«Ezeztatzeko erabiltzen den hitza»; «Urrearen ikur kimikoa»; «Bizkaieraz, antxumeak»... eta lotu, lotu eta lotu. Hutsuneak betez hitzak jostea, horixe baita hitz gurutzatuen magia. Nork bere kabuz egitea da aukeretako bat, baina, Euskal Herrian beste hainbat konturekin gertatzen den bezala, hitz gurutzatuak ere lehiarako aitzakia izan dira azken hamarkadan. Horren erakusgarri, Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa egiten dute urtero Irunen (Gipuzkoa), Aitzondo euskara elkarteak antolatuta —hamargarren aldiz egin zuten iaz, eta azaroaren 22an izango da aurtengoa—, eta, «ekinaldi horri jarraipena emateko helburuarekin», Hitz Gurutzatuen Udaberriko I. Txapelketa egingo dute maiatzaren 31n, igandean, Zarauzko Lege Zaharren enparantzan (Gipuzkoa). Zarauzko Zirika euskara elkarteak antolatu du.
Maiatzaren 28ra arteko epea dago izena emateko: labur-eus/udaberri-hitz-gurutzatu-26 helbidean edo Zarauzko turismo bulegoan eman daiteke izena. Bost euro ordaindu beharko dira lehiaketaren egunean bertan, eskudirutan. Bazkaltzeko aukera ere egongo da, 14:30ean, hogei euro gehiago ordainduta. Maiatzaren 28an, lehiakideek 09:30erako joan beharko dute Lege Zaharren enparantzara, 09:45ean hasiko da lehia, eta 13:30erako amaituko dela aurreikusi dute.Â
Parte hartzaileak banaka arituko dira lehian, eta bi taula osatu beharko ditu bakoitzak. 09:45etik 10:30era 10x10eko taula osatu beharko dute, eta 10:45etik 11:45era 12x12koa. Bi taulak batuta, hutsegite gutxien egin dituztenen arteko hiru lehiakide azkarrenak igaroko dira finalera. 12:15ean hasiko da finala, eta ordubete izango dute 15x15eko taula osatzeko. Lehen bi taulak paperean egingo dituzte lehiakideek, baina finala plastikozko taula handietan jokatuko dute, publikoa aurrez aurre dutela.
Bi diziplina edo maila izango ditu lehiaketak: batetik, Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketako maila; definizioak hitz jokoekin eta aipamen soziokulturalekin osatuta egongo dira kasu horretan. Bestetik, maila arrunta; definizioak egunkarietan agertu ohi direnak izango dira. Maila bakoitzak bere sailkapena izango du, eta, ondorioz, bi final jokatuko dituzte; hiru lehiakide izango ditu final bakoitzak. Garaikurrez gain, bi lagunentzako bazkari bonuak eta bestelako hainbat sorpresa banatuko dituzte amaieran. Zarauzko Kirkilla, Argiñano, Zubi Ondo, Pedro Enea, Telesforo eta Izeta jatetxeek parte hartu dute bazkari bonuetan.
Antolatzaileek aholkatu dute paperezko hiztegiak eta entziklopediak eramateko lehiaketara. Arkatzak, borragomak eta gainerakoak antolatzaileek jarriko dituzte.Â
Sarean entrenatzeko aukera
Euskarazko hitz gurutzatuak online egiteko webgune bat ere prestatu dute. Luma aldizkarian eta Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketan agertu diren hitz gurutzatu ia guztiak jaso dituzte gurutzatuak.eus webgunean. Gurutzegramak ordenagailuan egiteko eta bertan zuzentzeko aukera dago, baita laguntza eskatzekoa ere —letra bat eskatuz—. Aurrera begira, sarean lehiaketa bat antolatzeko asmoa dute proiektuaren sustatzaileek.Â