Goizean goizetik hasiko dute bihar ogi txigortuaren eta olioaren dastatzea, 10:00etan. Ogi txigortuak banatuko dituzte, eta bisitariek olio desberdinak dastatu ahal izango dituzte. Horrez gain, eskuz egindako produktuak ere izango dira salgai. Dolarean eta horren inguruan jarriko dituzte saltokiak, 15:00 arte. Eguerdian, Jose Luis Ramirez Sadabak pregoia irakurriko du, eta Urrezko Oliba jasoko du, Angel Moleon Arroizko alkatearen eskutik: Moleonek azaldu duenez, Nafarroako Unibertsitate Publikoa sortzeko egin zuen lanagatik hautatu dute pregoilari Ramirez. Filosofia eta Letretan doktorea da, idazlea, eta gaur egun katedratikoa da Kantabriako Unibertsitatean (Espainia).
Kanpainarekin, pozik
Pedro Luis Gonzalez Mendia dolareko presidentea oso pozik dago aurtengo kanpainak izandako emaitzekin. Azaldu duenez, 8.680.000 kilo oliba baino gehiago jaso dituzte, eta, horrekin, 2.023.000 litro olio egin dituzte: «26 urtean izan dugun emaitzarik onena izan da». Ekoiztutako olioa, berriz, «bikaina» dela dio: haren esanetan, dolarea sortu zutenetik gaur arte asko ikasi dute, asko zaintzen dute prozesu osoa, eta eskarmentua nabari da olioaren zaporean.
Moleonek azaldu duenez, herriko egunik garrantzitsuena da ogi txigortuarena: «Izan ere, egun horretan eskaintzen diogu publiko orokorrari gure produkturik preziatuena, olioa, eta baita hemen bertan ekoizten diren beste batzuk ere». Herrian eta inguruan ez ezik, Nafarroa osoan da ezaguna azoka, alkatearen esanetan, eta horren erakusgarri da egun horretan bertaratzen den jende kopurua: 10.000 lagun inguru espero dituzte, eta 15.000 ogi txigortu inguru banatzea espero dute. Aurtengoa ogi txigortuari eta olioari gorazarre egingo dieten hogeigarren aldia da, eta, Moleonen arabera, erakusleiho gisa ere balio du, hein batean: «Zoragarria den produktu bat dugula erakutsi nahi dugu, gure lurrak eman diguna, eta, gainera, hemen bertan ekoizteko aukera dugu». Haren esanetan, nahi duen oro joan daiteke eta dastatu Arroizko olioa. Antzinako ohiturei jarraikiz egiten dute ogi txigortuaren eta olioaren dastatzea, urteko olio uzta berria aurkeztearekin batera.
Nafarroan ahalmen handiena duen dolarea da Mendia, eta 5.000 bazkide ditu: milioi bat olibondo dituzte denen artean.