Udako proposamenak

Iragana, oraina eta etorkizuna

Ordiziako azoka sakonki ezagutzeko lau bisita gidatu egingo dituzte abuztuan.

Ordiziako azoka, Artzain Egunean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Ordiziako azoka, Artzain Egunean. MAIALEN ANDRES / FOKU
2026ko abuztuaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ordiziako azokaren (Gipuzkoa) inguruko bisita gidatuak egiten ari da D'elikatuz, Goierriko interpretazio zentroa. Iragana, oraina eta etorkizuna izenburupean, azokak mende luzez pilatutako istorioak ezagutaraztea du helburu. Iraganeko azoka jendearengana gerturatzea da xedea, jendea egungo azokara gerturatzeko. Horrenbestez, oraingo azoka ezagutzea ere ibilbidearen parte izango da. Egitasmoa hainbat egunetan egingo dute: uztailaren 29an egin zuten lehen bisita, eta abuztuaren 26an izango da azkena. Dagoeneko lehen bisita gidatua egin duten arren, beste lau aukera izango dira azokaren historia eta funtzionamendua sakonki ezagutzeko. Bihar bertan izango da egitasmoan parte hartzeko beta. Horrez gain, abuztuaren 12an, 19an eta 26an ere izango da horretarako aukera. Bisita Ordiziako turismo bulegotik abiatuko da, 10:00etan. Izen ematea, bestalde, aldez aurretik egin beharko da, eta 12,50 euro balio ditu.

Garrantzi bereziko azoka bilakatu da Ordiziakoa. XIII. mendean hasi ziren egiten, eta, ia zortzi menderen ostean, asteazkenero alde zaharraren bihotza betetzen du oraindik ere. Urteak eta zailtasunak gorabehera, egun, erreferentziazko azoka da. Leire Arandia D’elikatuz interpretazio zentroko langileak hala azaldu du: «Azokek Euskal Herrian garrantzi handia izan dute, gehienbat inguruko baserritarren saltokia izan baita jatorriz, baita Ordizian ere». Zero kilometroko nekazaritza produktuak dira nagusi: baserriko fruta, barazkiak, Idiazabal gazta eta arkumea, esate baterako.

Bisitak azokaren historia eta istorioak ezagutzeko balio du; hain zuzen ere, gaur egungo azokan murgildu ez ezik, espresuki, iraganeko azokaren hainbat lekutatik igarotzen da ibilbidea. Gainera, azokaren eraikinak ezagutzeaz gain, aurrez aurreko harreman pertsonalez ere jarduten dira bisitan; izan ere, esperientzia gertukoa izan dadin, aspalditik Ordiziara joaten diren baserritarrekin hitz egin ahal izango dute parte hartzaileek. Hain zuzen ere, giza harremanak ere azokaren osagai garrantzitsua direla aitortu du Arandiak: «Ekoizlearentzat ere herrian harremanak izateko era izan da, lagun nahiz ezagunekin hartu-emana izateko».

Garai berriak

Ordiziako azokara jendea gerturatuagatik ere, egun, «soilik helduen ohitura» dela azpimarratu du Arandiak. Hain zuzen, egun, aisiari garrantzia eman arren, Arandiak nabarmendu du elikadura eta elikagaien jatorria ez dela kontuan izaten. Horrenbestez, «garai berriei eta gazteei» egokitzeko alternatibak gauzatzen ari dira. Erosketak Internet bidez egiteko aukera da horietako bat. Whatsapp bitartez azokako produktuak eskatu daitezke, eta ondoren udaletxe azpiko arkupean jaso. Horri esker, azokara joaterik ez daukan jendeak tokian tokiko elikagaiak erosteko aukera dauka.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA