Gehiengoaren hizkuntza izatetik gutxitua izaterako bidea hartu du hokkienerak. Milioika hiztun ditu Asiako hego-ekialdeko zenbait herrialdetan: Txinan, Taiwanen, Malaysian, Singapurren, Filipinetan... Dena den, «hiltzeko bidea» hartu duela uste du Tze Wei Sim (Penang, Malaysia, 1980) hizkuntza ekintzaileak. Horren gainean mintzatu zen herenegun, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean, ikasturte honetako Hitza Adina Mintzo zikloaren azken saioan.
Zeintzuk dira hokkieneraren gainbeheraren adierazle nagusiak?
Belaunaldi berriek zaharren hizkuntza moduan hartzen dute, hizkuntz zaharkitu moduan.Ohikoa da hori desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzetan. Alegia, ez da modernotzat hartzen hokkieneraz hitz egitea. Horretaz gain, hizkuntza hori hitz egiteko testuinguruak geroz eta urriagoak dira, eta, horrekin batera, lexikoa galtzen ari da.
Nola ari da galtzen hokkieneraz egiteko testuingurua?
Hein handian, erabilera eguneroko bizimoduko gertakarietara mugatuz joan da. Janariaz hitz egiteko erabiltzen da, edariaz, baina ez zientziari buruz edo politikari buruz hitz egiteko. Estatu hizkuntzek hartu dute hokkieneraren tokia horri buruz egiteko. Ondorioz, hitz asko erabiltzeari utzi zaio. Lexikoa pobretuz joan da.
Nola gertatu da hori?
Gobernuaren laguntza behar da hizkuntza testuinguru ezberdinetan erabiltzeko. Hezkuntzan erabiltzen baduzu, hizkuntza aberastuko da. Haziko da. Testuinguru berrietan hitz egingo da eta ahaztuko ez diren hainbat hitz erabiliko dira, baita berriak sortu ere. Hokkienera estatu hizkuntzek baztertu dute eremu horietan guztietan.
Hokkienera herrialde askotan hitz egiten da. Inon ez da irakasten? Ez da hezkuntzan erabiltzen?
Duela ehun urte bai. Leku batzuetan, duela 30 urtera arte gorde da hezkuntzan. Gaur egun, ordea, erabilera eremua hain da mugatua, ezen baztertua izan baita leku guztietan. Horrek ondorioak ekarri ditu, noski. Ez denez eskoletan irakasten, inork ez daki nola irakurtzen den. Ez da alfabeto bateanoinarritzen, ez dago letrarik, piktogramen modukoak dira. Horrenbestez, ezagutzen ez den bat ikustean ezin da jakin nola irakurri.
Aurretik oso zabalduta egon zela aipatu duzu. Agiririk ba al dago?
Badaude, bai. Hokkienera berreskuratzeko bidean badago non ikertu. Dena den, mutur horretara heldu aurretik esku hartu behar dugu.
Non zuen hokkienerak egoera onena?
Txinan. Han ez baitago hokkienera ezabatzeko ageriko erabakirik; gobernuari ez dio axola, baldin eta mandarinera badakizu. Edonola ere, horrek ere hizkuntzaren gainbehera ekarri du. Mandarineraz egiten baduzu, zertarako behar duzu hokkienera?
Iraul al daiteke egoera?
Oraingoz ez. Jendeak dialekto gisa hartzen du. Kanpaina bat abiarazi dugu hizkuntzari prestigioa emateko: Speak Hokkien Campaign (Hokkieneraz Mintzatu kanpaina).Ospe ona eman nahi diogu. Hokkienera berezko hizkuntza dela uler dezatela nahi dugu. Bestela, ezin izango dugu ezer egin, dialektotzat jotzen duten bitartean, ez baitute aintzat hartuko.
Hizkuntzaren transmisioan ere etena gertatu da. Zergatik?
30 urteko pertsona askok hitz egiten dute. Ordea, ez dute haien seme-alabekin hitz egiten. Martxan dugun egitasmoak transmisioa sustatu nahi du. Egungo hiztunek pentsatzen dute maila sozial apalekoen hizkuntza dela, eta umeek hitz egingo balute eman dezaketen irudiaz kezkatuta daude.
Nork eragin behar du ospe on hori itzultzeko lanean? Gobernuek, hiztunek...
Aipatu dituzu bi horiek, behinik behin. Egoera zaila da. Hiztunei berdin zaie. Gobernuek ere ez diote garrantzirik aitortzen. Askotariko egoerak zeuden; lekuaren arabera jarrera ezberdinak daude. Ez da gauza bera Taiwan, non hizkuntza bat dela antzematen hasi baitiren, edo Txinan. Azken horretan askok hitz egiten dute, baina ez daude arriskuaz ohartuta.
ATZEKOZ AURRERA. Tze Wei Sim. Hizkuntza ekintzailea
«Hokkieneraz egiteko eremua geroz eta urriagoa da»
Hokkieneraren erabilera esparruak urrituz joan diren heinean, lexikoa ere pobretuz joan dela ohartarazi du Tze Wei Simek. Horren aldean, prestigioa itzultzearen garrantzia goratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu