Iparraldeko euskal hedabideek saio bat eginen dute etxebizitzaren gaiaz

BERRIAn ikusi ahalko da saioa bihar. Nafarroako bozen gaineko eztabaida bat ere emango du

Iparraldeko euskarazko hedabideek elkarrekin egindako saioaren grabaketa. BERRIA.
urtzi urkizu
2023ko maiatzaren 09a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herrian etxebizitzaren gaia zertan den aztertzeko saio bat emango du BERRIA egunkariak, eta, egun berean, Nafarroako hauteskundeen gaineko eztabaida bat ikusi ahalko da webgunean. Bihar arratsaldean izango dira bi emankizunak.

BERRIAk, Kanaldudek, Kazeta-k, Herria-k, Euskal Irratiek eta Ipar Euskal Herriko Hitza-k lur eta etxebizitzen arazoaz Herrian bizitzeko erronkak izenburuko telebista emankizun berezia eskainiko dute bihar, 19:00etan. Erreportajeak eta lekukotasunak tartekatuko dituzte. Halaber, honako gonbidatu hauek parte hartuko dute: Filipe Aramendi Urruñako auzapezak (Lapurdi), Andre Larralde Donaixti Ibarreko auzapezak (Nafarroa Beherea), Maryse Cachenaut Lurzaindiko ordezkari eta laborariak, eta Ainize Butron Alda elkarteko lehendakarikideak. Larzabaleko (Nafarroa Beherea) Espelletenian grabatu zituzten solasaldiak, eta aurkezleak Euskal Hedabideetako kazetariak izan ziren. Hedabide bakoitzaren atari digitaletan eta kateetan ikusi ahalko da.

Euskal Hedabideek azaldu dutenez, Ipar Euskal Herrian lurra eta etxebizitzaren gaia gizarteko egituren zein herritarren arteko eztabaida guztien erdigunean emana da: lurren desagertzea, bigarren etxebizitzen bilakaera, Airbnb fenomenoa, espekulazioa, mobilizazio eta ekintzak, hautetsien eta erakundeen neurrien hartzea. Gai horien guztien inguruan mintzatuko dira Euskal hedabideak lau haizeetara saioaren atal berrian.

Internet bidez saioa ikusteaz gain, irratiz entzun ahalko da Gure Irratian (FMko 106.6), Antxeta Irratian (FMko 90.5), Xiberoko Botzan (FMko 95.5), Iruñegiko Irratian (FMko 91.8) eta Amikuzeko Irratian (FMko 94.2).

Nafarroako bozak

Nafarroako hauteskundeen inguruko mahai inguru bat ere antolatu dute BERRIAk, Euskalerria Irratiak, Martin Ugalde kultur parkeak eta Iruñeko Katakrak liburu dendak. Lau aditu izango dira eztabaidan: Juan Kruz Lakasta Euskalerria Irratiko zuzendaria, Amaia Alvarez NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zuzenbidearen Historiako irakaslea, Ibai Fernandez Diario de Noticias egunkariko kazetaria eta Joxerra Senar BERRIAko kazetaria. Uxue Rey Gorraiz BERRIAko kazetariak gidatuko du saioa —Berria FM podcastaren aurkezlea da Rey, Ane Eslabarekin batera—.

Bihar egingo dute mahai ingurua, 19:00etan, Iruñeko Katakrak liburu dendan. Streaming bidez ikusi ahalko da, zuzenean, BERRIAren webgunean.

Nafarroan hainbat gai giltzarrik baldintzatuko dituzte bozak: eskuinaren zatiketaren ondorioek; PSNren, Geroa Bairen eta EH Bilduren arteko lehiak, nor geratuko aurretik; kanpainari begirako alderdien arteko estrategiek; eta maiatzaren 29tik aurrerako agertoki politikoei begirako asmoek, besteak beste.

Nafarroako Parlamentuan ez ezik, udal nagusietan ere asko egongo da jokoan, batik bat Iruñekoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.