Historiaurrearekin ikasteko, lehiatzeko eta jokatzeko modua izango da gaur Zestoan (Gipuzkoa). Bosgarren urtez, Ekainfest jaialdia antolatu baitu Ekaingo kobazuloak kudeatzen dituen fundazioak, Ekainberrik. Berrikuntzaz beteta dator, gainera, aurtengo festa; esanguratsuena, historiaurreko olinpiadak, estreinakoz egingo baitituzte. «Antzinako bizimodua ezagutarazi eta jendeak ondo pasatzea da gure xedea», nabarmendu du Juanjo Aranburuk, Ekainberriko zuzendariak.
Antzinako Grezian egin ziren aurreneko Olinpiar Jokoak, eta haiek ardatz hartuta antolatu dute lehia. Horrenbestez, zerikusi gutxi izango dute egungo Olinpiar Jokoekin. Igeriketa, atletismoa, saskibaloia, txirrindularitza eta abar alde batera utzi, eta bestelako lehia edo erronka batzuk izango dituzte parte hartzaileek: guztira, lau.
Lehenengoan, historiaurreko etxola bat eraiki beharko dute lehiakideek. «Azken batean, garai hartako gizakien bizimodua irudikatu beharko dute. Egingo duten lana epaimahai batek aztertuko du. Bertan, besteak beste, historialariak, arkeologoak eta udaleko ordezkariak egongo dira». Puntuak jaso beharrean, azagaiak jasoko dituzte taldeek: azagaia antzinakoek ehizatzeko erabiltzen zuten bultzagailua da.
Hain zuzen ere, bultzagailu horiek oso garrantzitsuak izango dira bigarren probarako. «Ehiza proba izango da. Talde bakoitzeko kide batek, hain zuzen, benetako tamaina duten gomazko bost animalia ehizatu beharko ditu», azaldu du Aranburuk. Denbora tarte bat izango dute horretarako.
Ekain harria jarri diote izena hirugarren probari. Gizon proben parekoa da, eta taldeek harri berezi bat garraiatu beharko dute. «Herriaren erdian dagoen harri bat bultzatu beharko dute. Zenbat eta metro gehiago mugitu, orduan eta azagai gehiago jasoko dituzte».
Taldeen esploratzaile sena neurtuko dute laugarren proban. Kideetako bat esploratzaile izendatuko dute. Begiak estali, eta, gainerako taldekideen laguntzaz, su egiteko behar den materiala topatu beharko dute. Hori eskuratutakoan, sua egin beharko dute. Garailea, noski, su egiten duena izango da.
Ostegunera bitarte, zazpi taldek eman zuten izena. «Talde baino gehiago, tribu izena jarri diegu guk». Pozik daude erantzunarekin. «Zestoatik ez ezik, Getxotik eta Gasteiztik ere etorriko dira taldeak». Irabazleak txapela eta 600 euro eskuratuko ditu, besteak beste.
Olinpiadak amaituta, eguneko beste ekitaldi nagusia antzerkiari lotuta egongo da: iluntzean, 22:00 inguruan, Suaren etorrera antzezlana eskainiko du Zestoako Antzerki Eskolak. Lauiturritik Foru plazara bitarte izango da emankizuna. «Garai batean Ekainen bizi zen tribuko ordezkariak herrira jaitsiko dira, egungo Zestoako herritarrei garai bateko aurkikuntzak azaltzera. Haien artean esanguratsuena sua da. Hortik dator antzezlanaren izenburua».
Askotariko jarduerak
Ekainfest jaiari lotuta, prehistoriako herri bihurtuko da gaur Zestoa, eta, antzerkiaz eta olinpiadez gain, beste hamaika ekitaldi izango dira.«Herriko eragile nagusiek esku hartzen dute horietan, guztien festa baita». Horietako asko haurrentzat izango dira. Besteak beste, txikiek modua izango dute pottokaz Lauiturri eta Ekainberri arteko bidea egiteko. Tailerrak eta lehiaketak ere antolatu dituzte haientzat.
Gastronomiak ere izango du lekua. Izan ere, herriko tabernariek pintxo bereziak prestatuko dituzte gaurko festarako. «Historiaurreko pintxoak izango dira, eta antzina jaten ziren jakiez egongo dira eginda: basurdea, oreina, atuna... Oso modu berezian egongo dira prestatuta». Jan ahal izango diren pintxoen artean daude: oreina saltsan fruitu gorriekin, atuna antxoa eta Ibarrako piperrekin, onddoen saltsarekin egindako hanburgerra, olagarro zopa... «Proposamena taberna guztietatik osteratxoa egitea da, egun osoan eskainiko baitira».
Olinpiaden eta antzerkiaren artean, berriz, arkume errea dastatzeko parada izango da, Foruen plazan. 22:30ean, gainera, garai batean edaten zen edari bat probatu ahalko da: ezti ura. «Oso edari berezia da ezti ura. Ez da eztiz eta urez bakarrik egina. Alkohola du, eta hartzitua dago».
Jai eguna baliatuz, Zestoako lekurik esanguratsuenetara bisita gidatuak egongo dira egun guztian. Besteak beste, Lili jauregia, Ekainberri eta Zestoako bainuetxea ezagutzeko modua izango dute bertan parte hartzen dutenek. Bainuetxeko bisita arratsaldean izango da, eta beste biak goizean. «Lili jauregiko bisita gidatuetan parte hartzeko, izena ematea komeni da». Jauregian, Agur, Lili antzezlana ematen ariko dira.
Festa amaitzeko, Zestoako Berriketan taldearen kontzertua izango da Laranjadi plazan. «Oso talde berezia da, txalaparta eta flamenkoa uztartzen baititu kantuetan», nabarmendu du Aranburuk.
Historiaurrea,jakintza eta jolasa
Bosgarren urtez Ekainfest jaialdia antolatu du Ekainberri Fundazioak, haurrek, gazteek eta helduek antzinako bizimodua ezagutu dezaten.Olinpiadak dira aurtengo berrikuntza
Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu