Iragana porlanaren pean

Arkeologoek urte osoan jarduten dute herriz herriko eraikuntza lanetan. Ondare historikoa babestea izaten dute helburu. Aurten, esaterako, 98 esku hartze egin dituzte Bizkaian.

Ondare Babesa arkeologia enpresako langileak Gasteizko Kanpillo gizarte etxean. ONDARE BABESA
Ondare Babesa arkeologia enpresako langileak Gasteizko Kanpillo gizarte etxean. ONDARE BABESA
June Montero Viguera - Amaia Igartua Aristondo
2025eko abenduaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Historia ez da jada idatzita dagoen kontaketa soil bat. Egunkarietako lerroburuetara heltzen ez diren arren, badaude hainbat lagun egunerokoan iragana azaleratzen dihardutenak, zenbait arkeologo urte osoan aritzen baitira lanean. Gizadiaren aztarnak ez dituzte beti ezustean aurkitzen; askotan, aurkikuntzak aurreikusi, kudeatu eta dokumentatu egiten dituzte, gaur egungo gizartearen jardunak arriskuan jar baitezake lur azpian dagoen ondarea: baserri baten berriztatzea izan daiteke mehatxua, edo errepide bat eraikitzea, edo baso bat moztea. Hor sartzen da jokoan kudeaketa arkeologia, iraganaren eta etorkizunaren arteko orekari eusteko. Edo eusten saiatzeko. Hiru maila nagusi ditu kate horrek: administrazioa, enpresak eta arkeologo autonomoak. Eta kate horretako katebegi dira, hain zuzen, Joseba Rios Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondarearen Zerbitzuko arkeologo teknikaria, Jose Angel Fernandez Gasteizko Ondare Babesa enpresako administratzaile nagusia, eta Cristina Camarero arkeologoa.

Larrialdiko arkeologia gisa ere ezagutu izan da lan hori, baina Riosek azaldu du zergatik den egokiagoa kudeaketa arkeologiaz hitz egitea. «Askotan, uste izaten da ezusteko aurkikuntzak larritzekoak direla, baina guretzat ez: onak dira, eta baditugu halakoei aurre egiteko mekanismoak». Berez, larrialdiak «oso gutxitan» gertatzen dira: adibidez, aztarnategi edo objekturen bat hondatzen denean edo horretarako berehalako arriskua dagoenean.

«Askotan, uste izaten da ezusteko aurkikuntzak larritzekoak direla, baina guretzat ez: halakoak onak dira»

JOSEBA RIOS Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondarearen Zerbitzuko arkeologo teknikaria

Salbuespen horiez gain, askotarikoak dira kudeaketa arkeologiaren barruan egin beharreko zereginak. «Bizkaia ez da lurralde oso handia, baina ondare arkeologiko izugarria dauka, baita potentzial arkeologiko izugarria ere: baliteke ezagutzen ez diren aztarnategi pilo bat egotea hor kanpoan», balioetsi du aldundiko teknikariak, eta Ondare Zerbitzuan «lan itzela» dutela azpimarratu: besteak beste, ikerketa, indusketa eta kontrol arkeologikoak egiteko baimenak emateaz arduratzen dira; proiektu horien informazioa jaso eta txostenak egiteaz; baita ondasun higigarrien balio arkeologikoa zehazteaz ere. Aurten, 98 esku hartze egin dituzte Bizkaian.

Riosek berretsi duenez, egiten duten lanak lotura estua du planifikazioarekin. Eusko Jaurlaritzak aurrez identifikatuak ditu gune arkeologiko izan daitezkeen horiek, eta, obra bat egin aurretik edo egitear dagoenean, eraikuntza enpresen eskaerak aztertzen ditu. Kasu batzuk erraz ebazten dira —ezin da errepide bat egin tenplu jakin bat dagoelako, adibidez—, baina beste askotan badago erabakitzeko tartea: gune arkeologikotzat jotako eremu batzuei buruz ez dakite askorik, eta, beraz, esku hartu beharra daukate obrak onetsi baino lehen. «Gure asmoa da arkeologia arazoak konpontzeko erabiltzea, baina baita ikerketa bideratzeko, ondarea babesteko eta jakintza historikoa sortzeko ere», adierazi du Riosek.

