'National Geographic Magazine'-ko editore nagusia eta infografista

Fernando G. Baptista: «Infografiaren bidez, testuek edo argazkiek kontatzen ez dituzten istorioak azaldu nahi ditut»

Hainbat gai ikertu eta infografietan islatzen ditu Baptistak: «Dokumentatzen ari naizen lekura ere joan naiteke, hango adituekin hitz egitera; zorte handia da».

Fernando G. Baptista infografista lanean, Washingtonen duen bulegoan. FERNANDO G. BAPTISTAK UTZITAKOA
Fernando G. Baptista infografista lanean, Washingtonen duen bulegoan. FERNANDO G. BAPTISTAK UTZITAKOA
itsaso jauregi 2
2025eko urriaren 3a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Olagarro gorri erraldoi baten maketa, miniaturako marrazo zuri bat eta Stonehengeko (Erresuma Batua) modelo bat. Elementu horiek guztiek apaintzen diote bulegoa Fernando G. Baptista National Geographic Magazine-ko editore nagusiari (Bilbo, 1965). Gainera, gaztaroan egindako lehen maketa ere badu Washingtonen: gizon baten aurpegia, arrebaren panpina baten begiekin, amaren zapatekin eta maskotaren ileekin egindakoa. EHUko Arte Ederretako lizentziaduna da, eta National Geographic Magazine ospetsuan infografiak diseinatzen ditu. Aurten, SND Society for News Design nazioarteko erakundeak munduko diseinatzailerik onena izendatu berri du, eta haren ibilbidea errepasatzeko erakusketa bat izan da Bilbon asteartera arte: Infografia zientifikoaren esploratzailea. EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Laboratorium Museoak antolatu dute erakusketa, eta Bergarako Laboratorium museora (Gipuzkoa) eramango dute urriaren 31tik azaroaren 16ra.

Zein da erakusketaren helburua?

Urte batzuk daramatzat ilustrazio zientifikoko masterreko eskolak ematen, eta bertakoek esan zidaten polita litzatekeela nire ibilbideko lan batzuk biltzea eta horiekin erakusketa bat egitea. Forma ematen hasi ginen, eta nola lan egiten dudan azaltzen saiatu nahi nuen nik. Infografia jendeari hurbildu nahi nion.

Nola iritsi zinen infografiara?

1990ean amaitu nuen Arte Ederretako gradua, eta orduan hasi ziren lehen infografiak iristen, ordenagailuei esker. Internetek, berez, ez zuen funtzionatzen oraindik. Egunkarietako infografiak deigarriak egiten zitzaizkidan, eta moztu eta gorde egiten nituen. Eta neure buruari galdetzen nion: nola egingo dituzte?

Infografiak moztu eta gordetzen zenituen hasietan, eta zuk zeuk egiteari ekin zenion gero. Nolakoak izan ziren lehen pausoak?

Langile freelance gisa aritu nintzen, denetik egiten: antzerkietarako dekoratuak, erretratuak, haurrei eskolak ematen... El Correo egunkarian iragarki bat agertu zen, infografista bat behar zutela esanez. Probetara aurkeztu nintzen, eta hartu egin ninduten. Arte Ederretatik nentorren; marraztu egin nahi nuen, kazetaritzaz ez nuen ideiarik ere, eta pixkanaka-pixkanaka ikasi nuen, hango jendeari esker. Grafikoak ez dira ilustrazio hutsak: istorio bat kontatu behar duzu, eta dokumentazio lana egin. 

Nolakoa da infografia bat sortzeko prozesua?

Proiektuak ematen dizkidate. Lehen urratsa historia taldearekin elkartzea da: testu editoreak, argazki editoreak, kartografoak... eta guztien artean historiari forma ematen diogu. Nire lehen rola grafiko horrek zer konta dezakeen zehaztea da. 

«Alde batetik, infografia deigarria eta polita izatea lortu behar dugu, eta, bestetik, informazioa ondo kontatuta egotea»

Denbora tarte batean gai jakin batzuk ikertzeko aukera izaten duzu, beraz?

Oso interesgarria da, bizitza osoan gai batean aritu den jendea ezagutzeko aukera dudalako. Haiekin bilerak egiten ditut, informazioa bidaltzen didate, eta nik zirriborroak bidaltzen dizkiet. Dokumentatzen ari naizen lekura ere joan naiteke, hango adituekin hitz egitera; zorte handia da. Gogoan dut aditu batek esan zidala museoak eta Internet gezurrez beteta daudela. Informazioa aldatuz doa gauza berriak ere ezagutarazten direlako. Orduan, gaian aditua den pertsona bat aurkitu behar dut, eguneratuta dagoen norbait. Hori da gehien gustatzen zaidana, beti ikasten delako zerbait.

Infografia batean nola laburbiltzen duzu informazio guztia?

Garrantzitsuena erabakiak hartzea da. Infografiaren bidez, testuek edo argazkiek kontatzen ez dituzten istorioak azaldu nahi ditut. Teoria modu eskuragarrian sintetizatzen saiatzen gara. Batzuetan, lan zientifiko bat bidaltzen didate, behin eta berriz irakurtzen dut, eta oraindik ez dut ulertzen; guk lan horiek hartzen ditugu, ulertzen ditugu, eta haien lanak hurbilagoak eta sinpleagoak diren modu batean egiten ditugu. Aldizkaria irekitzean infografiak atentzioa ematea ere gustatzen zait.

