Ezustean agertzen den kolpe bat izan liteke minbizia, eta, min fisiko eta psikologikoarekin batera, ikusezintasuna eta tabua ekartzen ditu sarri eskutik. Horri aurka egiteko sortu zen Izan Inurri elkartea, 2019. urtean, eta argi esaten dute minbizia ez dela «arrosa», baizik iluna. Sortu zenetik, ehunka emakumeren topaleku eta babes sare bihurtu da: inurritegiaren goxotasunean hartu dute aterpe. Larunbat honetan elkartuko dira, Usurbilen (Gipuzkoa) antolatu duten Inurri Egunean.
Tabuen kutxatik, plazara lelopean egingo dute egun osoko jardunaldia. Iaz egin zuten lehen Inurri Eguna, eta aurtengoa «berezia» izango da, Julene Illarramendi elkarteko kidearen hitzetan. «Iazkoa lehena izan zen, eta inurri asko etorri ziren, aurten ez daudenak. Bada festa egun bat, baina baita aldarrikapen egun bat ere, eta Inurri ezagutarazteko egun bat ere bai».
Etengabe handitzen ari den familia bat da Inurri elkartearena; zenbatzea zaila izan arren, bostehun lagun baino gehiago dira dagoeneko inurritegiaren parte. «Gaixo daudenak, lagunak, familiak... zeharka ere jende asko biltzen du Inurrik», Illarramendik adierazi duenez.

Izan ere, tristurak eta pozak samurragoak dira ingurukoekin partekatuz gero. Ondo dakite hori inurritegia osatzen dutenek: «Uda nahikoa gogorra izan da: elkarteko zazpi kide hil zaizkigu, eta izango da une bat haiei lekua emateko ere. Terapiarik onena hori dela iruditzen zaigu: elkartu, besarkatu eta elkar babestea. Azkenean, hau da dagoena, hau errealitate bat da, baina elkarrekin pixka bat arintzen da mina».
Ikerketarako dirua eskatzea eta gaixotasunari ikusgaitasuna ematea ere badaude elkartearen helburuen artean. Gaixotasuna izan dutenei ahotsa emanez apurka-apurka ari baitira isiltasun hori hausten. «Esperientzia eta bizipen pila bat ditugu elkartean, eta, askotan, jendeak bere burua islatuta ikusten du bertan. Nahi dugu jendeak gure ikuspegitik, ikuspegi feministatik jakin ditzan haien bizipenak».
Bizitza ospatzeko egitaraua
Eguna ariketa saioarekin hasiko dute, Ama yogako Olatz Berasategirekin, eta Ore Ama, Txalaka eta Tolosa jatetxearen gosaria izango dute laguntzeko. Ondoren, parte hartzaileek hiru tailer izango dituzte aukeran: zeramika, bitxigintza edo buztinezko pieza bat sortzea.
Indarrak hartu ondoren, mahai inguru bat egingo dute, 12:30ean, Sutegi aretoan. Elkarteko kide Alaitz Zumaldek, Elordi Garciak, Eider Casanovak eta Leire Markuerkiagak parte hartuko dute . Mahai inguruko gai orokortzat zaintza hartu badute ere, hainbat ertzetatik begiratuko diote minbiziari: diagnostikoaren eraginaz, tabuez, desestigmatizazioaz, autozainketaz eta zaintza sareaz, amatasunean duen eraginaz eta abarrez hitz egingo dute, nork bere esperientziatik. Maider Galardi ikerlari eta kazetariak gidatuko du saioa.Â
Mahai inguruaz gain, gozatzeko eta elkar goxatzeko tartea ere izango dute Inurriko kideek. Izan ere, bertso saio musikatua antolatu dute bazkalosterako: Onintza Enbeita, Ane Labaka eta Alaia Martin bertsolariek kantatuko dute bertan, eta Araitz Bizkai eta Gari Otamendi arduratuko dira musikaz. 18:30etik aurrera, berriz, hainbat kontzertuz gozatzeko aukera izango dute: Olatz Salvadorrek, Idoia Asurmendik, Olaia Inziartek eta Mirua taldeak kantatuko dute. Festa Fifi & Fefa DJekin amaituko da.
Elkarrekin, bizitza ospatzeko eguna izango da Inurriko kideentzat. Aldarrikatzea beharrezkoa delako, tabuak apurtzeko daudelako, baina, bereziki, bizitza erdigunean jarri nahi dutelako: «Inurrin beti esaten dugu asko gustatzen zaigula festa, eta ondo pasatzea. Azkenean, nahi gabe, gaixoaren iruditeria horrek esaten du ezin dugula ondo pasatu, eta bada egun bat ondo pasatzeko, gozatzeko, barre egiteko; gure leloak dioen bezala, hil arte bizitzeko».