Mitoak eta bidegabekeriak

Administraziora heltzen diren proiektu guztiak aztertzen dituzte, bai obra txikiak bai azpiegitura handiak, eta kasuan-kasuan nola esku hartu behar den erabaki: aurretiazko ikerketa bat, zundaketak edo obraren jarraipen arkeologikoa eginez, kasurako. «Batzuetan utopikoa den arren, aukera idealena da ikerketa arkeologikoa obra hasi aurretik egitea, lasaiago lan egiten delako eta emaitzak hobeak direlako», egin du ñabardura Riosek.

Cristina Camarero arkeologoa Mendizabalako estratuak aztertzen, otsailean. CRISTINA CAMARERO
Cristina Camarero arkeologoa Mendizabalako estratuak aztertzen, otsailean. CRISTINA CAMARERO

Bat datoz Fernandez eta Camarero. Baina, batzuetan, ezinezkoa da. «Askotan egin dut lan obra jada hasita dagoela, eta, halakoetan, presio askoz handiagoa izaten dugu», oroitu du Camarerok. Onartu du tarteka beharginekin tirabirak sortzen direla, epemugen eraginez batik bat, indusketa batek obra atzeratu dezake eta. «Badago arkeologoek obrak geldiarazten dituztelako mitoa; baina gauzak oso bestelakoak dira egiatan. Ahal dugun bezainbeste moldatzen gara obraren erritmora». Fernandezen arabera, oso gutxitan eteten dira obrak, eta kudeaketan arazoren bat izan delako eten ohi dira.

Arkeologoak lanean ari direnean, langileak adi-adi egoten dira begira. Irudi hori du gogoan Camarerok. Eta baditu beste oroitzapen garratz batzuk, orobat. Izan ere, obrak «gune oso maskulinizatuak» dira, eta inoiz jasan izan ditu jarrera matxistak: gutxiespena, arkeologoa dela esan arren neska berbarekin baino ez deitzea, baita jazarpena ere. «Extremadurako [Espainia] indusketa batean, peoiek gauza iraingarriak esaten zizkiguten; nire lankide batzuek ez zuten bahetzera joan nahi».

«Badago arkeologoek obrak geldiarazten dituztelako mitoa; baina gauzak oso bestelakoak dira egiatan. Ahal dugun bezainbeste moldatzen gara obraren erritmora»

CRISTINA CAMARERO Arkeologoa

Eta, lurrari dagokionez, zer egoten da arriskuan, zehazki? Estratuak, batez ere, Fernandezek xehatu duenez. «Obrek ez diete kobazuloei eragiten, soilik gainean haize errota bat kokatzen bada». Erdi Aroaren osteko aztarnak izan ohi dira mehatxupean, hiribilduen fundazioen ostekoak. «Erromatarren aztarnek askotan ez dute bat egiten herriekin, baina Erdi Arokoek bai. Burdin Aroko aztarnategiak ere badaude, baina gehienak eremu garaietan, mendi puntetan; hor ez dira obra asko egiten, haize errotak eta radarrak jarri baino ez, eta ahalegintzen gara halakorik ez dadila egin», xehatu du Ondare Babesa enpresako administratzaileak.

Estratigrafiari erreparatzen diote, orobat, ondarea aztertzeko. Leku batzuetan ez dute ezer topatzen, nahiz eta eremu arkeologiko gisa izendatuta egon; beste batzuetan, tokia interesekotzat jotzen dute kronologiagatik, edo topatutako material eta estrukturengatik. «Batzuetan, bost axola kronologiak», Riosen esanetan. «Egitura ondo kontserbatuta badago, adibidez. Baina egia da erromatarren garaiko aurkikuntza batek balio handiagoa daukala Aro Modernoko batek baino». Zaharragoa izateagatik, eta kontserbatzeko gaitzagoa izateagatik. Baina hainbeste urte ez dituen aurkikuntza bat ere baliotsua izan daiteke, era berean, izan zerbait oso bakarra delako, izan informazio historiko asko ematen duelako.

