Abadea

Juanito Gallastegi: «Hizkuntza ez da ulertzeko bakarrik: ez da berdin 'aita' esatea edo 'papá'»

Juanito Gallastegi giro erabat erdaldun batean jabetu zen euskara babestearen garrantziaz: abadetza ikasketak egiten ari zela, Comillasen. Hamarkadak daramatza elizako edukiak itzultzen. «Liturgia bizkaieraz ere behar da; oraingoz, behintzat».

Juanito Gallastegi, irailaren 12an, Durangon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Juanito Gallastegi, irailaren 12an, Durangon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
amaia igartua aristondo
Durango
2025eko urriaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskara du ahotan etengabe, hari lotuta baitaude haren bizitzako pasarte asko eta hausnarketa ez gutxi. Hizkuntza identitatearen muina dela uste du Juanito Gallastegi Duñabeitia abadeak (Durango, Bizkaia, 1933). Eta identitate hori babesteko lanean ibili da urte askoan: euskara erabiltzen frankismoan, liturgia euskaratzen ostean, Arrate Irratian eta Anboto aldizkarian kolaboratzen hainbatetan. Omenaldia egin diote Elorrion (Bizkaia), 50 urte bete dituelako hango abade gisa. Aurretik, bost egin zituen Iurretan (Bizkaia), eta 11 Markina-Xemein aldean (Bizkaia).

Tontorretik begira liburuan (Labayru Ikastegia, 2011), esaten duzu oso bizirik dituzula gerrako oroitzapenak, eta, batez ere, Durangoko bonbardaketarena.

Nire lehenengo oroitzapena horixe da. Hiru urte, ia lau nituen, eta ama eta biok gosaltzen ari ginen. Aita fabrikara joan zen. Gosaltzen ari ginela, buuuuu entzun genuen: sirena. Orain ere entzuten dudanean... [uzkurtzeko keinua egin du].

Hunkitu egiten dizu?

Oraindino; urtero jotzen dute, gainera. Zer den, e? Ideien edo irudien arteko lotura, edo dena delakoa. Ama eta biok arineketa batean joan ginen etxetik. Gogoratzen naiz asto bat ikusi genuela, metrailagaz erdibituta. Astoa edo behia, ez dakit zer zen. Gudari batek ama ikusi zuen nigaz arineketan; heldu egin ninduen, eta hark eraman gintuen babeslekura. Fabrikatxo bat zen, trenbidea pasatu eta bertan. Emakume mordo bat zegoen, eta ume pilo bat. «Papeles, papeles» [paperak, paperak], esaten zuten atetik kanpo zeudenek. Izan ere, halan barik [eskuekin beheranzko ibilbide bertikal bat irudikatu du], halan jaurtitzen zituzten bonbak [ezker-eskuin mugitu du eskua, mantso]. Itxuran, Hitler entseguak egiten ari zen etorriko zen gerrarako; gero, bonbak zuzen jausten ei ziren. Horregaz ondo gogoratzen naiz: sabaiko oholak jausten ziren, ohol zati handi batzuk. Eta urteetara, nik oraindino uste nuen bonbak ohol zati handi batzuk zirela. Gero zera entzun behar, Comillasera joan nintzenean ikastera: «Gorri separatistek, beren ihesaldi lotsagarrian, su eman zieten Durangori, Gernikari...».

Gezurra zabaldu zuten.

[Atzamarrak kliskatu ditu, orduko irakasleari arreta eskatu ziola adierazteko]. «Ea, Gallas, zer diozu?», galdetu zidan irakasleak. Gallas esaten zidaten, Gallastegi deituragatik. Ez dakit zelan esango nuen: «Hori gezurra da», edo «hori ez da egia»… Irakasleak isiltzeko esan zidan. Poztu egin nintzen: «Bihar etxera bidaliko naute!». Deitu egin zidan gero. «Zergatik esan duzu hori?». Ordubete egon ginen berbetan. Gizajoa... Propaganda hain izan zen ikaragarria... Hark ia ikusi egiten zuen esaten ziotena. Nik, ordurako, bereizten nituen nik ikusitakoak edo aitak eta amak esandakoak, eta beste batzuek eta agintzen zutenen prentsak esandakoak.

Noiz erabaki zenuen abade izan nahi zenuela?

Orduko hartan, ume-umetatik joaten ziren ikastera. Nik 13-14 urte neuzkan... Baina bokazioa gero etortzen da. Filosofia eta teologia ikasketak egiten ari nintzela etorriko zitzaidan, 20 urteren bueltan. Comillasen alde guztietakoak geunden, [Espainiako] estatuko elizbarruti guztietakoak eta hegoamerikar mordoa, baita ordena erlijioso batzuetakoak eta apaiz egindakoak ere. Abade izan gura nuela esan nuenean, Comillasera joateko esan zidaten irakasle izan nituen Durangoko jesuitek.

