Memoria historikoa

Hiria erre zuten duela 212 urte

Antzerki ibiltaria egingo dute gaur Donostiako Parte Zaharrean, Donostia Sutan 1813 kultur elkarteak antolatuta. Abuztuaren 31ko Donostiako Udalaren ekitaldiak bihar egingo dituzte.

Donostia Sutan 1813 kultur elkartearen ekitaldia, 2023ko abuztuaren 31n. DONOSTIA SUTAN 1813
Donostia Sutan 1813 kultur elkartearen ekitaldia, 2023ko abuztuaren 31n. DONOSTIA SUTAN 1813
urtzi urkizu
Donostia
2025eko abuztuaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ingeles eta portugaldar tropek Donostia erre zutenetik 212 urte beteko dira bihar. Askotariko ekitaldiak antolatu dituzte egunotarako, tragedia hura jasan zuten donostiarrei omenaldia egiteko. Batetik, Donostiako Udalak babesten duen egitarau ofiziala dago, eta, bestetik, Donostia Sutan 1813 kultur elkarteak beste talde batzuekin antolatu duena.

Kultur elkarteen eta herri mugimenduen eskutik, herenegun bertso musikatuak entzun ziren Plaza Berrian. Gaur, berriz, antzerki ibiltaria egingo dute donostiarrek duela bi mende sufritutakoa gogoratzeko. San Bizente elizaren atarian abiatuko dira, 20:00etan. Bertso baten eta testu baten irakurketak emango dio hasiera ekitaldiari, 1813ko sarraskia zein testuingurutan gertatu zen helarazteko. Donostia Sutan 1813 kultur elkarteak gogoratu duenez, Iraultza Frantsesa gertatu berria zen, eta, hori Espainian hedatzen ari zelarik, «armada aliatuak (Espainia, Erresuma Batua eta Portugal) tropa frantsesak estatu espainiarretik kanporatzen ari ziren». Antzerki ibiltaria San Bizentetik Abuztuak 31 kalera joango da, «aliatuek egindako sarraskia irudikatzeko». Santa Maria elizaraino joango dira, eta han sarraskitik bizirik atera zirenen egoera irudikatuko dute. Kale Nagusitik abiatu, eta Plaza Berrira joko dute gero. «Zati batean, 1813an bizirik atera zirenak izango dira bideko protagonista, eta beste zati batek herri palestinarra jasaten ari den genozidioa irudikatuko da». Olerki baten irakurketa, dantza eta bertsoak izango dira amaierako ekitaldian, Plaza Berrian.

Donostia Sutan 1813 kultur elkartearen ekitaldia abuztuaren 31n.
Donostia Sutan 1813 kultur elkartearen ekitaldia abuztuaren 31n, Gipuzkoako hiriburuan. DONOSTIA SUTAN 1813

Irailaren 5ean, zuzien martxa egingo dute Abuztuak 31 kalean, 20:00etan.

Egitarau ofiziala

Donostiako Udalak babestutako ekitaldiak bihar egingo dituzte: goizeko elizkizunaren ostean, 12:45ean lore eskaintza egingo dute Itxas atean. 

Kanoi hotsak 17:00etan entzungo dira. Jarraian, indar aliatuen desfilea helduko da, Kursaaletik Zuloaga plazaraino. 18:00etan, Donostia 31 kultur taldeak bere esker ona adieraziko dio Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeari, eta, ostean, berehala ekingo diote urteurreneko desfileari Zuloaga plazan. 19:00etan, minutuko isilunea egingo dute Bulebarreko kioskoan. Hiriaren setioaren antzezpena hasiko da ondotik, eta Donostiako antzinako ereserkia joko dute. 21:00etan, berriz, gazteluari nola eraso zioten eta Donostia nola erre zuten antzeztuko dute Zuloaga plazan. Amaitzeko, 21:30ean, hiriko sutea irudikatuko dute Apaizen pasealekuan eta Begiratokiko Baterian.

Jon Insausti Donostiako kultura zinegotziak adierazi du abuztuaren 31ko ekitaldiekin «tradizioa, solemnitatea, memoria historikoa eta herritarren parte hartzea» uztartuko direla. Herritarrei parte hartzeko deia egin die: «Donostiak bere historiarekin eta bake eta bizikidetza balioekin duen lotura sendotzen duen memoria, errespetu eta kultur jardunaldian parte hartzeko deia egiten dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.