Lege «garantista», baina «malgua»

Alde horiek guztiak kontuan hartzen dituzte neurriak ezartzeko eta gomendioak egiteko, aldundiko teknikariak esplikatu duenez. «Aztarnak interesa baldin badauka, edozein motatakoa izanda ere, induskatzen segitzen dugu, edo lanen sustatzaileari eskatzen diogu eremua ez dezala gehiago ukitu eta sar ditzala tutu guztiak jada induskatutako tokietatik; edo, bestela, erabakitzen dugu ikerketa proiektu bat abiatzea, lurraren jabearekin hitz eginda».

(ID_17657900079825) Ondare Babesa arkeologia enpresako langileak Kanpillo Gizarte Et
Esku hartzeak obrak hasi baino lehen egiten ahalegintzen dira. ONDARE BABESA

Arkeologoek bi urteko epea dute esku hartzearen memoria aurkezteko, eta urtebetekoa induskatutako materiala entregatzeko. «Baina saiatzen gara epeak bukatu baino lehen egiten», adierazi du Fernandezek, «uste baitugu batzen ditugun datuek eta materialek lehenbailehen egon behar dutela beste arkeologoen eskuetan, haiek ikertzeko aukera izan dezaten». Material arkeologikoak entregatu bezain laster, zer tratamendu  behar duten identifikatzen dute aurrena. Metalak eta zaharberritu beharrekoak museoetara bidaltzen dituzte berehala, eta premia horiek ez dituztenak, berriz, garbitu, sailkatu eta erregistratu egiten dituzte. Landa lana amaitutakoan, lehen txostena igortzen diote aldundiari, aurkikuntzen berri izan dezan, eta obrek aurrera jarraitu dezaten; eta memoria mardulagoa taxutzen dute ondoren, analisi sakonago bat eginda: unitate estratigrafikoak, mozketak, materialak, karbono-14 analisiak, polenak...

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Kultura Ondarearen Euskal Legeak arautzen ditu esku hartze eta irizpide arkeologiko horiek. 1990. urtean onartu zuten lehen legea, eta hura ordezkatzen du indarrean dagoenak, 2019koak. Riosek esan du tarte horretan «aurrerapauso itzelak» egin direla, eta legea «garantista» iruditzen zaio; baina uste du gauza batzuk hobeto definitu beharko lituzkeela, hala nola epeak. «Eta gustatuko litzaiguke diputazioak eskumenak izatea gune arkeologikoak izendatzeko; gaur egun, Eusko Jaurlaritzak egiten du hori». Fernandezek azpimarratu du administrazioak aholkularitza lan oso ona egiten duela, baina eskatu du ados jar daitezela memorien inguruan, denek informazio bera entrega dezaten, fitxak modu jakin batean egin daitezen eta planoek kalitate bera izan dezaten, orain jasotakoa etorkizuneko arkeologoentzat ere erabilgarria izan dadin.

«Burdin Aroko aztarnategiak ere badaude, baina gehienak eremu garaietan daude, mendi puntetan; hor ez da obra askorik egiten»

JOSE ANGEL FERNANDEZ Gasteizko Ondare Babesa enpresako administratzaile nagusia

Kritikoagoa da Camarero. «Esango nuke ez dugula guztiz ondo defendatzen gure ondare arkeologikoa; legedia malgua da gauza batzuetan». Adibidez, gune arkeologiko batzuk ez daude Espainiako Aldizkari Ofizialean jasota, eta «zaila» da zehazki non dauden jakitea. «Prospekzioak egitean, denbora galtzen dugu». Horrez gain, aztarnategiek dituzten babes mugak «nahiko murritzak» iruditzen zaizkio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.