«Durangoko bonbardaketaz ondo gogoratzen naiz: sabaiko oholak jausten ziren. Eta, urteetara, nik oraindino uste nuen bonbak ohol zati handi batzuk zirela»

Durangon pasatu zenuten gerra osoa?

Bai, baina bonbardaketaren ostean Ibarrurira joan ginen [Muxika], aitonaren jaiotetxera. Gernika handik hurren dago. Ni ez naiz gogoratzen, baina nagusiek Gernikako bonbardaketaren burrunba entzun zuten, baita kea ikusi ere. Irakasle hari esan nion Gernika ere bonbardatua izan zela, amak eta denek ikusi zutela, eta bertakoek ez ziotela sua eman. Sinistu ninduen, zehatz-mehatz esan nizkion-eta gauza guztiak. Hurrengo eskola eduki genuenean, lezio hori kenduko zuela esan zuen. Ez zen ausartu gehiagorik esaten ez egiten. Bonbapean egon, eta oraindino erre zutela entzun behar!

1943an hasi zinen Durangoko Jesuitetan ikasten. Elkarrizketa batean esan zenuen hor jabetu zinela beste mota batzuetako euskarak ere badaudela.

A, bai. Durangon, nire umetan erdaraz egiten zen. Bost ginen beti euskaraz egiten genuenak geure artean; gero jakin nuen nire beste lagun batzuek ere euskaraz zekitela. Arzallustarrak, aranzaditarrak, altunatarrak eta horiek etorri ziren Jesuitetara, ez dakit zenbat. Ezin ulertu! Denok euskaraz egiten, eta ezin elkar ulertu! Jesuitetan sarbideko urtea eta batxilergoko lehenengo biak egin nituen, ez zegoelako besterik, eta hirugarrena, Durangoko akademian. Han zegoen Luzia Sagastasoloa, ezagutu dudan pertsonarik jatorrenetarikoa. Apaiz batekin batera zuzentzen zuen akademia. Apaizari mila gauza egiten genizkion. Eta, ordea, etortzen zen Luzia, irribarreka, eta denak formal, baina ez beldurragatik. Haren irribarreak menperatzen gintuen. Irakatsi ere, argi eta garbi erakusten zuen. Urte hartan, moja sartu zen karmeldarretan, eta ez zuen gurekin kurtsoa amaitu. Betebehar handienetarikoak izan ditu emakume karmeldarretan.

Comillasera joan zinen gero, eta hamabi urte egin zenituen han. Hor piztu zitzaizun euskararen gaineko ardura?

Bai. Gasteizko seminarioak fama zeukan, irakasle onengatik, besteak beste. Jakina, ez zen euskararik egiten. Gero, hiru elizbarruti egin zirenean —Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan—, Derioko seminarioak behintzat euskara sartu zuen; garai hartako liburu ederrak dauzkagu, gainera. Karmelo Etxenagusia, Bilboko gotzaina izan zena, berton zebilen; umetatik lagun handiak ginen. Karmelok sartu zuen euskara Derion, eta, gainera, euskara zoragarria egiten zuen. Liburu oso polit bat dauka: Euskerea nire bizitzan [Labayru fundazioa, 2008].

Comillasko giroak zelan eragin zizun, orduan?

Guk, Comillasen, Herria hartzen genuen, [Piarres] Lafitteren aldizkaria, euskaraz ez ahazteko. Ulertu, erdia ere ez, baina ekin eta ekin [irribarrez]. Uste dut Gasteizko seminarioan egon izan banintz ez nintzela konturatuko euskara dela gu geu egiten gaituena. Eta erdaraz berdin-berdin dakigu, eta besteek baino hobeto, batzuetan.

1958an egin zinen abade, ezta?

Urtebete lehenago, nire lagunik handiena, Franco... Begira! Laguna nor, eta Franco [barrez]! Iñaki Franco zen, Barakaldon jaioa [Bizkaia], baina Sopuertakoa [Bizkaia]. Lagun itzelak izan gara bera hil arte, Sopuertako parroko zela, hain zuzen ere. Ordenatu baino urtebete lehenago, ama hil zitzaion; urtebete lehenago egin zen apaiz. Hurrengo urtean, gauza berdin-berdina pasatu zitzaidan neuri.

