Musika generoak etiketa zurrunetan sailkatzea dakarten hitzei etengabe izkin egin nahiko balie bezala mintzo da Pablo Txibite (Cintruenigo, Nafarroa, 1984). Urduri eta pozik, bi aldarte horiek nahasita dabil sanferminak hasteko azken atzerako kontua abiatzen ikusi zuenez geroztik. DLC Kultur guneko arduraduna da, eta asteak daramatza, buru-belarri, Antoniuttin muntatu duten agertokiari buruzkoetan lanean. Dioenez, udalak eta bestelako herri mugimenduek orain arte antolatzen zuten egitarauaren «osagarri» da espazio hori. Berrogei emanalditik gora dauzkate kartelean jasota.
2020an plataforma sortu, eta 2022an ireki zenuten lokala, aurretik Carmen mertzerian. Hutsune bat betetzeko heldu zineten?
Batetik, lokala eskuratu genuenean, nahi genituen gauzetako bat zen jendeak ikus zezala nola egiten dugun lan. Eta, bestalde, egia da bagenuela espazio bat okupatzeko bokazioa ere, edo, behintzat, normalean halako arretarik eskaintzen ez zaien eszena eta musika estilo batzuk ikusaraztekoa.
Sentipen hori duzu? Musika elektronikoari eta kultura urbanoari ez zaio eskaintzen merezi duen arreta?
Tira, batetik, guk «musika dantzagarria» deitzen diogu gure proiektuaren inguruan biltzen dugun honi guztiari; denak nahi ditugu gurean, eta ez zaigu gustatzen etiketekin ibiltzea.
Eta bai, sentipena dugu ez duela bereganatzen egiazki merezi lukeen adinako arreta. Musika industriari eta merkatuari lotuagoa den musika bai, hori elikatu ere egiten dute botereguneek, baina ez da berdin gertatzen orain azaleratzen, ibilbidea urratzen hasi berri diren edo zenbaitentzat errentagarriak ez diren bestelako proiektu txikiagoekin, alternatiboekin.
Halako asko daude hemen?
Nafarroan eta oro har Euskal Herrian asko dago, bai. Baina, zoritxarrez, beti begiratzen diogu lehenago kanpokoari, ohartu gabe hemen bertan jende mordoa dagoela gauza oso-oso interesgarriak egiten.
«Orain sarri elkarrekin ibiltzen diren artista askok gurean egin zuten topo lehenbiziko aldiz»
Eta, hain justu, Iruñean dagoeneko badiren elektronikaren zale eta elektronikaren bueltako artistak saretzea da zuen asmoetako bat.
Hori da. Gurean beti gertatzen da zera: izan hobby edo izan ogibideari loturikoagoa den zerbait, jarduna nahiko bakartia izan daiteke batzuetan. Izan zaitezke estudioan sartuta beste inor gabe... Hori erakutsi digute hemen bizitako askok. Orain sarri elkarrekin ibiltzen diren artista askok gurean egin zuten topo lehenbiziko aldiz, eta ez lehenago.
Iruñea bezalako hiri txiki batean, nola liteke?
Batzuetan, artisten egoei egozten diegu hori, edo pentsatzen dugu hala jokatzen dutela uzkur direlako norberaren armak-eta agerian uzteko, baina nik uste dut normalean utzikeria kontua dela. Zorionez, orain arte, jakin dugu halako enkontruak sorrarazten, eta uste dut hori dela gure proiektuaren alderdirik politenetako bat: bestela elkarren berririk izanen ez zuten kolektibo eta artistak batzea, eta, hortik abiatuta, aztertzea zertan lagun ditzakegun.
Zuek zer eskaintzen diezue, zehazki?
Lehenbizi streaming plataformarekin hasi ginen; artista asko eta asko horrela sartu ziren gure radarrean.
Nola funtzionatzen du plataforma horrek?
Irrati plataforma baten gisakoa da: astean 30 programa inguru egiten ditugu. Musikari edo ekoizleek beren programa osatu dezakete etxean edo gure lokalean bertan, nahi bezala, eta guk streaming bidez zabaltzen dugu lau haizeetara.
Izatez, zuen lokalaren ondotik pasatu, eta ohikoa da erakusleihoan zuzeneko DJ saio bat ikustea.
Eta edozein egunetan izan daiteke hori; berdin astegunez edo asteburuan.
Musika elektronikoa jaialdietatik eta gaugirotik kanpo ere entzun daitekeelako froga da hori, bere horretan.
Eta, horri esker, bultza egin dezakegu oraindik jardun honen gainean dauden estigma batzuk desagerrarazteko lanean. Bide onetik baikabiltza, baina oraindik ere...
Zer aurreiritzik mintzen zaitu gehien?
Adibidez, gauez lan egiteagatik zuzen-zuzenean kontsumoarekin lotzeko daukaten tema horrek. Baina ideia hori hain iruditzen zait azalekoa... Ez diot garrantzirik eman nahi, eta, gainera, nik aspaldi dut jantzia halakoetatik babesteko zira bat.
Sanferminetan, zuen ohiko lokala txiki gelditu, eta Antoniuttira egiten duzue jauzi. Pozik lekuarekin?
Oso. Gure urte osoko jarduna estrapolatzeko modu bat da. Sanferminen mahaian sartu gintuztenean, ez genuen inondik ere espero halakorik lortuko genuenik, eta begira. Txoko ona da, gerizpea eta guzti du, eta bestelako ekimenez eta giroz inguratuta gaude.
«Ez dugu nahi lehiarekin ikustekorik duen deus; denak gara berdinak, eta eszena guztiek dute tokia gurean. Denbora dugu muga bakarra»
Berrogei emanalditik gora programatu dituzue; arratsalderako eta gauerako. Zer lehentasun zenuten programazioa osatzeko garaian?
Ez diogu inori eman lehentasunik besteen gainetik. Gurean, ez dugu nahi lehiarekin ikustekorik duen deus; denak gara berdinak, eta eszena guztiek dute tokia gurean. Denbora dugu muga bakarra: orduak falta zaizkigu.
Dena dela, neurri handi batean, beste proiektu batzuekin ditugun elkarlanen isla dira egitarauan programatutako asko; adibidez, Nafarroako LGTBIQ+ plataformarekin egiten duguna, Bueno Bueno kolektiboarena, eta Plazeraturena. Gente Seria Viste Chandal taldearen emanaldia ere izanen dugu, eta ezin ahaztu, gero, Silitia eta Ben Yart ere.
Eta 14an, bukatzeko, Open Decks izeneko jarduera duzue zuenean. Zer da?
Ezinbestean kanpoan utzi behar izan dugun jendea ahalik eta gutxien izan dadin sortutako zerbait [barreak]. Horretan, karteletik kanpo direnak ere etortzen ahalko dira musika jartzera. Eta gure jardunaren bokazioaren erakusle ere bada hori bera, izatez: gehiago nahi genuke, beti. Indar agorrezina bagenu, eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan jarriko genuke musika.