Iñaki Kerejazu izango da hurrengo Zeledon

Hegotarrak kuadrillako Iñaki Kerejazu izango da Zeledon 2028ra arte. 28 urte ditu, eta ezaguna da Ttek elektrotxarangan abesteagatik eta DJ Malandro ezizenarekin musika jartzeagatik.

GORKA ORTIZ DE URBINA -  ZELEDON
Aurtengo jaietako Zeledonen jaitsiera. Zapi gorriarekin, Zeledonen ezkerrean dagoena da Kerejazu. RAUL BOGAJO / FOKU
unai etxenausia
2023ko abenduaren 12a
15:15
Entzun

Iñaki Kerejazu Hegotarrak taldeko blusa izango da Gasteizko Zeledon berria. Arabako Alea-k zabaldu duenez, 28 urteko gazte horrek hartuko du Gorka Ortiz de Urbinaren lekukoa.

Batzordeak erabakia berretsi behar du oraindik. Ostegunean egingo dute, eta Gasteizko alkate Maider Etxebarriari jakinaraziko diote orduan. 2004. urtean, Zeledon Txiki izan zen Kerejazu. Azken urteetan, abuztuaren 4an Zeledoni bidea irekitzen laguntzen dion segizioaren parte izan da.

Gasteizko Adurtza auzoko bizilaguna da, txikitan Arabako hiriburuko Olabide Ikastolan ikasitakoa. Gaur egun Lehen Hezkuntzako irakaslea da Gasteizko San Viator ikastetxean. Horrez gain, Ttek elektrotxaranga taldeko abeslaria da, eta DJ Malandro ezizenarekin jartzen du musika jaietan.

Nesken eta Blusen Elkarteak, bi kuadrillak, elkarteko berdintasun taldeak eta aurreko Zeledonek hautatu dute Kerejazu. Zeledon emakume izateari atea ireki zion araudi berriko baldintzak betetzen ditu. Kuadrilla bateko kide da, eta euskara eta gaztelania menderatzen ditu. Halere, araudi berriaren arabera, bost urteren buruan izendatuko dute hurrengo Zeledon.

Zeledonen jaitsiera gasteiztar talde batek asmatu zuen, 1957. urtean, hiriko jaiek zerbait izan zezaten beste lekuetakoetatik bereizteko. Zalduondon (Araba) jaio zen Zeledon, eta, istorioaren arabera, iturri bat eskaini zien gasteiztarrei, jaietan ardoa isurtzen zuena. Pertsonaiak Juan Celedonio de Anzola zuen izena. Beste ikertzaile batzuen arabera, berriz, Zeledon armada karlistako brigadier bat izan zen, Andagoian (Araba) jaioa, eta Zeledon Agiluz zuen izena. Istorioaren bertsio ezberdinak dauden arren, guztiek goraipatzen dute Zeledonen figura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.