«Durangon, nire umetan erdaraz egiten zen. Bost ginen beti euskaraz egiten genuenak geure artean; gero jakin nuen nire beste lagun batzuek ere euskaraz zekitela»

Eta hurrengo urtean Iurretan (Bizkaia) hasi zinen.

Aitaren herrian.

Franco aipatu duzu, eta 1959a frankismo betea zen, justu. Elizan zer giro zegoen?

Euskaraz egitea ere politikan sartzea zen. Hori goitik behera gaindituta geneukan, ezta? Iurretako eskolako maisua erdalduna zen, baina ez frankista. Eskola eta eliza ondoan zeuden, eta hark umeak ekartzen zizkigun, guk katekesia emateko. Katekesia euskaraz ematen genuen. Ni Iurretako abade laguntzailea nintzen, eta Oromiñoko arduraduna. Parrokoari ez zitzaion gustatzen Oromiño. Errusia txikia esaten zion. Errusiak beste zentzu bat zuen orduan... Niretzat, Errusia txikia barik, zeru handia zen eta da! Oso ondo hartu ninduten Oromiñon. Aurten zerbait ospatu dute, eta, hirurogei urte txistua jo barik egon ostean, jo eginarazi didate. Comillaserako ikasi nuen txistua jotzen. Ezpata dantza ere han ikasi nuen, eta Zamorako batek erakutsi zidan [barre algaraka]. Barregarria da, ezta? Ezpata dantza Kantabrian ikasi, eta zamorar batek irakatsi.

Iurretan bost urte egin zenituen, eta Markina-Xemeingo (Bizkaia) Eskola Laboralean aritu zinen gero. Zuk erabaki zenuen aldatzea?

Iurretan nengoela, kleromoto esaten geniona etorri zen. Abadetzako nire lehenengo urtean, gutun bat sinatu genuen 339 euskal abadek. Kartak zera zioen: erregimenak hau eta bestea zuela txarra, eta Elizak ezin zuela bat egin horregaz. Francoren denborako lehenengo bonba izan zen. Hurrengo urteetan, denok aldatu gintuzten lekuz. Horixe izan zen kleromotoa. Gero, hamaika urte egin nituen Markinan, eta esan zidaten ea Elorriora joatea gura nuen.

1975ean hasi zinen Elorrion, Franco hil zen urtean. Aldaketa igarri zenuen?

Asko kostatu zitzaidan 11 urtetan egondako lekua eta gizaki maitagarriak uztea, baina oraingoan ez zen izan lehengoa bezala, agindu gogor baten bitartez egina: gizatasun osoz egindako eskaintza bat izan zen.

Hamarkada hartan hasi zinen Euskal Herriko Elizbarrutietako liturgia itzultzaileen taldean...

Bai. Baina nire lehenengo itzulpena badakizu zein izan zen?

Ipuin bat, ezta?

Bai. Victor Manuel Arbeloa nafarrarena [Erregenetako ipuina; 1956an argitaratu zen Anaitasuna aldizkarian, eta Gallastegiren Oiz eta Anbotoren kerizpean liburuan jasota dago (Erroteta, 2021)]. Arbeloak ez zuen abadetza utzi, baina politikan sartu zen buru-belarri. Nafarroako Parlamentuko presidentea izan zen. Comillasen ikaskide ginela esan zidan ipuin hori euskaraz agertzea nahi zuela, eta ea nik itzuliko nion.

«Abadetzako nire lehenengo urtean, gutun bat sinatu genuen 339 euskal abadek. Francoren denborako lehenengo bonba izan zen. Hurrengo urteetan, denok aldatu gintuzten lekuz»

1968an finkatu zen euskara batua. Elizak ere euskarazko testuak beharko zituen garai hartan... Itzulpengintzaren eztanda bat egon zen?

Arantzazuko Batzarra amaitu zenean, Euskal Herri guztiko talde bat sortu zen. Bizkaitik, Lontzo Zugazaga, Jose Mari Rementeria eta Mikel Zarate joaten ziren liturgia taldera, besteak beste. Behin Zaratek ezin zuela eta, neu bidali ninduten talde horren batzar batzuetara. Hantxe bai egon zela Euskal Herri osoa: zuberotar bat edo bi, Lapurdiko eta Nafarroako batzuk, Gipuzkoakoak gehien, eta Bizkaitik ere, batzuk. Ez dakit noiz arte, baina oraindino bizkaieraz ere behar da liturgia. Gure eliztarrei ez zara hasiko esaten eman dizkiot... Ez, ez: emon deutsadaz. Liturgia arloan, lehenengo gipuzkoarrek itzultzen dute testua batuan, eta gero guk bizkaierazko aldaerak sartzen ditugu, ahal den gutxien aldatuta.

