Telesailak

Hiru gorputzak eta estralurtarrak

‘Game of Thrones’ telesailaren sortzaileak zientzia fikziozko ‘The Three Body Problem’ literatur lan laudatuaren egokitzapenarekin itzuli dira pantaila txikira. Zortzi atal ditu, eta Netflixen dago ikusgai.

(ID_13721178) (/ED MILLER/NETFLIX) '3 Body Problem' telesailaren fotograma bat. NETFLIX
'3 Body Problem' telesailaren fotograma bat. NETFLIX
Mikel Yarza Artola.
2024ko martxoaren 23a
05:00
Entzun

Zaila da 3 Body Problem ikusten hasi eta Ned Stark-i burua mozten dioten eszena ez oroitzea. David Benioff eta D.B. Weiss Game of Thrones klasiko garaikidearen sortzaileek pareko exekuzio publiko batekin abiatu dute telesail berria, baina pantailara eramandako istorioaren mamia oso bestelakoa da.

Liu Cixin nobelagile txinatarrak 2008an argitaratu zuen The-Three Body Problem zientzia fikziozko eleberria, Remembrance of Earth’s Past trilogiaren lehen zatia. Gure planetatik harago bizitza topatzeak giza espeziearengan sor litzakeen dilemak dira narrazioaren ardatza. Duela mende erdi, astrofisikaria zen pertsonaia protagonistetako batek estralurtarrekin komunikatzea lortu zuen, eta egungo munduko haren parekideak iragan misteriotsu horretan arakatzen hasiko dira, naturaz gaindiko hainbat gertakari deigarrik bultzatuta.

Istorioa hiru denbora lerro eta espaziotan banatu dute: Txinako Iraultza Kulturala, egungo mundua eta errealitate areagotuaren bidez protagonistak historiako garai seinalatuetara daramatzan bideojokoa. Nanoteknologia, partikula azeleragailuak, korden teoria, hiru gorputzen grabitate erakarpena... kontzeptu eta gailu zientifiko konplexuz beteriko telesaila da, eta, aldi berean, oso entretenigarria. Izan ere, giza jakintzaren mugei tiraka ari da.

Zientziaren eta fedearen arteko talka da kontakizunaren zutabe nagusietako bat. Zer erantzun eman gizakiek arrazoimenaren bidez frogatu eta azaldu ezin dituzten galderei? Zer egin estralurtar zibilizazioa izan litekeena topatuz gero, harekin komunikatu ala suntsitzen saiatu? Kontzeptu horiek guztiak erritmo narratibo biziz eta zinemagintza ikusgarriz zipriztindu ditu Hong Kongen jaiotako Derek Tsang zuzendari gazteak. Ramin Djawadiren musika ere nabarmentzeko modukoa da. Game of Thrones, Westworld, Prison Break, Batman Begins... doinu gogoangarriz betea dago haren ibilbidea, eta, oraingoan, pantailako abenturak are sentituago bilakatu ditu soinu banda neurritsu batekin.

Suizidio programatuak, kolpean itzali eta pizten den zeru izartsua, mundua menderatu nahi duten agintarien estrategia ilunak... Bistakoa da telesaila literatur unibertso ikaragarri korapilatsu batean sustraituta dagoela, eta haren erronka nagusia da jatorrizko obraren espiritu eta kontzeptu nagusiak fideltasunez islatzea iruditan. Nolabait, 3 Body Problem pantaila txikiko Dune izan liteke; hori bai, are erakargarriagoa litzateke kroma dosiak murriztuta.

Lehen denboraldia abiapuntua da etortzeko dagoen drama are zabalago baterako, baina, bere horretan, kalitate goreneko telebista ere bada, azkenaldian estreinaturiko nobedade interesgarrienetako bat. Goizegi da oraindik urteko onenen zerrendak egiten hasteko, baina ziur izan Benioff eta Weissen telesail berriak zeresana emango duela milioika ikusleren artean. Jakin-mina asebete ez dutenentzat, azken gomendioa: AEBetako 3 Body Problem telesailak badu Txinako baliokide bat ere. San ti izenaz estreinatu zuten duela urtebete eskas, eta superprodukzio ikusgarria dirudi. Oraingoz, ez du estreinaldi datarik Mendebaldeko streaming bidezko plataformetan.

FITXA

  • Sortzaileak. David Benioff eta D.B. Weiss.
  • Aktoreak. Eiza Gonzalez, Benedict Wong, Liam Cunningham, John Bradley eta Jonathan Pryce.
  • Herrialdea. AEBak.
  • Urtea. 2024.
  • Non ikusi. Netflix.
  • Atal bakoitzaren iraupena. 60 minutu.
  • Generoa. Zientzia fikzioa. Thrillerra.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.