Lasartearra da Mertxe, eta Euskal Herriko zeinahi txokotakoa Marimotots. Euskaldun berria da Mertxe, eta antzerki munduan ibili zaharra, Marimotots.
Pirritx eta Porrotxen aldamenean hazi eta bizi da Marimots. Mertxeri mingainetik eta Marimototsi mototsetik tiraka irrien lagun egin dira hainbat ume eta heldu euskaldun.
Noren ahotik hitz egiten duzu erosoago? Mertxe edo Marimototsen ahotik?
Momentua, lekua, pertsona eta gaiaren arabera.
«Mari» hasten diren hitzek ez al dute konnotazio ezkorra?
Bai? Zuk uste? Ni, batzuetan MARI motots naiz, beste batzuetan MARIA Mercedes, oso MARI matraka beti, MARI kalanbreren laguna eta gure artean ongi-ongi MARI mondongi pasatuko duzue.
Arbasoak Cacerestik etorri ez balira zertan arituko litzateke Mertxe?
Auskalo! Bertsolaria edo euskara teknikaria seguru ezetz. Euskal Herrian jaio nintzen, pailazoekin aritzen naiz eta ez dut neure burua beste inon ikusten; hala ere, Caceres asko maite dut, eta maiz joaten naiz.
Behin, Usurbilen eta Orion, euskaraz hurbildu zitzaizkizunei ulertu ezinak eraman omen zintuen euskara ikastera.
Bai, horrela izan zen, euskaraz galdera bat egin zidaten, eta ezin erantzun; izugarrizko lotsa sentitu nuen, nire herriko hizkuntza ez jakiteagatik.
Familian ilobekin soilik egiten al duzu euskaraz?
Bai, familian beste inork ez baitaki euskaraz.
Ametsak euskaraz egin zenituela ohartu zinen egunean sentitu al zinen erabateko euskaldun?
Ez nintzen euskaldunagoa sentitu, baina izugarrizko poza sentitu nuen; pentsa, oraindik goiz horrekin primeran gogoratzen naiz.
Mertxek, Marimototsek bezala, margo eta mozorro asko al ditu?
Denok bezala, etxean rol bat duzu, lagunekin beste bat, kalean beste bat… baina guztietan nahiko berdintsua naiz, guztietan ikusten zaizkit mototsak.
Mertxek inoiz sentitu al du Marimototsen inbidiarik? Hain maitatua sentitzen al da?
Marimotots bezala oso maitatua sentitzen naiz, oholtzatik jaitsi eta besarkadak eta muxuak trukatzea pribilegio bat da. Mertxe gisa ere jasotzen ditut zaleen zorionak eta loreak. Dudarik gabe, maitasuna oso zutabe garrantzitsua da nire bizitzan. Bai, maitatua sentitzen naiz.
Lasarten indar handia du antzerkiak. Zu bertako talde batean irakasle ere ari zara. Auzolana ezinbestekoa al da Euskal Herrian?
Auzolanak eta elkarlanak Euskal Herrian eta munduko txoko guztietan izan behar lukete ezinbestekoak. Gure buruarentzat hain aberasgarri sentitu duguna eta hainbeste eman diguna besteekin ere partekatu nahi genuen, sentimendu hori izan zen antzerki eta dantza eskolaren abiapuntu.
Zer ematen du jendaurrekotasunak, eta zer kentzen?
Oholtzakharrapatu egiten zaitu, eta zaleek ere bai; bihotza eta gogoa betetzen dizkizute. Bestalde, zure bizitzaren ordu asko eskatzen dizkizu, baita ardura eta egiten duzunarekiko kezka apur bat ere.
Marimotots zerk nekatzen du gehiago? Emanaldiak berak edo emanaldi ondorengo autografo, muxu emate eta argazki saioak?
Ez batak ez besteak. Ikusten ez dena, atzeko lanak eta joan-etorrietan bidean ematen ditugun kilometroak dira nekagarrienak. Besarkadak, musuak eta piropoak bitaminak dira guretzat. Norentzat ez?
2001ean Nikaraguan izan zineten. Zer-nolako esperientzia izan zen?
Bigarren aldia zen Euskal Herritik kanpora gindoazena. Gure herrian bide luze bat egin dugu, eta jendeak gure lana ezagutzen du. Nikaraguan,ordea, ezezagunak ginen, eta guretzat erronka bat zen beraientzat antzeztea. Bide batez, kintxoen informazioa bildu genuen diskoa eta espektakulua prestatzeko. Bertakoen errealitate gordina bertatik bertara ezagutu genuen. Hala ere, irribarre egiten zutenean ikusten zitzaizkien hortz zuriak ditut gogoan. Perla txuri errugabeak.
Lantzen duzuen gai bakoitza ondo aukeratutakoa eta hobeto hausnartutakoa izaten da. Horregatik al zarete hain estimatuak eta miretsiak?
Egia da, gai bat aukeratzen dugunean bi buelta eta hiru ere ematen dizkiogu, gure aldetik onena ematen saiatzen baikara. Egunerokotasunean bizitzen ditugun gaiak irentsi eta gure koloretako begien iragazkitik pasatzen ditugu, mezu baikorrak emanez.
Haurrek duten inozentzia galtzen denean zer geratzen da?
Inozentzia ez genuke sekula galdu behar, triste geundeke bestela. Tristeak ginateke. Inozentzia ez da inozokeria.
Pailazoak ere bertsolari eta idazleei hitzak eskatzen hasi zarete zuen kantuetarako. Zergatik?
Tristurak eta pozak goxoagoak dira partekatzen ditugunean, lanak ere bai. Denon koloreak biltzen ditugunean koloretako emaitza lortzen dugu, ostadarra distiratsuagoa da beti.
Nori esango zenioke Irrien Lagunak klubeko partaide izateko?
Jende guztiari, haurrei zein helduei. Mundua zuri-beltzean ikusi nahi ez duen orori, eta baita mundua zuri-beltzez inposatu nahi digutenei ere. Ea denon artean koloretako mundua lortzen dugun.
Mertxe Rodriguez 'Marimotots'
«Inozentzia ez da inozokeria»
Marimotots bihurtzen da Mertxe Rodriguez oholtza gainera igotzean. Umorea eta dedikazioa bidelagun, umeei irribarrea ateratzea du lanbide.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu