Sustrai sendoko arazo bihurtu dira. Finean, borrokazale handiputz batzuk dira. Bultzaka sartzen dira tokietan: «Hau orain nirea da» esanez. Bertakoaren lekuan jartzen dira, eta kanporatu egiten dute. Gudu zelai bihurtzen dute haien kontrako borroka. Eta salatzekoa litzateke haiei buruzko lengoaia belizista eta xenofoboa, baina ez da erraza inbaditzaileen paradigma horri ihes egitea: tokikoak izan gabe errotzen dira ekosistema eta habitat horietan, eta «kolapsatu» egiten dituzte askotan. Mehatxu larri bihurtzen dira naturarentzat, biodibertsitatearentzat, ekonomiarentzat, elikadura segurtasunarentzat, segurtasun hidrikoarentzat, eta giza osasunarentzat, besteak beste. Nahita batzuetan, ongi jakin gabe besteetan, baina gizakiek tokiz aldatutako landareak eta animaliak izaten dira ia beti. IPBES Biodibertsitateari eta Ekosistemen Zerbitzuei buruzko Zientzia Politikorako Gobernuarteko Plataformak 2023an eman zuen argitara munduko espezie inbaditzaileei buruzko azken txostena. Esanguratsuak dira datuak: galdu diren izakien %60 inbaditzaileen ondorioz galdu dira. Tokiko 1.215 espezie, orotara.
Munduan natura eraldatzen duten faktore nagusiak zerrendatzen ditu aipatu txosten horrek: lurraren eta itsasoaren ustiaketan gertatutako aldaketak, izaki bizidunen esplotazioan gertatutakoak, klima aldaketa, kutsadura eta... espezie inbaditzaileak. Bosgarrenak dira arazoen zerrendan, dagoeneko. «Eta toki askotan lehenengoak ere bai, alde handiz», azaldu du Arturo Elosegi EHUko Ekologia irakasleak. Harena da definizioa: «Inbaditzailea da gizakiak nahita edo nahi gabe tokiz mugitutako espezie bat, bere jatorrizko lekutik kanpo dagoena, baina bertan ugaltzeko gai dena, eta ingurumenari edo gizarteari kalteren bat eragiten diona».
%60Galdutako izakiak. Munduan galdu diren izakien %60 espezie inbaditzaileen ondorioz galdu dira. Tokiko 1.215 espezie, orotara.
IPBES erakundearen txostenak dioenez, «gizakien ekintzaz» 37.000 espezie exotiko sartu dira Lurreko biomasan. Eta ikerketen bidez frogatu dute horietako 3.500 espeziek «inpaktu negatiboa» dutela. Urtero berrehun espezie inbaditzaile sartzen dira zerrendan, «eta hori orain arte ez da sekula gertatu». Ornogabeak dira 1.852, landare exotikoak 1.061, ornodunak 461, eta mikrobioak 141. Aldaketa «drastikoak» eragiten dituzte biodibertsitatean eta ekosistemetan —kasu batzuetan, «kalte konponezinak»—.
Uharteetan izaten dituzte bereziki ondorioak espezie inbaditzaileek, haien kopuruak tokiko espezieen kopurua gainditzen duelako uharteen laurden batean. Espezie inbaditzaile berrien izenak pilatzen diren heinean, horiei aurre egiteko gastuak ere areagotzen dira: 1970etik, kostu ekonomikoak laukoiztu egin dira hamarkada bakoitzean. Txostenak 2020ko datua jasotzen du: 400.000 milioi euro inbertitu ziren inbaditzaileei bidea oztopatzeko.
Eta kalteak ere ez dira beti berdinak. Elosegik dio «espezieen araberakoak» izaten direla: «Landare gehienek, esaterako, habitatak eraldatzen dituzte». Orioko (Gipuzkoa) adibide bat jarri du: itsas oenetera landarearena (Oenothera biennis). «Lore hori eta handi bat ematen du. Artifizialki sortutako duna batzuetan hedatu da, sekulako erroak dauzka, eta bertako habitata guztiz eraldatzen ari da».
