Ikus-entzunezko garaikideetan, ikusizko asko bai, baina entzunezko gutxi

Soinuak komunikazioan duen garrantziaz aritu da Euneiz unibertsitateko Aitor Castillo irakaslea Gasteizko FesTValen emandako ‘Algoritmo ikusezina’ hitzaldian. Argi du: soinuak erabat baldintzatzen du ikusleen pertzepzioa.

Castillo, hitzaldiaren tarte batean. FESTVAL
Castillo, hitzaldiaren tarte batean. FESTVAL
Peru Amorrortu Barrenetxea
Gasteiz
2026ko irailaren 11
13:07
Entzun 00:00:00 00:00:00

Telebistaren inguruko jaialdia da Gasteizko FesTVal, eta, pantaila bat tartean den orotan gertatzen den legez, irudia gailentzen da beste edozeren gainetik. Ikus-entzunezkoen arloak, ordea, bi atal ditu, ez soilik pantailan ageri den irudia: mikrofonotik ateratzen den soinuak ere badu garrantzia. Bada, senide txiki ahaztu horrek duen garrantzia jorratu du Euneiz unibertsitateko Aitor Castillo irakasleak hitzaldi batean. 

Algoritmo ikusezina izena jarri dio Castillok hitzaldiari. Izan ere, soinua ezin daiteke ikusi, baina erabat baldintzatzen du ikusleen pertzepzioa. Esperimentu sinple baina eraginkor batekin erakutsi du hori Castillok: entzuleei eskatu die aurkezpen pantailaren eskuinaldera begiratzeko, bideo bat erreproduzitzen ari zen bitartean. Bat-batean, bi soinu bortitz entzun dira, eta pantailaren ezkerraldean nolabaiteko distira ikusi ahal izan da. Zenbat argi distira izan dira, ordea, bat ala bi? Entzuleek argi dute, denek altxatu baitute eskua bi ikusi dituztela adierazteko. Bakarra egon da, baina, eta bi hots entzun izanak erabat baldintzatu du publikoaren pertzepzioa, bat zen lekuan bi ikusarazteraino. 

Gerturatu eta lau

Erakustaldi hori baliatu du Castillok soinuak ikusleen pertzepzioan zer eragin duen irudikatu eta horren efektuak agerian uzteko. Desinformazioaren aro honetan, soinuak ere badu garrantzia. «Bideo berbera audio ezberdinekin jarrita egindako esperimentuek erakutsi dutenez, audioa kalitate okerragokoa denean ikusleek uste dute hizlaria edo aurkezlea ergelagoa dela, ezjakinagoa. Kalitate txarreko soinuaz lagunduta badator, ez diogu hainbesteko kasurik egiten informazioari», azaldu du Castillok.

Eta hor agertzen da paradoxa: audioak berebiziko garrantzia badu ere ikus-entzunezkoetan, irudiaren hipertrofiaren garaiotan, ikusleei iristen zaien audioaren kalitatea gero eta okerragoa da. «Soinua hurbilduz joan zaigu, eta, hala, kalitatea okerragotuz joan da», laburbildu du egoera Castillok. Egongelako telebista katodikoarekin hasi zen segida azaldu du irakasleak: hasieran, egongelako horman egoten zen telebista, ikuslearengandik bi edo hiru metrora, eta soinua aurrerantz proiektatzen zuen. 

Telebista lauak iristean, berriz, telebisten tamaina txikituz joan zen, eta, horrekin batera, mikrofonoak ere txikiago bilakatu, baita kalitate okerragokoak ere. Gaur egun etxeetan nagusi diren hazbete ugariko telebista lauek ez dute lekurik mikrofono onentzat, eta soinua beherantz proiektatzen dute. Hori nahikoa ez, eta telefono adimendunen iraultza iritsi da, haririk gabeko entzungailuen iraultza harekin dakarrela. «Orain, soinua ez zaigu urrunetik iristen, garezurraren barruan bertan dugu, bertatik-bertara. Horrek intimitate fisiologikoa sentiarazten digu, eta ez dugu soinua berdin prozesatzen distantzia horietan», deitoratu du Castillok.

Soinuarekin, beraz, urrutiko intxaurrekin gertatzen zen gauza bera gertatu da: urrutitik hamalau ziren, eta hobeto entzuten zen, baina, gerturatu ahala, lau bilakatu dira, bluetooth bidez konektatzen diren kaskoek ere muga handiak baitituzte. Horrek aldaketa handiak eragin ditu soinugintzaren industrian ere, streaming plataformen aro honetan soinu nahasketarako estilo berezia gailendu baita. «Zinemarako eginda dauden pelikulak Netflixen eta antzeko plataformetan ikusten ditugunean, euskarri horretarako prestatuta ez zeuden soinu nahasketekin topo egiten dugu. Zer egiten dute plataformek? Elkarrizketak lehenesten dituzte ororen gainetik, telesaila sakelakoan ikusten dutenek eta atzeko planoan jarrita dutenek dena ongi entzun dezaten. Emaitza? Leherketa bat eta marmar bat maila berean egotea».

Paisaia ilun hori kontuan hartuta, soinuaren garrantzia nabarmendu du Castillok. Entzuleen artean, baziren aurpegi gazte ugari, horietako asko ikus-entzunezkoen alorreko lanbide heziketako ikasleak. Gai izango ote dira ikus-entzunezko garaikideetan falta den osagarria —entzunezkoa, alegia— jartzeko? Etorkizunean entzungo da erantzuna.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA