Jaiak. Santiagoak Elizondon

Herritarrak, dantzan

Puntako bertsolariek bertso saioa eskainiko dute gaur Elizondoko plazan, santiagoetako bigarren egunean

Mutil dantzak egingo dituzte herritarrek, goizean eta gauean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
2013ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Hasi dira Santiago jaiak, beste behin, Elizondon (Nafarroa). Gaur, jaien bigarren eguna ospatuko dute herritarrek, eta astearen amaierara bitarte parrandan jarraituko dute haur, gazte zein helduek.

Usadioak alde batera utzi gabe, askotariko ekitaldiek hartuko dituzte gaur herriko bazterrak. Goizean goiz hasi, eta goizaldera arte festa nagusituko da. Eguneko lehen orduetan, esaterako, herritarrek argi soinuak, karrika dantza eta mutil dantzak egingo dituzte.

Arratsaldea bizi-bizi hasiko dute herriko txikitxoek. Eurentzako haur jolasak antolatu ditu Herriko Gazteak elkarteak Baztanberrin, eta, beraz, ez dute aspertzeko aitzakiarik izango. Gazte zein helduek ere izango dute algara batzuk botatzeko tartea. Herriko plazan bertso saioa eskainiko dute Julio Soto, Igor Elortza, Amets Arzallus, Agin Rezola eta Jone Uria bertsolariek. Giroa bermatuta egongo da beraz, Elizondon, adin guztietako jendearen dibertsiorako.

Gau partean dantza eta musika emanaldiak izango dira. Hasteko, herri dantzak plazaratuko dituzte Ziga plazan, 21:00etan. Jarraian, mutil dantzen txanda izango da, eta, ondoren, musika emanaldiek hartuko dituzte agertokiak. Tartean, baina, su festek argi eta kolorez gozatzeko aukera emango diete Elinzondora joaten direnei. Jatandi piroteknia etxeko bildumak ikusi ahal izango dira.

Su festak amaitutakoan, 23:30ean, Migel Anjel y El Mariatxi La Cantina taldearen txanda izango da. Plazan eskainiko du kontzertua Iruñeko taldeak. Iruñekoa izan arren, ordea, urrunagotik etorriak direla pentsa daiteke. Izan ere, mexikarrez jantzita igotzen dira oholtzara, eta musika mexikar tradizionala egiten dute. «Batez ere, Mexikoko abestien bertsioak egiten ditugu, baina gure abesti propioak ere badira tartean», dio Migel Anjel San Miguel abeslariak. Dena den, taldearen abestietako bat are bereziagoa da abeslariarentzat, Elizondon bertan konposatu zuelako, hain zuzen. «Elizondoko mutiko baten bizitzan oinarritutako abesti bat idatzi nuen duela urte batzuk: Navarra y Méjico abestia. Gaztea Elizondotik Mexikora joan zen bizitzera, eta hogei urtez bizi izan zen han. Elizondon bertan konposatu nuen, eta niretzat oso berezia da», azpimarratu du San Miguelek.

Igandean, 'Gizajua Ni'

Sei musikari profesionalek osatzen dute Miguel Anjel y El Mariatxi La Cantina. Lehenagotik ere egon da taldea Elizondon, eta publikoak ezagutzen du jada. «Egia esan, Elizondoko publikoa ezin hobea da. Musika mexikarra gustuko dute, eta oraingoan ere gu joateko gogoz gaude», dio kantariak. «Gure asmoa giro bikaina sustatzea da, eta helburua, publikoak ondo pasatzea», azpimarratu du.

Eguneko egitaraua itxi aurretik, Jalisko Band taldearekin dantzaldia izango da herriko plazan, 01:00etik aurrera.

Bihar, berriz, gazteak izango dira protagonista. Gazte Eguna ospatuko dute, eta udalak haientzako hainbat ekitaldi antolatu ditu. 14:00etan, kuadrillek bazkaria egingo dute. Digestioa ondo egin eta gero, errekarako bidea hartuko dute gazteek. Erreka jaitsiera egingo dute, kuadrillek eurek prestatutako baltsekin.

Baztan Zopak plazaratuko dituzte 19:30ean, eta jarraian, txaranga poteoa egingo dute elkarte batetik bestera. Amaitzeko, bezperan bezalaxe, dantza eta musika emanaldiek itxiko dute biharko eguna.

Igandera bitarte, jaia nagusituko da herrian. Orduan, 00:00etan, Gizajua Ni abestu, eta kalejira eginez agurtuko dituzte 2013ko Santiago jaiak Elizondon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.