz onena [barrez]. Bi sukaldari aritzen dira, eta asteburuetan garbiketa lanak egitera etortzen da beste bat, astean zehar egin ezin dena egitera.
«Aubixak jarraituko du. Ahalegin hori guztia ezin da goitik behera bota. Honi eutsi egin behar zaio nola edo hala»
Pasadizo ugari izango dituzue...
Gaurko ikuspuntuarekin ezin da esan orduko ekintzak onak edo txarrak ziren; baina, adibidez, ume batek kolpea hartzen bazuen buruan, nire amak bere moduan sendatzen zuen: gatza, ozpina, olioa jarri, eta aurrera... Orduan, dena etxean konpontzen zen: trapu zahar zati batekin lotuta-edo, baserri giroa baserrian. Beste batean ere, lau neskatxo sartu ziren nire kotxean, eskuko frenoa kendu zuten, eta errekara joan ziren. Niretzako sekulako drama izan zen, baina ez zen ezer ere gertatu. Gaitz erdi. Baina susto galanta hartu genuen.
Dena den, ez dira ikasleak soilik etorri Aubixara. Duela hilabete-edo, hizkuntza gutxituen alde lan egiten duten zazpi erakunde indigenetako ordezkariak izan ziren Aubixan. Nolatan?
Bai, hauek! [Argazkia ekarri du koadro batean]. Begira, ikusten duzu? Leku askotatik etorri ziren: Argentina, Etiopia, Kolonbia... Garabidekoek antolatuta etorri ziren, ikastera nola lan egiten den euskara garatu dadin, euren hizkuntza gutxituetarako erreferentzia hartzeko. Haiek ere haien hizkuntza gutxitu hori nola bultzatu asmatzeko.
Zer eman dio Aubixak herriari?
Herriak Aubixari eman diona eman dio Aubixak herriari. Ze kartoi horiek biltzetik gaur egunera, herriak asko eta asko eman dio. Guraso askorentzat euren umeen egonlekua izan da, eta herriko gazte askok ere oso gogoan dute. Eta, orain, Aubixak ematen du ume hauek, tutore hauek, hezitzaile hauek ematen dutena. Horiek egiten duten lana izugarria da.
Elgoibarko Kilometroak jaian omenaldia egin zizuten, bizitza osoan euskararen alde egindako lanagatik. Nola hartu zenuen?
Aldez aurretik esan izan balidate, ezetz esango nuen. Sorpresa izan zen, ustekabea, hiru egun lehenago esan zidaten. Ni ez naiz argazkietan atera zalea, ni ez naiz jendaurrean aritu zalea. Baina kristoren ilusioa egin zidan, nola ez ba. Eta gainera negar egin nuen, e? Ilusio handia egin zidan. Eskertzen dut.
Aurrera begira, zer asmo duzu?
Aubixak jarraituko du. Ez dakit nola, baina hitzematen dizut jarraituko duela. Ahalegin hori guztia ezin da goitik behera bota. Honi eutsi egin behar zaio nola edo hala.