Seriea. Espezie inbaditzaileak (II). Pitiusetako sugandila

Inbaditu inbaditzailea

Pitiusetatik ekarri zuten 1990eko hamarkadan, eta Gaztelugatxen egin du tokia. Bitxia da haren istorioa: Balearretan galzorian dago, suge inbaditzaile baten eraginez. Euskal Herrian, bera bihurtu da inbaditzaile.

Pitiusetako sugandila ('Podarcis pityusensis'). BALEARRETAKO GOBERNUA
Pitiusetako sugandila ('Podarcis pityusensis'). BALEARRETAKO GOBERNUA
enekoitz telleria sarriegi
2026ko uztailaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri serie honetako artikulu guztiak

 

Halakoxeak izaten dira apetaldiak batzuetan: norberaren setakeriak eta temak. Inguruari eta ingurukoei asko erreparatu gabe hartutako erabakiak; kapritxoak. Ezin da beste modu batera irakurri eta ulertu Pitiusetako sugandilaren (Podarcis pityusensis) istorioa, hura Euskal Herrira ekarri zuenaren jarrera apetatsuari so eginez ez bada. Ez, noski, meriturik errekonozitu edo goresmenik opatzeko. Egin behar ez denaren eredu nola bihurtu den aurpegiratzeko baizik. Eivissara (Herrialde Katalanak) oporretara joan, sugandila eder batzuk gustatu, haien otzantasuna baliatu, maletan sartu, Euskal Herrira ekarri, eta soltatu. Bertakoa bertatik kanporatu, eta milaka dabiltza orain Gaztelugatxen (Bermeo, Bizkaia).

Polita litzateke istorioa, horren kaltegarriak ez balira ondorioak. 1990eko hamarkadaren erdialdera gertatu zen. Aranzadiko herpetologo Carlos Cabildok ederki kontatzen du: «Ez dakigu zergatik eta zenbat ekarri zituen. Gizon hura oporretara joan zen Eivissara, eta sugandilak gustatu zitzaizkion. Izan ere, irletako sugandilak oso ausartak dira. Irletan predatzaile gutxiago egoten da, eta desesperatuta egoten dira janaria lortzeko». Orojaleak dira irletakoak. «Gureak haragijaleak eta intsektujaleak dira, baina irletakoek denetarik jaten dute: frutak, begetalak... Eta batean eta bestean aritzen dira janari bila. Ikusten gaituztenean, eta janaria badaramagu, gerturatu egiten dira. Ikusteko errazak dira. Atentzioa ematen dute. Eta erraz samar hartu daitezke eskuetan».
Pitiusetako sugandila bat, eskuetan hartuta. BALEARRETAKO GOBERNUA
Pitiusetako sugandila bat, eskuetan hartuta. BALEARRETAKO GOBERNUA

Espezie inbaditzaileei buruz hitz egiteko orduan, behin eta berriz nabarmentzen dute adituek «nahita» ekarritakoak direla batzuk, eta «nahi gabe» ekarritakoak bestetzuk. Kasu honetan, ez dago zalantzarik. Cabildok istorioaren beste pasarte bat kontatu du: «Sugandilak ekarri eta gutxira, ikerlari bat ohartu zen Gaztelugatxen sugandila arraro batzuk zeudela. Eta ohar bat idatzi zuen Espainiako Herpetologia Elkartearen buletinean». Ohar hartan zera zioen: Gaztelugatxen «sugandila italiarrak» zebiltzala. «Berak horrela identifikatu zituen: Podarcis sicula. Sugandila inbaditzaile bat da sugandila italiarra. Mundu osoan agertzen da, eta Espainiako Estatuan Santanderren zegoen populazio bat identifikatuta». Gizon hark buletinean ohar hori idatzi zuenean, ordea, nork erantzungo eta... «Pitiusetakoak Gaztelugatxen sartu zituen beste gizonak erantzun zion esanez eskertzekoa zela norbait ohartu izana, bere garaian berak sartutakoak zirela, eta Pitiusetako sugandilak zirela. Horregatik dakigu norbaitek nahita sartutakoak izan zirela».

Apetatsua ez ezik, hantustea ere bai gizona. «Gustura jakingo nuke zenbat ekarri zituen. Izan ere, milaka daude geroztik Gaztelugatxen. Ekarri zituen horiek baldintza egokiak topatu zituzten. Eivissan zituztenen oso berdintsuak. Gaztelugatxen ere ez zegoen konpetentziarik, ez zegoen harraparirik. Baldintza horietarako prestatuta zeuden». 

Zer egin zuen? Bertakoa kanporatu. Eta zein zen bertakoa? Horma sugandila (Podarcis muralis). «Ez dago irla batekoak liratekeen baldintzetara egokituta. Eta Gaztelugatxek horrelaxe funtzionatzen du: irla bat balitz bezalaxe. Beraz, bertakoak erabat bota zituzten handik. Gaztelugatxen jada ez dago horma sugandilarik». Baina Pitiusetakoa ere ez da gehiago hedatu: «Hori da kuriosoa: Pitiusetako sugandila Gaztelugatxen bakarrik dagoela. Ez da mugitu hango kostaldeko beste toki batzuetara, toki horietako baldintzak ez direlako Gaztelugatxekoak bezalakoak: irla batenak. Ez dira hortik irten». Eta Aranzadiko herpetologoak gaur egun Gaztelugatxera joandakoan gertatzen dena deskribatu du: «Ikusiko duzu kostalde guztian horma sugandilak daudela, Gaztelugatxera igotzeko igarobidera iristen zaren arte. Eskaileretara arte. Handik aurrerako denak Pitiusetakoak dira. Ikusmirak ez du hutsik egiten. Paktu bat sinatu dutela dirudi: elkarri eraso ez egiteko paktu bat».

Pitiusetako sugandila bat, Gaztelugatxen. I. SANZ-AZKUE
Pitiusetako sugandila bat, Gaztelugatxen. I. SANZ-AZKUE

Baina Pitiusetako sugandilaren istorioak badu beste kapitulu bat. «Oso sugandila ausarta izaten segitzen du, jendearengana asko gerturatzen da... Eta uste dugu norbaitek Gaztelugatxeko batzuk hartu eta Urgullera eraman zituela, Donostiara». Ez dakite nork eta nola, nahita edo nahi gabe... Baina Pitiusetako sugandilaren beste populazio bat agertu zen Urgullen, 2000ko hasieran. Ikertu zuten genetikoki, eta Gaztelugatxekoaren jatorri berbera du: biak dira Eivissako populazioen ondorengoak. Baina Urgull ez da Gaztelugatxe. Han ez da horrenbeste hedatu, eta mugatuta gelditu da. Hegoaldera begira. Apaizen pasealekuan. Donostiako kaiaren goialdean dauden hormetan. Badaude, baina ez daude milaka. Eta eremu horretan ez zuten bertako sugandila tokitik atera. Eta han bertakoa ez da horma sugandila, sugandila arrea baizik (Podarcis liolepis). «Sugandila arrearen Urgulleko populazioa azpiespezie bat da, eta Santa Klara uhartean bizi den berbera da. Horiek egokituta daude irletako bizimodura, Urgullek ere irlatxo baten gisa funtzionatzen baitu, bakartuta egon delako beti. Eta horko sugandila arreak handiagoak dira, pigmentatuagoak daude, eta gauza gehiago jaten dituzte. Agian horregatik ez da hedatu horrenbeste Pitiusetakoa han: konpetentzia handiagoa topatu duelako, edo toki hori ez delako haientzat guztiz aproposa».

Euskal Herriko horma sugandila bat. ARANZADI
Euskal Herriko horma sugandila bat. ARANZADI

Eta Euskal Herrian hori guztia gertatzen ari zen bitartean, zer gertatu da Balearretan? Eivissan, Formenteran eta horien inguruko irlatxoetan? Pitiusetako sugandila endemikoa den toki horietan? Bada, galbidean jarri dela. Egoera bereziki larrian dagoela. Zergatik eta irla horiek eta irlatxo horiek suge batek inbaditu dituelako: ferradun sugeak (Hemorrhois hippocrepis). «Uste da lehenengoak olibondoetan iritsi zirela. Modan dago halako ehun urte baino gehiagoko olibondoak jartzea lorategietan. Bada, loreontzietan sartutako olibondo horietako batzuetan, Eivissako villa horietakoren batera iritsi ziren sugeak. Olibondo horiek animalia asko edukitzen dituzte ezkutatuta sustraien artean. Hibernatzen dutenak izaten dira horietako asko. Eta uste da suge horiek zeudela tartean».