Espezie berririk sartu gabe ere, dagoeneko ezarrita dauden espezie inbaditzaileek beren eremu geografikotik kanpo dauden herrialde eta ekosistema berrietara hedatzen jarrai dezakete. Ikerlarien arabera, 2050erako munduan inbaditzaileen guztizko kopurua 2005ekoa baino heren bat handiagoa izango da gutxienez.
37.000Espezie exotiko inbaditzaileak. «Gizakien ekintzaz» 37.000 espezie exotiko sartu dira Lurreko biomasan. Eta ikerketen bidez frogatu dute horietako 3.500 espeziek «inpaktu negatiboa» dutela.
Herrialdeen %17k espezie inbaditzaileei aurre egiteko legeak dituzte, eta herrialdeen %45ek ez dute deus inbertitzen inbasio biologikoen kudeaketan. Txostenaren egileek diote «pertzepzio ezberdinak» daudela espezie inbaditzaileen mehatxuari buruz, eta «modu kolektiboan eta koordinatuan» eman beharreko erantzunari buruzko «kontzientziazioa» falta dela, datuetan «hutsuneak» daudela, eta «jakintza» falta dela: «Hori guztia oztopo izan liteke espezie inbaditzaileak kudeatzerakoan».
Kutsatutako maletetan, itsasontzi kroskoetan... espezie asko nahi gabe hedatu dira, gizakia bera konturatu ere egin gabe. Gaur egungo merkataritza joerek, bidaiek eta joan-etorriek areagotu egin dituzte, gainera, nahi gabe eginiko kutsatze horiek. Gertatzen zen lehen, baina gehiago gertatzen da orain. «Gizakiak eraman izan ditu animaliak eta haziak batetik bestera, baina horietatik gehienak ez dira inbaditzaileak suertatu. Ameriketatik ekarri genuen patata, baina hemen ez da inon patataren inbasiorik gertatu», azaldu du Elosegik, umorez. «Kontua da espezie kopurua asko hazi dela, eta inbasioen kopurua ere modu esponentzialean hazten dela. Ekosistemak kolapsatzeraino».
Eta Elosegik dio badaudela espezie «prototipiko» batzuk inbaditzaileak izan daitezkeenak: «Baina beste asko ez dira, eta ez dugu jakiten aldez aurretik inbaditzaileak izango diren edo ez. Badira espezie batzuk toki batzuetan nahita sartzen saiatu garenak, baina lortu ez dugunak. Hamarkadetan horretan saiatu, eta, bat-batean, denean zabaltzen hasten dira. Ezin da aldez aurretik esan zein izango den inbaditzailea eta zein ez».
Ipar Amerikan arabazozoarekin gertatu dena jarri du adibide gisa: «Europako hegazti bat da arabazozoa. Ingelesak saiatu ziren euren hango kolonietan sartzen, hamarkadetan saiatu ziren horretan, baina ez zuten lortu. Halako batean, espero ez zutela, denean zabaldu zen, eta orain Ipar Amerika guztian dago».
Ezin da jakin, eta ez dago metodo zientifiko zehatz bat horren berri izateko: «Ekar dezakezu Papua Ginea Berritik landare bat zure lorategirako. Hasieran ez da zabaltzen, baina kasu! Klima aldatu delako edo beste baldintzaren bat aldatu delako, has daiteke zabaltzen».
%17Inbaditzaileei aurre egiteko legeak dituzten herrialdeak. Munduko herrialdeen %17k baino ez dute lege berezituren bat espezie inbaditzaileei aurre egiteko, haiek kontrolatzeko edo prebentzioa egiteko. Ia erdiek ez dute deus inbertitzen inbasio biologiko horien kudeaketan.
