Diseinatzaile grafikoa

Irati Antia: «Argi izan behar dugu historian zer leku hartzen dugun»

Julian Zulueta Amondo XIX. mendeko esklabistaren bizitzan oinarrituta, ikerlan bat egin du Irati Antiak: 'Azukre beltza'. Abenduaren 22ra arte ikusgai egongo da Gasteizko Labe gunean.

13348294
Irati Antiaren 'Azukre Beltza' erakusketa ikusgai dago Gasteizko Labe gunean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Maixa Utrera Puelles.
2023ko azaroaren 23a
05:00
Entzun

Izendapen ugari egin zizkioten Julian Zulueta Amondo enpresaburu eta azukre ekoizleari (Anuzita, Araba, 1814 - Colon, Kuba, 1878), 64 urterekin zaldi batetik erori eta eragindako zauriengatik hil zen arte: Habanako alkatea, Arabako Gorteetako diputatua, Habanako Espainiar Kasinoko zuzendaria, Arabako markesa eta abar izan zen. Baina bada, errekonozimendu horien guztien gainetik, beste irudi bat, deskribapen egokiago bat akaso, Zulueta Amondo ondo definitzen duena: afrikarren eta txinatarren esklabista «zorrotz eta zitala» izan zen. Hala gogoratzen dute hura ondo ezagutu zuten esklaboen oinordekoek. Hari buruzko ikerketa lan bat egin du Irati Antiak (Gasteiz, 1994): Azukre beltza.

Nola egin zuen topo diseinatzaile grafiko batek XIX. mendeko esklabista batekin?

Entzunda neukan haren berri. Ikerketa lanari ekin aurretik jada jabetu nintzen Gasteizko hainbat gunek dutela abizen hori: Zulueta jauregia, Elvira Zulueta kalea… Baina Kutxaratxas taldearen Zulueta abestia entzutean lotu nuen lehenengo aldiz esklabotzarekin. Interesa piztu zitzaidan, eta gaiari buruz irakurtzen hasi nintzen. Irakurri ahala, zerbait sortzeko gogoa izan nuen.

Julian Zuluetaren historia kontatzeko, Azukrebeltza.eus webgunea eta abenduaren 22ra arte Labe espazioan ikusgai egongo den erakusketa prestatu dituzu. Zein da bakoitzaren funtzioa?

Webgunea Zuluetaren bizitza urtez urte nolakoa izan zen irudikatzeko erabili dut, eta artxiboko irudiekin osatu dut kontakizuna. Erakusketa, berriz, iradokitzaileagoa da, artistikoagoa. Sentsazioak erreproduzitu nahi izan ditut: bidaia, esklabotza, itsasoa, azukrea… Istorioaren geruza bat gehiago da.

Zein da Azukre beltza-ren helburu nagusia?

Batetik, neure grinak asetzea. Bestetik, Zulueta nor zen eta zer egin zuen plazaratzea. Uste dut jendea hausnartzera bidera dezakeela lanak. Ez da lan edo ikerketa akademiko bat, baina noizbait pertsona bati gai hau burura etortzea lor dezake, eta hori bada zerbait.

Zenbat iraun du prozesuak?

Urtebete. Lehenengo zatia izan da luzeena: irakurri eta irakurri, ondo dokumentatzeko. Gero, inflexio puntu bat egon zen: Kubara joan nintzen. Izan ere, Zulueta han bizi izan zen 18 urte zituenetik.

Kubara? 

Oporretan joan nintzen, nahi nuelako; baina ikertzeko aukera ere ikusi nuen. Oso ezaguna da hangoen artean.

Nola gogoratzen dute?

Don Julian deitzen diote. Eta harrigarria da nola hitz egiten duten hari buruz. Esklabista «zorrotz eta zital» gisa gogoratzen dute, baina, aldi berean, lasai asko azaltzen dituzte euren aurrekoei egin zizkien torturak. Are gehiago, badira Zuluetaren metodoak zalantzan jarri arren haren estrategia ekonomikoa goraipatzen dutenak ere.

Nola da posible?

Badakite esklabista eta torturatzailea izan zela, baina historiaren parte dela asimilatu dute. Hala ere, ez dira nahastu behar asimilazioa eta etsipena. Badira esklaboen memoria historikoa zaintzeko proiektuak Kuban, noski. Adibidez, Eneida Villegas Zuluetaren auzo proiektua: Tras la huella de nuestros ancestros [Geure arbasoen arrastoan].

Nor da Eneida Villegas Zulueta? 

Zuluetaren semeari titia eman zion esklabo baten oinordekoa. Kuban, Zulueta abizena nonahi entzun daiteke. Colongoen %25ek Zulueta abizena dute lehen bi abizenetako batean, eta %8k bi abizenetan.

Kolonialismoaren XIX. mendeko formaz —esklabotza, tortura— hausnartzeko atzera begirako lan bat da, edo badu kutsu garaikiderik?

Dekolonialismotik begiratu behar zaio lan honi. Bakoitza historia baten parte da, eta horrek eragina izan du munduko beste txoko askotan. Argi izan behar dugu historian zer leku hartzen dugun eta ditugun pribilegioak nondik datozen.

LOTSABAKO

Diseinatzaile grafiko ez bazina?
Agian, irakaslea.

 

Interesa pizten dizun beste gairen bat?
Bai, asko. Kuban egon eta gero, Filipinen historia ikertzeko gogoa piztu zait.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.