Udako proposamenak

Hogei urtez lasai eta zentzuz

Asteburu honetan, Festilasai jaialdiak kaleko kulturaz jantziko du Miarritze. Duela hogei urteko helburuek bizirik diraute oraindik: karrikako kultura eskuragarria aldarrikatzea.

Aurtengo Festilasairen aurkezpena, uztailaren 9an. PATXI BELTZAIZ
Aurtengo Festilasairen aurkezpena, uztailaren 9an. PATXI BELTZAIZ
Maddalen Omaetxebarria
2026ko uztailaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Festilasai jaialdiak hogeigarren urtez koloreztatuko du aurten Miarritzeko Irati auzoa (Lapurdi), borondatezko lanari esker. Ostiraletik igandera, festibaletan ohikoa den zuzeneko musikaz gozatu ahalko dute Miarritzen biltzen direnek, baina gaur egun ezohikoagoa den formatu batean. Karrikako kultura eskuragarria aldarrikatuko dute antolatzaileek asteburu osoan, kirol erakustaldiak eta kultur ekitaldiak eskainita.

Musika, grafitiak, skatea... Arratsaldeko seietatik goizaldeko ordu biak arte askotariko ekitaldiak nahasiko dira Miarritzeko skate parkearen inguruan, guztiak ere aire zabalean. Antolatzaileek «jaialdiaren estilo libreari eta jatorrizko espiritu askeari» eutsi nahi izan diete hogeigarren aldi honetan ere, «giro atsegina sustatuz eta formatu itxiak arbuiatuz».

Egitarauak gau pare bat iraungo du, eta sei musika talde oholtzaratuko dira gau bakoitzeko. Egitura irekiago bati eta kultura ulertzeko bestelako moduei bide eman nahian, hainbat estilok beteko dute eszenatokia: ostiralean punk eta metal doinuak izango dira nagusi; larunbatean, ostera, Karibeko melodia psikodelikoak dantzatu ahalko dira.

Urtez urte, lagun talde batek atera du aurrera Festilasai jaialdia, denek ere boluntario gisa lan eginez. Duela hogei aldi abiatutako bideari jarraikiz, kaleko kulturaren inguruan elkarreragiteko esparru bat zabalduko du aurten ere jaialdiak, non hierarkiek ez duten lekurik izango. «Maitasunez etxean egindakoak» etorkizun oparoa duela erakutsiko dute beste behin ere, antolatzaileek ziurtatu baitute ekinaldia bere «urterik onenetan» dela, eta datorrenari eusteko «gogotsu» daudela.

Zentzuz jokatzeari ere garrantzi handia eman diote antolatzaileek, zentzu guztietan. Festilasai benetan irekia izan dadin eta guztien eskura egon dadin, prezioetan «zintzo» jokatu dute aurten ere: aurresalmentan, 15 eurotan eros zitekeen bi egunetarako bonoa, eta azken orduan batuko direnek 24 euro ordaindu beharko dituzte. Ingurumena zaintzeari ere berebiziko garrantzia ematen diote jaialdiaren sustatzaileek, eta hainbat eragileren laguntza izango dute zeregin horretan, urteotan garatutako lankidetzei esker.

Egun bi, mila plan

Hogeigarren urteurrena ospatzeko, musika eskaintza aberatsa eta askotarikoa izango da. Dozena bat talde oholtzaratuko dira; gau bakoitzeko, sei. Latzen izango da ostiraleko talde nagusia; urte askotako etenaldiaren ostean, Momento Mori single berria aurkeztuko du Gipuzkoako talde horrek. Euskal Herriko metal talde ospetsuaren itzulera girotzeko, erritmo bizkor eta zaratatsuak nabarmenduko dira egun horretan: Les Serruriers Noirs (ska-punk) eta Krav Boca (punk-rap) Tolosakoak, Khazadur hirukotea (heavy-rock) eta Cold Stress (punk-hardcore) Baionakoak, eta Kimule (metal) Suhuskunekoa (Nafarroa Beherea).

Larunbatean, aldiz, soinu psikodelikoak izango dituzte jaialdian, egitarauari giro «lasaiagoan» amaiera emateko. DJ saioak eta zuzeneko musika izango dira gau horretan. Batetik, Erresuma Batuko Quantic taldeak, eta Miarritzeko Jacob eta Carl Altxor aita-semeek jarriko dute dantzan publikoa, binilo eta guzti. Bestetik, Kolonbiako Pambele taldea, Kume Euskal Herrikoa eta Argentinakoa, Mungo’s Hi Fi Eskoziakoa eta Aziza Jaye Erresuma Batukoa igoko dira oholtzara, askotariko instrumentuekin; doinu tradizional eta psikodelikoak uztartuko dituzte.

Musikaz bestelako ekintzak ere izango dira. Larunbat gauean, Miarritzeko skate parkeko lagunek emanaldi bat egingo dute, urtero legez, eta jaialdiak irauten duen bitartean tokiko artistek beste diseinu bat hormaratuko dute grafitia adierazpide artistikoa eta bizia dela aldarrikatzeko. Atsedena edo solasaldiak nahiago dituztenen tokia, berriz, Lasai Herrixka izango da: mahaiz eta sofaz hornituko dute gune hori, eta lagunartean erronkak proposatu. Han izango dira, besteak beste, Mintza Lasai euskara elkartea eta Bio Divers Cite natura elkartea.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA