Dantzak, antzerkiak, zirkuak eta musikak hartu ditu Iruñeko kaleak asteotan. Urtero bezala, Harresietako Jaialdia egiten ari dira Nafarroako hiriburuan. Abuztuaren 5ean hasi zen eta 23an amaituko da. Aurten ere lau ziklo ditu jaialdiak, eta, horien artean sei emanaldi ikusi ahalko dira gaurtik larunbatera arte.
Azken urteetako lau zikloei eutsi diete oraingoan ere. Ziklo guztiak Iruñeko harresietako zenbait eremutan egiten ari dira: Bost Puntak-ek kaleko arte ikuskizunak eta zirkua ditu hizpide, batez ere, eta Ziudadelan egiten dira; Iruña Ilunabarrean zikloak dantza, musika eta teknologia nahasten ditu, eta O Plazan egiten dira; Dantza Zoroan-en dantza garaikideko emanaldiak egiten dituzte, eta Zaldi Zuriko eta Barbazan Ingurubideko eremuetan ikusi ahal dira; azkenik, Jito Alai pilotalekuan, Zoroen Gaua zikloak eskaintzen dituen gaueko musika saioak egiten dira.
Gaur, 20:00etan, Zirkozaurre konpainiak Ardatzak ikuskizuna emanen du, Ziudadelan. Bilboko zirku konpainia bat da Zirkozaurre, eta gaur emanen duten ikuskizunean diaboloa izanen da protagonista. Gorka eta Imanol malabaristek, diaboloarekin jolasean ari direlarik, haurtzaroko garaietara bidaiatuko dute, zibarekin, puxtarriekin eta pilotarekin jolastea ohikoa zen garai haietara.
Madrilgo konpainia
Bihar, 21:00etan, La Banda Teatro Circo taldeak Yûgen zirku ikuskizuna emanen du, Ziudadelan. Zirku garaikideko emanaldia izanen da, akrobaziaz, malabarez eta dantzaz lagunduta. Yûgen ekialdeko kontzeptu bat da; unibertsoaren edertasunaren zentzurik sakonenarekin konektatzeko ahaleginari egiten dio erreferentzia. La Banda Teatro Circo konpainiak kontzeptu hori aukeratu du ikuskizuna eraikitzeko, eta publikoari hausnartzeko aukera emanen dio.
Ostegunean, beste ikuskizun bat egonen da Ziudadelan, 20:00etan. Faltan 7 konpainiak Sinsolo ikuskizuna emanen du. Hori ere zirku ikuskizuna da. Zirkuko zenbait tresna erabiltzen dituzte, hala nola bertikalak eta bizikleta akrobatikoa, eta emanaldiaren helburua naturarekiko harremanaren garrantzia nabarmentzea da. Madrilgoa da Faltan 7 konpainia, eta hainbat herrialdetako akrobatek osatzen dute.
Ostiralean, Alodeya taldeak eginen du ikuskizuna, 20:00etan, O Plazan. Taldearen proposamena Rube da, zirkua eta zientzia nahasten dituen obra. Aurrez programatutako malabarek, pilotek eta diaboloek mugimendu hipnotikoak eginen dituzte, umorearekin uztartutako ikuskizunean.
Larunbatean, jaialdiaren azken egunean, dantza ikuskizun bat eta bi musika saio egonen dira. Dantza ikuskizuna Barbazan Ingurubidean izanen da, 20:00etan. Lau artistak hartuko dute parte hiru emanaldietan: Ferenc Feher dantzari hungariarrak, Alba Duarte eta Urtxi Ortega nafarrek, eta Anouar Merabet artista marokoar eta nafarrak.
Jaialdia ixteko, bi musika saio egonen dira larunbat gauean: 23:00etan Alvva DJa eta 00:30ean Acid Loverz Rock. Alvva izen artistikoaren atzean Laura Fernandez dago. Donostian jaioa da, baina orain Bartzelonan bizi da. Askotariko musika estiloak nahastea gustatzen zaio bere saioetan. Bestalde, Acid Loverz Rock musika proiektu esperimentala da. Sunny Wright IV eta Raff Lauren DJ nafarrek osatzen dute taldea, eta acid house, tekno, elektronika eta dub estiloen influentzia dute.
Aurten, nobedade gisa, inaugurazio ekitaldi berezi bat egin zuten abuztuaren 5ean. Kukai Dantza konpainiak Jazoerak dantza ikuskizuna egin zuen. Kukai konpainiak espresuki sortu zuen ikuskizuna Iruñeko sorreraren 2.100. urteurrena ospatzeko. Zuzeneko musika izan zuten: txalaparta eta beatbox doinuak nahasi zituzten eta saxofoia eta akordeoia jo zuten; Bayona Martin eta Adriana Bilbao dantzariak aritu ziren dantzan.