Historiarekin kitatutako zorra

Cesar Oroz marrazkilariak komiki bat egin du Nafarroako Kontu Ganberaren zazpi mendeko historiaren inguruan, erakundea jendearengana gerturatzeko asmoz.

Nafarroako Kontu Ganberaren eraikinaren marrazkia. OROZ.
Iker Tubia.
Iruñea
2020ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Iruñeko Antsoleaga karrikan txintxeta bat dago lurrean iltzaturik, Campana karrikaren bidegurutzean. Iruindar askok uste du hori dela Alde Zaharreko punturik gorena. Mito bat besterik ez da, aitzitik. Txintxeta hari so, hiriko etxerik zaharrena dago, gotiko zibilaren erakusgarri nagusia. XIII. mende hondarrekoa izan litekeen eraikin hark biltzen du duela zazpi mende sortutako erakunde bat: Nafarroako Kontu Ganbera. Historia luze hori komiki liburuxka batean bildu dute orain: Orduko aditzaileak, oraingo auditoreak.

Nafarroako diru publikoa ikuskatzea da Kontu Ganberaren egitekoa. Modu horretan, bi helburu nagusi ditu: diru publikoaren kudeaketa ikuskatzea eta kudeaketa publikoa hobetzea, txostenetan eskaintzen dituen gomendioen bidez. Nafarroako Parlamentuaren menpeko da, baina modu independentean funtzionatzen du. Erakundearen funtzionamendua, haren historia eta eraikin hartan egon diren bestelako erakundeak jasotzen ditu komikiak. «Zenbakiei buruzko gauzak eta halakoak latzak begitantzen zaizkio jendeari. Umorearen bidez, historian barneratu litezke. Istorioen bidez, umorea da historiara ailegatzeko bidea», azaldu du Cesar Oroz marrazkilariak. Bera da komikiaren egilea.

Nafar askok «gauza abstraktutzat» jotzen dutela uste du Orozek, eta komikia testu «osagarri» bat dela, erakunde horri buruz gehiago jakin nahi dutenen abiapuntua. Fermin Erbiti ganberako komunikazio arduradunak esan duenez, gardentasuna ezinbestekoa da gisa horretako erakunde batean; horregatik ditu ateak zabalik herritarrek bisita dezaten. Ikasleak anitz joaten dira, eta haiengan pentsatuz sortu dute komikia, nahiz eta helduentzat ere egokia izan daitekeen. «Diru publikoaren kontrolaren garrantzia modu erakargarrian azaldu nahi genuen. Komikiaren bidez, 16 urteko gazte batek jakin beharreko guztiak jakin ditzake».

Karlos II.ak sortu zuen Kontu Ganbera, 1365. urtean. Gerrek eragindako egoera ekonomiko gogorra zela eta, erresumako finantzak kontrolatzeko erakunde iraunkor bat sortzea erabaki zuen. «Karlos II.aren idazkiak atentzioa eman zidan; bertan dio nolakoak izanen diren hango langileak: lau aditzaile orokor, gizon zintzo eta zuzenak; bi elizgizon, notario lanetarako; eta atezaina eta errege guardiak, aginduen betearazleak», esan du Orozek.

Aditzaileek erregearen izenean zergak biltzen zituztenen kontuak ikuskatzen zituzten; erregearen ondasunak administratu eta finantza kontuei buruzko aholkuak ematen zituzten. Berehala, zerga bilketa haren esku geratu zen, eta ogasun arloko auzitegi izaera hartu zuen. Nafarroako txanponen kalitatea, pisua eta beste ezaugarriak egokiak zirela egiaztatzea ere bazen aditzaileen lana. 1834an egin zuten azkenengo txanpona ganberaren egoitza berean zegoen txanpon etxean, Espainiako txanpon sisteman sartu zutenean.

Nafarroako Kontu Ganbera gaur egungo eraikinean dago 1524. urteaz geroztik. Dena den, beti ez da martxan izan. 1512tik, Gaztelak Nafarroa konkistatu zuenetik, saiakera anitz izan ziren ganbera ixteko. Indar gehiagorekin XVIII. mendetik aurrera, 1836an Espainiako Justizia Ministerioak iragarri zuen arte ganberaren bertan behera utziko zuela. 144 urtez egon zen itxita, 1980an Nafarroako Parlamentuak berriz martxan jarri zuen arte.

Kulturaren etxea

Ganbera itxita bai, baina eraikineko ateak ez ziren itxirik egon mende batez. Zenbait kultur erakunderen egoitza izan zen, eta hori ere azaltzen du komikiak. «Euskarak badu tokirik gure etxearen historian: hemen sortu zen Nafarroako lehenbiziko euskaltegi publikoa, 1950. urtean», azaldu du Erbitik. «Opuseko unibertsitatea ere hor hasi zen... badira istorio batzuk etxe honetatik pasatu direnak». Zuzenbidea eta kazetaritza han irakasten zituzten, gaur egungo campusera lekualdatu ziren arte.

Horren aurretik, Nafarroako Monumentu Historiko eta Artistikoen batzordearen egoitza izan zen 1868tik aurrera, baita Nafarroako museo artistiko eta arkeologikoarena ere, 1910ean. Ondoren,Vianako Printzea erakundea sortu zen, Nafarroako ondare historikoa eta artistikoa zaintzeko. 1940an izan zen hori, eta erakunde horren aterpe izan zen Kontu Ganberaren eraikina.

Esan bezala, 1980ko urteetan martxan jarri zuten berriz ere, baina 1995ean itzuli zen etxera; duela 40 urte. Urtemuga aprobetxatu dute komikia egiteko, eta erakusketa bat egin nahi dute. Orozek ohartarazi du liburuxkan zertzeladak ageri direla, motza baita, eta Nafarroako historia ezagutzearen garrantzia nabarmendu du: «Batzuetan, egungo politika hobeto ulertzen da historiari so eginez gero».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.