ATZEKOZ AURRERA

Hormaren barrunbeak

Jose Luis Zumetaren Usurbilgo muralak 50 urte bete ditu, eta hura eraikitzeko prozesuan oinarritutako erakusketa antolatu dute. Bisita gidatua egin du Usoa alabak.

Jose Luis Zumetaren sinadura, muralean. JON URBE / FOKU.
jakes goikoetxea
Usurbil
2023ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Pilotaren kalaka entzuten zen atzo goizean Usurbilgo pilotalekuan (Gipuzkoa). Lurrean gozo, frontisean bortitz. Frontisaren horma berean, baina beste aldean, kalera begira, artelan bat: Jose Luis Zumeta artistak (Usurbil, 1939 - Donostia, 2020) egindako zeramikazko mural koloretsu eta erraldoia. Paisaiaren zati, herriaren ikur.

50 urte bete dira Zumetak murala egin zuenetik. Mende erdiak murala etxeko bihurtu du, baina gero eta ezkutuago utzi du hura egiteko prozesua: 1970eko hamarkadaren hasierako udal agintarien ausardia, frankismo urteetan halako obra baten alde egiteagatik; Zumetaren ausardia, menderatzen ez zuen material eta teknika batekin obra handi bati heltzeagatik; eta urtebeteko artista eta artisau lana, 1973ko apiriletik 1974kora.

Prozesua bera azaltzeko eta Zumetak eskulturarekiko zuen interesa erakusteko, erakusketa antolatu dute Usurbilgo Sutegi aretoan, Zumeta Arte Estudioak eta Usurbilgo Udalak elkarlanean. Usoa Zumetak, Jose Luisen alaba eta artistak, bisita gidatua egin zuen atzo goizean, hogei bat lagunentzat.

Erakusketaren hasieran, murala bera, baina eskala txikiagoan margotua. Olio margolan bat. Zumetak udaleko ordezkariei aurkeztu zien proiektua. «Garai hartako pinturaren isla da; bera mundu horretan zegoen orduan, abstrakzioan», azaldu zuen Usoa Zumetak.

1970eko hamarkadaren hasieran, udalak urbanizatu egin nahi zuen baratzez osatutako eremu bat, eta Zumetari proposatu zion horma biluzia janzteko. Zumetak pintatu egiten zuen batez ere, baina pintura ez zen egokia kalerako; zerbait iraunkorragoa behar zuen. Zeramika esmalteztatua aukeratu zuen.

Zumetak, baina, «ez zuen ideiarik» zeramikari eta esmalteei buruz. «Teknika berria zen beretzat. Ez zuen sekula lan egin zeramikarekin, eta informazio oso gutxi zegoen». Dena ikasi behar izan zuen, probatu: «Aitaren izaera hori zen: proiektu bati aurre egin behar zionean, beldurrik gabe joaten zen, eta erabat horretara jarrita. Indar hori zuen».

Buztina egosi egin behar zen, eta Zaragozara (Espainia) joan ziren bigarren eskuko labe elektriko bat erostera. Bidaian, labeaz gain, liburu batzuk ere erosi zituzten, eraikuntzako teknikei buruzkoak. Erakusketan daude.

3.000 pieza

Antton Elizegiren zuri-beltzeko argazkiak dira erakusketaren muina. Prozesuaren testigantza kronologikoa. Nola ondo antolatu behar izan zuten lana: bederatzi metro luze eta hamasei metro zabaleko horma, 3.000 piezatan banatuta. Muralaren planoak egin zituzten, irudia koadrotan banatuta eta bakoitzari bere zenbakia jarrita. Hemezortzi tona buztin oratu, zurezko moldeetan forma eman, moztu, pieza bihurtu, atzetik hustu —porlanarekin hormari hobeto itsasteko—, sailkatu, biltegiratu, esmaltea eman, eta metro koadro bateko labean egosi. Udalak utzitako lokal batean lan egin zuen Zumetak, eta, murala hain handia zenez, ezin izan zuen osorik ikusi frontoian jarri arte.

Maiona sagardo fabrika zuten lokalaren aurrean, eta sagardoarentzako ziren egurrezko kaxetan eraman zituzten piezak kamioian hormara. «Gidaria azkar samar ibiltzen zen, eta bidean pieza batzuk puskatu ziren». Entzuleek barre egin zuten.

Erakusketa ez da muralari buruzkoa soilik. Zumetaren eskultura batzuk daude —pipa batean egindako autorretratu bat tartean—, eta baita muralaren aurreko plazan urte askoan egon zen txirrista ezagunaren argazkiak ere—Zumetak diseinatu zuen plaza—.

Erakusketako ibilaldia bukatuta, Usoa Zumetak murala ikustera gonbidatu zituen bisitariak. «Hamasei pieza falta dira». Ez dituzte jarriko. Urteurrenaren aitzakian, garbitu eta egonkortu egin dute, okerrera ez jotzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.