Eta badaude nazioarteko legeak ezarrita. Aldatzen dira zerrendak herrialde batetik bestera, baina inbaditzaileen kontrako borroka horretan ez dira beti erabakiak modu adostuan hartzen. «Araudia ez da horren ezberdina batetik bestera, baina araudi horren aplikazioa... Hori beste kontu bat da», nabarmendu du Elosegik. Eta kastore europarraren adibidea jarri du (Castor fiber): «Duela hogei bat urte kastorea sartu zuten Ebroren inguruan. Kanpotik ekarrita askatu zuten. Kastore hori europarra da, izatez, baina kalteak eragiten zituela ikusita, lehenengoak agertu zirenean, Nafarroako Gobernuak erabaki zuen desagerrarazi egin behar zirela. Pertsona bat kontratatu zuten horretarako. Kastoreak harrapatu eta harrapatu aritu zen».
Zer gertatu zen, ordea? «Aldamenean, Errioxan, bertako gobernuak ez zuela kastoreari buruzko halako erabakirik hartu. Eta handik urte batzuetara hasi zen Errioxa kastoreak desagerrarazten, baina ordurako Nafarroa utzita zegoen kastoreak kentzeari. Halakoak ere gertatzen dira».
Inbaditzaileek galzorian dauden beste espezieei eragiten diete. Konexio berezi batzuk gertatzen dira. Elosegik kontatu du bisoi amerikarra (Neovison vison) dela oraintxe ugaztunen artean dagoen espezie inbaditzaile kaltegarrienetako bat, eta haren presentziak galzorian dagoen espezie bati erasaten diola, muturluze piriniotarrari (Galemys pyrenaicus): «Muturluzearen kasuan, bi arrisku faktore daude: odolkidetasuna da bata —populazioek hamarkadak daramatzate bakartuta, denak elkarren lehengusuak dira, eta ugaltzeko arazoak dituzte—. Eta bisoi europarra da bestea. Hura sartzen den tokietan, muturluzea berehala galtzen da».
«Munduko edozein espezie munduko edozein tokitan landatu daiteke? Bada, ziur aski horren kontrako neurriak hartzen edo mugak ezartzen hasi beharko genuke»
ARTURO ELOSEGIEHUko Ekologia irakaslea
Jarri du Elosegik adibide «bereziago» bat ere. Erdialdeko Amerikan egindako ikerketa baten berri eman du. Onddo inbaditzaile batzuen istorioa da: uretako onddoak dira Batrachochytrium dendrobatidis eta Batrachochytrium salamandrivorans. Eta kitridiomikosi izeneko gaixotasun infekziosoa eragiten die anfibioei. «Haien azalari erasaten die, eta hil egiten dira. Sekulako triskantza eragin du. Hainbat anfibio espezie galdu ziren han 2000ko hasieran, eta ondorio nagusia: malaria areagotu egin zela jendartean. Malariaren eltxoen etsai nagusia zapaburuak baitira. Beraz, badira espezie inbaditzaile batzuk beste espezie batzuengan eragiten dutenak eta gizakiarentzat ondorio kaltegarriak dakartzatenak».
Elosegiren ustez, «prebentzioa» da afera honetan garrantzitsuena. «Eta neurriak ahalik eta azkarren hartzea». Lorezaintzaren inguruko hausnarketa bat egin du: «Munduko edozein espezie munduko edozein tokitan landatu daiteke? Bada, ziur aski horren kontrako neurriak hartzen edo mugak ezartzen hasi beharko genuke».
Eta nabarmendu du inbasioaren «hasiera detektatzea» dela garrantzitsua. «Orduan bai, orduan zerbait egin daiteke». Landare espezie batek lorategitik «ihes» egiten duenean: «Inguruan hedatu dela ikusten badugu, hori da momentua dugun indar guztiarekin aurre egiteko. Bestela, behin hedatuta dagoenean, oso zaila da horri aurre egitea».