Alor estetikoaren eta zientifikoaren artean oreka aurkitu behar duzu?

Balantze bat da. Alde batetik, infografia deigarria eta polita izatea lortu behar dugu, eta, bestetik, informazioa ondo kontatuta egotea. Bi gauzek funtzionatzea lortu behar da. Horregatik, oso garrantzitsua da ideia ondo definitzea. Niri Amazoniako infografia moduko bat egiteko eskatzen didatenean, interesgarria den zerbait bilatu behar dut, bisualki soluzio bat duena eta nolabait erakargarria ere badena.

(ID_17588922555505) (/KZK) Fernando G
Fernando G. Baptistaren erakusketa, irailean, Bilboko Bizkaia aretoan. IÑIGO SIERRA / KZK
Nolakoa izan zen Amazoniako oihana ilustratzeko prozesua?

Aurrez ez neukan pentsatua, baina Amazoniara iritsi nintzenean konturatu nintzen ni oso txikia nintzela eta ingurua oso handia. Adituekin egon nintzen, eta zuhaitz eta landare espezieen zerrenda bat eman zidaten; bilatu, eta argazkiak ateratzen nizkien. Horrek denbora asko behar du, baina oso polita ere bada; hor egotea, baso euritsu eta sakonean...

Egin behar dituzun ilustrazioetan modeloak sortzen dituzu. Zergatik dira lagungarriak?

Modeloekin lan egiten dut, bide berriak irekitzen dizkidatelako: lagungarriak dira esperimentatzeko eta ikuspuntu eta argiztapen zuzena aurkitzeko. Modeloak argiztapenaren distirak marrazten laguntzen dizu; nahi dudan bezala argiztatu eta mugi dezaket, onena iruditzen zaidan perspektiba aurkitu arte. Modeloak gehiago jakiteko aukera ematen dit.

«Nire lana puzzle bat bezalakoa da, nolabait: pieza batzuk dituzu, eta horiek antolatuz eta jarriz joaten zara»

Zure lanen artean, zein da zuretzat kutunena?

Notre-Dameren proiektua oso berezia izan zen. Eliza erre baino hilabete batzuk lehenago, Notre-Dameri buruzko proiektu bat proposatu nuen. Betidanik uste izan dut gargolak Erdi Arokoak zirela, baina XIX. mendean izan zen berrikuntza batean jarri zituzten han. Istorioa asko gustatu zitzaien, eta hiru hilabete geroago, Notre-Dame erre egin zen. Baina lanean jarraitu nuen, eta pandemian zehar Parisera joan nintzen zaharberritze lanak egiten ari zirenekin hitz egitera. Katedralaren barruan egon nintzen, eta dena aldamioz beteta zegoen; esperientzia ikaragarria izan zen. 

Eta zein izan da proiekturik luzeena?

Bikingoen inguruko infografia bat egin nuen, oso ederra, baina nahiko luzea izan zen. Hainbat herrialdetara bidaiatu nuen nire zirriborroekin. Nire lana puzzle bat bezalakoa da, nolabait: pieza batzuk dituzu, eta horiek antolatuz eta jarriz joaten zara.

Puzzle bat baino gehiago dituzu esku artean?

Bai, hori da ohikoena. Orain hainbat lan ditut esku artean: Egiptoko piramideak, surikata batzuk, Bartzelonako Familia Santua eta itsasontzi bizantziar bat. Bakoitzean fase batean nago.

Hasi zinenetik asko aldatu da infografistaren lana?

Asko. Nik, batez ere, papererako egiten dut lan asko, baina sare sozialetarako bideoak ere egiten ditut orain. Minutu eta erdiko bideoak dira. Bideo batean 14 milioi bistaratze lortu genituen, eta jendeari asko gustatu zitzaion. Orduan, ilustrazioaren eta informazio onaren arteko konbinazio hori sareetara eraman nahi dut.

2026an Washingtonen irekiko duten Esplorazioaren Museoan ari zara lanean. Prozesuaren zer fasetan zaude?

Bost urte daramatzagu proiektuan. National Geographic-en eta esplorazioaren inguruko museo bat egin nahi dugu. National Geographic-ek 130 urte baino gehiagoko ibilbidea du, eta aitzindariak izan dira gauza askotan. Ibilbide luzea izan dute, eta material asko dago azaltzeko. Ibilbide hori guztia artxibo batzuetan jarri nahi dute, eta aldi baterako erakusketak egin. National Geographic museoan egoteak ilusioa egiten dit, zerbait egin dudala esan nahi baitu!

Munduko diseinatzailerik onenaren izendapena jaso duzu aurten. Nola hartu duzu?

Ez nuen espero. 30 urte daramatzat grafikoak egiten, eta beti izan naiz oso koherentea egiten dudanarekin. Eboluzionatuz joan naiz, baina beti eutsi diot istorioak kontatzeko moduari. Oso pozgarria izan zen ikustea jendea poztu egin zela sariagatik; ahalik eta ondoena egiten saiatzen gara. Orain bai, joan naiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.