Hitanoa entzuteko zain

Larunbatean Euskal Herriko II. Hika Topaketa egingo dute Markina-Xemeinen. Hitanoa biziberritzea da egitasmoaren helburu nagusia.

ZirHika mugimenduaren aurkezpena otsailean, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
ZirHika mugimenduaren aurkezpena otsailean, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
itsaso jauregi 2
2025eko azaroaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskarak askotariko erregistroak ditu, eta badu bat aproposa dena lagunartean erabiltzeko: hitanoa. Azken urteotan hitanoa biziberritzeko egitasmoak ugaritu egin direla dio Udako Euskal Unibertsitateak (UEU); hala ere, arnasguneak sustatzen jarraituko dute, eta larunbatean Euskal Herriko II. Hika Topaketa antolatu dute Markina-Xemeinen (Bizkaia).

Hika erdigunean jartzen duen jardunaldi hori UEUk, Zirhika mugimenduak eta Badihardugu euskara elkarteak antolatu dute. Kasu gehienetan eragileak nor bere aldetik ari ziren langintza horretan, besteak zertan zebiltzan jakin gabe eta elkarlanerako aukerarik gabe. Horregatik antolatu zuten 2023an Euskal Herriko I. Hika Topaketa, Oñatin (Gipuzkoa), hitanoa bultzatu nahi zuten eragileak batzeko. Topaketa horietatik sortu zen gaur egungo ZirHika taldea, toki askotako eragilez osatua, hainbat jarduera egin dituena hitanoa sustatzeko eta hika eragileak saretzeko.

II. Hika Topaketan ere elkar ezagutzeko eta elkarlanerako bide horretan jarraitu nahi dute, Markina-Xemeinen. Egitarau zabala antolatu dute larunbaterako. 09:30ean hasiko da ekitaldia, ongietorria eta jardunaldiaren aurkezpena eginez. Bertan, topaketetan parte hartu duten eragileen ordezkariek hitz egingo dute, eta, ondoren, Ibon Aginaga ZirHika taldeko kideak topaguneen testuingurua azalduko du bere hitzaldian. Ondoren, 10:30ean, Hitanoa bultzatzeko esperientziak izeneko mahai ingurua egingo dute, eta zenbait esparrutan hitanoa erabiltzen eta sustatzen duten kide batzuek euren esperientziaren berri emango dute: gazteen artean, eskolan eta abarretan hitanoa bultzatzeko egiten diren egitasmoak.

Hitanoa ahoan

Informazio guztia xurgatu ondoren, atsedenaldi laburra izango dute parte hartzaileek, eta, gero, beste mahai inguru bat. Hitanoak irratian duen rola aztertuko dute lau kazetarik 12:15ean: Segura Irratiko Olatz Etxeberriak, Irulegiko Irratiko Mariagnes Gorostiagak, Xiberoko Botzako Ximun Uthuraltek eta Tolosa Atariako Imanol Artolak. 13:30ean, Abarka taldearen mikroantzerkiaz disfrutatuko dute ikusleek, eta gero, bazkaltzeko tartetxo bat.

Sabela ongi bete eta gero, partaideak hiru taldetan banatuko dituzte. Lehendabiziko taldean galdera bat planteatuko dute: hika eragileontzat plataforma bat sortuko balitz —harremanetan egoteko, informazioa partekatzeko—, nolakoa izan beharko luke? Bigarren taldean, hitanoaren ikusgaitasunaren inguruan hitz egingo dute, eta hirugarrenean irakasleak trebatzeko metodoak planteatuko dituzte.

Hitanoa erdigunean jartzen duten jardunaldiei amaiera emateko, bertso saioak izango dira 18:30etik 19:30era. Ainhoa Agirreazaldegi, Miren Amuriza, Aner Peritz eta Amets Arzallus ariko dira bertsotan, baina saio irekia izango da jardunaldiko partaideentzat ere. Jardunaldian parte hartzeko, ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea, eta matrikula epea gaur amaitzen da. UEUren webgunean egin daiteke, eta 10 euro ordaindu behar dira. 

Topaketaren helburu nagusia saretzea da: elkar ezagutzea indarrak batzeko. Gainera, Euskal Herri mailako ikuspegia sortu nahi dute parte hartzaile guztien artean, tokian tokiko egoerak eta asmoak ezagututa. Etorkizunari begira ere, hurrengo pausoak planteatu eta zehaztu nahi dituzte: mugimenduak dituen indarguneak eta ahulguneak identifikatu ondoren. Ez da bakarrik hika jarduten dutenentzat. «Adituak baino gehiago, arituak batu nahi ditugu», adierazi dute UEUko webgunean. Hitanoa biziberritzeko lanean ari diren pertsonak gonbidatu nahi dituzte larunbatean: hika irakasleak, euskara teknikariak, euskara elkarteetako kideak, ikerlariak eta hitanoa bultzatzen ari diren bestelako eragileak, Euskal Herriko txoko guztietakoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.