'Imanol: Azken kontzertua' lana Primeran-en ikusgai, gaurtik

Javier Gutierrezek zuzendu du dokumentala. Lanak Imanol Larzabalen bizitzako ertzak lantzen ditu, eta haren kantak ere entzuten dira

Imanol: Azken kontzertua dokumentalaren afixa. ON TIME EKOIZPENAK.
urtzi urkizu
2023ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Imanol Larzabal musikaria (Donostia, 1947-Orihuela, Espainia, 2004) omentzen duen dokumental berri bat ikusgai da Primeran plataforman. Imanol: Azken kontzertua izena du lanak, zuzendaria Javier Gutierrez da, eta On:Time ekoiztetxeak produzitu du. Iñigo Kintana arduratu da errealizazioaz eta muntaketaz. Dokumentalean musikari donostiarra ezagutu zutenen lekukotzak tartekatzen dira, eta, bestetik, hainbat musikarik Imanolen abestiak kantatu dituzte —Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian egin zituzten grabaketak—.

Dokumentalaren aurrestreinaldia herenegun egin zuten, Bilbon. Gaurtik aurrera, berriz, edonoren esku dago —Primeran plataforma doakoa da—. ETBren asmoa da aurrerago ETB1 katean emititzea.

Javier Gutierrezek adierazi du Imanolen inguruan egin diren beste dokumental batzuen aldean «osatuagoa» dela berak zuzendutakoa —adierazpenak gaztelaniaz egin ditu Gutierrezek—. «Dokumentala oso musikala da, eta hainbat bertsio entzun ahalko dira». Besteak beste, Olatz Salvador, Mikel Urdangarin, Eñaut Elorrieta, Xabier Euzkitze, Thierry Biskari, Noa Lur eta Maite Larburu kantariek jarri diote ahotsa Imanolen abestiei. «Bertsio horiek estetika oso zinematografikoa dute dokumentalean».

Imanolen bizitza kontatzeko, berriz, Joseba Sarrionandia idazlea eta Amaia Zubiria eta Paco Ibañez musikariak elkarrizketatu dituzte. Hizketan ageri dira Anjel Lertxundi, Xabier Amuriza, eta Koldo Izagirre idazleak, baita beste hainbat sortzaile ere.

Gutierrezek azaldu du dokumentalak Imanolen bizitzaren errepasoa egiten duela, hura ezagutu zutenen lekukotzen bitartez. «Imanolen bizitzak amaiera tragikoa izan zuen, eta uste dut orain arte ez zegoela ondo kontatua. Gainera, Imanolen bizitzak ertz asko izan zituen, eta horiei heldu diegu». Hala ere, ez du ikuspegi erabat tristea ematen. «Dokumentala mezu baikorrarekin bukatzen da, Imanolek ondorengoentzat utzi duena aipatuz. Bilboko aurrestreinaldian jendea hunkituta atera zen».

Filmeko zuzendariaren arabera, hainbat elkarrizketatuk autokritika hitzak egin dituzte Imanolen inguruan: «Zenbaitek diote ez zutela ahal zen guztia egin Imanolengatik».

Gutierrezek nabarmendu du filma Euskal Herriko «argazki album baten modukoa» ere badela. «Filmak Imanol bizi izandako garaira eramaten du ikuslea. Ikus-entzule asko islatuta sentituko dira».

Primeran plataforman bertan, Pausoka ekoiztetxeak 2014. urtean egin zuen Imanolen ausentzia dokumentala dago ikusgai. Imanolen senide, lagun eta gertuko musikarien testigantzak zituen oinarri lan hark.

Eduki gehiago Primeran-en

Irailaren 15ean jarri zuten martxan Primeran streaming plataforma, eta, ondotik, katalogoa osatuz joateko konpromisoa hartu dute. Hortaz, astero eduki berriak jarriko dituzte bertan.

Aste honetan, esate baterako, Porno belaunaldia dokumental saioaren laugarren eta azkeneko atala jarri dute; beraz, osorik ikus daiteke euskarara bikoiztuta. EHrasmus izeneko saioaren beste atal bat ere estreinatu dute; Euskal Herriko bost gaztek Erasmus esperientziaren egunerokotasuna dokumentatzen dute.

Beste alde batetik, factual formatuko hiru saio sareratu dituzte plataforman: Modern Day Gladiators —e-Sports munduan barneratzen da, lau ataletan—; The Garms Dealer —Sam Morgan moda diseinatzaileak futbolari izarren jantziak nola diseinatzen dituen kontatzen du—; eta The Full Circle —Richie Jacksonekin batera, skate munduan murgiltzen da—.

Lan berriak ez ezik, duela urte askotako harribitxiak aurkitu daitezke Primeran plataforman. Euskadiko Filmategiarekin egindako akordio bati esker, film zahar-zaharrak berreskuratu dituzte, eta denen eskura jarri. Horien artean daude San Mameseko inaugurazioaren film laburra (1913), Gipuzkoako eguna (1924), Plentziako jaiak (1927), Gernika (1936), Jose Antonio Agirre New Yorken (1942) eta Ereagatik Matxitxakora (1959).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.