Francisco Franco Espainiako diktadoreak uda asko pasatu zituen Donostiako Aieteko jauregian; azkenekoa 1973koa izan zuen. Hain zuzen, urte hartako irailean jaio zen Nagore Irazustabarrena historia dibulgatzailea, jauregitik hurbil dagoen etxe batean. «Pentsatu nahi dut ez genuela aire bera arnastu». Irazustabarrenak duela hogei urte ekin zion Argia astekariko Denboraren makina sailari —azken urteotan Oroimen histerikoa podcasta egiten ere badabil—, eta liburu bat osatu berri du historiako hainbat pasarte esanguratsu bilduta: Oker habil Makiavelo.
Makiavelo zertan dabil oker?
Makiavelok esaten zuen etorkizunera bidaiatzeko modua iragana ezagutzea zela, eta horretan ados gaude historialariok: horretaz bizi gara. Era berean, esaten zuen beti pasio berak mugitu dituela gizakiak, etorkizunean ere mugituko dituela, eta, orduan, historia errepikatzera kondenatuta daudela. Hau da, ez daukagula erremediorik.
Bat zatoz?
Askotan ez. Batzuetan oso makiaveliko esnatzen gara, baina, historia dibulgazioan arituta, pentsatu behar duzu iragana ondo ezagutzeak lagundu behar duela etorkizuna hobetzen, huts berak ez egiten edo gauzak aldatzen.
Iraganera jotzen duzunean, geroan pentsatuta egiten duzu?
Ez. Liburu honekin zera pasatu zait: Itxaro Bordak idatzi duen hitzaurrean, kontzeptualizatu gabe neuzkanak berak kontzeptualizatu dizkit. Hogei urte pasatu dira, liburuak balio du atzera egiteko eta hori errepasatzeko, eta bai: ez dut kontzienteki egiten, baina agian Itxarok esaten duen hori lortzen dut. Azkeneko hogei urteotan idatzi ditudanak historia txikiak dira; garrantzitsuak ere bai, benetan iragana nolakoa den margotzeko. Historia ofizial handia, normalean botereari lotuta egon dena, historiaren zati txiki bat baita.
Liburu honen 57 pasarteetan nekez errepikatzen dira gaiak, garaiak, protagonistak, lekuak… Denak daude historia ofizialetik at, nolabait.
Bai. Historia nahi adina idatz daiteke; orduan, historia ofizialak aparte utzi ditu gauza asko. Ni behintzat saiatzen naiz, adibidez, eurozentrismotik ateratzen. Saiatzen naiz, baina askotan ez dut lortzen, oso barneratuta baitauzkagu halako gauzak; gainera, gu europarrak gara. Emakumeen historia, beltzen historia, herri xehearen historia, egunerokoaren historia kontatzen dut, ez hau bezalako jauregietan egiten den historia ofiziala.
Esanguratsua da Mandengo gutunari buruzko pasartea.
Lehen konstituzioa da: Afrikakoa da, eta, gainera, Erdi Arokoa. Hor eurozentrismoa oso ondo ikusten da: Europa da zentroa, eta Erdi Aroa aro iluna den kontzeptua oso europarra da. Afrikan konstituziotzat jo daitekeen zerbait zeukaten garai hartan, eta oso lege garaikideak zituen.
Eta beste kontu bat da nor pasatzen den zientziaren historiara, eta nor ez.
Darwin zuria zen, europarra, gizonezkoa… Horiek, inertziaz, seriotzat hartzen dira, eta arrazoia ematen zaie. Historiografiarekin ere halaxe: gizon zuri inportante europar batek idazten duena da kontuan hartzen dena, eta besteak bazter geratzen dira. Hori asko gertatzen da islamarekin eta arabiarrekin. Iberiar penintsulan Al-Andaluseko eragina daukagu zientzietan, kulturan… Nolako garrantzia daukan, eta nola gutxiesten den. Ibn Khaldunek Darwinek baino lehenago garatu zuen espezieen eboluzioaren inguruko teoria bat.
«Ez dakit Freudek zer esango lukeen, baina Kristoren prepuzioa espazio seguru bat da niretzat»
Liburuan azaltzen diren emakume asko, halaber, ezezagunak dira askorentzat.
Eta ezagunak egiten direnean, bitxikerien edo salbuespenen kaxoian sartzen dira. Hau da, benetako aitortza egitea eta besteen mailan jartzea da kostatzen dena.
Eta nushu hizkuntza, esaterako, ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.
Txinako emakumeen hizkuntza bat da; 2004an hil zen azken hiztuna. Ahoz transmititu zen. Emakumeei ez zieten ahotsik eman, eta beren ahots propioa sortu zuten. Horrek bidea irekitzen dizu beste errealitate batera: emakumeenera, emakume xeheenera. Boteretik kanpo eta bazterrean bizi direnen ahotsa baita.
Eta ahots horiek liburuan daude. Zerk bultzatuta egin duzu?
Argia-koek bultzatuta!
Argi dago. Zer pasarte sartu beharra zegoen nahitaez?
Kristoren prepuzioaren trafikoari buruzkoak. Liburu honetako lehen pasartea da, eta duela hogei urte Denboraren makina hasi nuenean egin nuen lehenengoa ere bai; podcasta ere horrela hasi genuen. Bat egiten du nire sailaren eta podcastaren oinarrietako batekin: Eliza katolikoa egurtzea. Ez dakit Freudek zer esango lukeen, baina Kristoren prepuzioa espazio seguru bat da niretzat.
Zer geratu zaizu kontatzeko?
Gauza asko, historialariek gai asko ikuspegi berriekin ekarriko dituztelako.
Alegia, historiaren parte handi bat berridazteko dago.
Nire ustez, dena dago berridazteko, osorik. Historia ez da objektiboa. Historia, gizonezko garrantzitsuek serioago idatzia izanagatik, ez da objektiboagoa; alderantziz, normalean haiek interes eta botere batzuen zerbitzura idazten baitute. Objektiboa ez, zintzoa izan behar duzu: aldarrikatzailea batetik, eta autokritikoa bestetik. Euskaldunak zapalduak gara, baina konkista hor dago.
lotsabako
Pertsonaia historikorik aurrez aurre ikusi duzu inoiz?
9 urte nituela, Lady Di ikusi nuen Oslon.
Zerk ez zukeen gertatu behar?
Gizonezkoek. Bueno... genero banaketak.