Liturgiaz aparte, beste testu batzuk ere itzuli izan dituzu.

1989tik 2002ra, Bilboko Gotzaindegiko itzultzailea ere izan nintzen: kartak, agiriak, oharrak… Lan txikiak, baina ugari. Astean behin joaten nintzen Bilbora.

Hasieran, meza latinez emango zenuen, eta euskaraz gero. Noiz izan zen aldaketa?

Markinan nengoela izan zen [1964-1975]. Markinako fraideen burua zen Aita Migel Mariak euskarazko lehen meza eman zuenean, ezinean egon zen, emozioaren emozioz; oso zen euskaldun jatorra, herriko ikastola ere hark sortu zuen... Horregatik, hizkuntza ez da ulertzeko bakarrik. Ez gara robotak, askoz aberatsagoak gara. Euskaldun batentzat, ez da berdin aita esatea, edo papá, nahiz eta bata bestearen itzulpena izan; ezta erdaldun batentzat ere.

Bizkaiko Elizbarrutiko Bizkaian eleizea euskerearen alde dokumentalean, esplikatzen duzu garai hartan bi irizpide zeudela itzulpengintzan: berdintasun formala, hau da, hitzez hitz itzultzea; eta berdintasun dinamikoa. Bigarrena gailendu zen, ezta?

Bai. Itzulpenetan beti ahalegindu gara herriak uler dezan, herriak egiten duen hizkeratik hurren egoten.

«Ezkonduak zergatik ez dira apaiz izango? Teologia aldetik, ez dago eragozpenik. Zelibatua gizalege bat da, eta ez jainko lege bat»

Orain zertan zabiltza?

[Ordenagailua esnatu du] Liturgiako liburu batean: Gaixoen oliadura. Erritual bat da. Batuan dago, eta bizkaieratzen nabil. [Testua gainbegiratzen hasi da, aldaketak aipatzeko] Emoten... Hori ja bizkaieraz dago. Sufritzen dabenenganako... Gaixoa zaintzen dabenek...

Zelan ikusten duzu eliza gaur egun? Zer etorkizun aurreikusten diozu?

Beti itxaropentsu, ezta? Gauza asko dira aldatu behar direnak. Semper reformanda: beti berritzen. Aurreko aita santuak hortik jo zuen; ea berria lehengoaren modukoa den, gutxienez.

Zer da aldatzeko premiazkoena?

Ez nizuke esango, horretarako adinik ez dudalako. Baina bereizi behar dugu zer den ezinbestekoa eta zer aldakorra; eta, horien artean ere, zeintzuk diren aldatu beharrekoak eta zeintzuk ez. Gai asko daude, baina, esate baterako, denek ulertzen duten bat: abadetza ez lotzea zelibatuarekin. Guk libre, askatasun guztiarekin leporatu genuen gizalege hura, eta, beraz, bidezkoa dugu betetzea. Baina, berez, ezkonduak zergatik ez dira apaiz izango? Teologia aldetik, ez dago eragozpenik. Zelibatua gizalege bat da, eta ez jainko lege bat. Gizalegeak alda daitezke, eta aztertu egin behar da aldatu behar diren ala ez, edo noiz eta nola.

Iaz, ohorezko euskaltzain izendatu zintuzten. Aurten omenaldia egin dizute Elorrion, eta Karmelo Etxenagusia diploma eta Pro Ecclesia et Pontifice izendapena eskuratu dituzu Euskal Baliabideak taldeko beste kideekin batera... Bi urtean, aitortza asko. Zelan hartu dituzu?

Pozik. Dena den, pertsona normal bat izatea gura izan dut beti. Euskalduna naiz, sekulako aberastasuna dugu... Tira, hizkuntza guztiek daukate sekulako aberastasuna. Asko daude esaten dutenak: «Euskara, zertarako?». Zu zeu izateko! Horrek ematen digu identitate guztia, edo gehiena, behintzat. Batzuek uste dute euskaldunok euskaraz egitea erdararen kontra joatea dela. Eta ez. Bilboko gotzain izan zen batek zera esan zigun behin Euskal Baliabideak taldekooi: «Horretan baino ez duzue pentsatzen». Astelehen batzuetan biltzen ginen taldeko kideak, eta hark geure ondoan jaten zuen. «¿Qué tal el vascuence?», galdetzen zigun. Eta guk: «¿Y qué tal el castellano?» [barrez]. Bitxikeria bat balitz lez... Normalena hartu dugu bitxikeriatzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.