Eivissan ez zegoen bertako suge populaziorik. Horiek iristen direnean, «paradisu batekin» egiten dute topo: «Bertakoek ez dituzte harrapakari gisa identifikatzen. Ez dute konpetentziarik. Eta sugeak hasi ziren hedatu eta hedatu». Bi espezie ziren: ferradun sugea eta Montepellierko sugea (Malpolon monspessulanus).

Ferraduna da gehien hedatu dena. Sugandilak jaten ditu. Zientoka. Batez ere, Eivissan. «Euren harrapakin perfektua topatu dute han. Hiriguneetan-eta asko ibiltzen den sugea da. Asko gerturatzen da etxeetara. Sekulako triskantza eragin du. Oso-oso azkar hedatu da. Iristen den tokian, erabat desagerrarazten du bertako sugandila. Erabat. Ez du bakar bat ere uzten». Urtez urte joan da sugea hedatuz, eta urtez urte Pitiusetako sugandila desagertuz. Eivissa guztia inbaditu dute, eta bertako sugandila populazioa erabat murriztu.

Sugandila horrek galtzeko duen arriskua hiru edo lau maila igo da bat-batean. Lehen ez zeukan arrisku handirik, eta orain galzorian dago. Eta horregatik jarri dituzte martxan hazkuntza programak. «Bartzelonako zooan jarri dute bat. Eivissatik eraman dituzte populazioak. Hamarnaka batzuk haztea lortu omen dute, eta paradoxa handi samarra da pentsatzea Gaztelugatxen milaka batzuk dauzkagula, hazkuntza programa gezurrezko bati esker. Baina kontua da oso endogamikoak direla, eta egon dela halako egokitze prozesu bat ere. Berriro Eivissara eramateko ez lirateke batere hautagai egokiak».

Eta Pitiusetakoak ez du etorkizun oparorik. Azken ikerketen arabera, suge horiek gai dira Eivissaren eta aipatutako irlatxoen arteko distantzia igerian egiteko. «Irlatxo horiek sugandila populazio are interesgarriagoak dituzte; irlatxo bakoitzari dagozkion ezaugarriak dituzte. Eta Eivissan halako triskantza eragin badute, pentsa zer-nolakoa eragin dezaketen horren toki murritzean». Halakoxeak izaten baitira apetaldiak batzuetan: norberaren setakeriak eta temak. Inguruari eta ingurukoei asko erreparatu gabe hartutako erabakiak; kapritxoak.

JAKINGARRIAK

  • Nola izena duen. Pitiusetako sugandila (Podarcis pityusensis).
  • Nongoa den. Eivissa eta Formentera irletako espezie endemikoa da, eta bi irla horien inguruan dauden irlatxoetakoa ere bai. Irla horiek guztiek Pitiusa irlak osatzen dituzte, eta horregatik du izen hori sugandilak.
  • Noiztik dagoen Euskal Herrian. 1990eko hamarkadaren erdialdera sartu zuten nahita Bermeoko Gaztelugatxen (Bizkaia), Eivissatik ekarrita. Milaka ale daude geroztik. Donostiako Urgullen ere (Gipuzkoa) badago populazio txiki bat. Ustez, Gaztelugatxetik bertara eramandakoa.
  • Zer espezie kanporatu duen. Horma sugandila (Podarcis muralis). Guztiz desagerrarazi du Gaztelugatxetik.
  • Nola dagoen gaur egun. Milaka ale daude Gaztelugatxen, baina galzorian dago jatorrizko bere lurraldean: Pitiusetan. Suge batek inbaditu du lurralde hura: ferradun sugeak (Hemorrhois hippocrepis), eta sekulako triskantza eragin du. Lorategiak apaintzeko erabiltzen diren olibondoetan iritsi zen sugea, sustraietan ezkutatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA