Asfalto grisaren gainetik autobusak eta autoak ziztu bizian igarotzen dira: altzairuzko biderik gabe, ikatzik gabe eta abiatuko direla adierazten duen txilibiturik gabe. Ondoan, beste garai batean harrapatuta baleude bezala, Iruñeko Tranitarios tren parkean, tren txikiak sigi-saga dabiltza. Parke tematikoa opor egunetan eta asteburuetan egongo da zabalik, txikienak beste garai batera eramateko prest.
«Oinak ointokietan jarri, eta ez atera eskuak bagoitik». Gabriel Ezpeleta makinistaren ahotsari esker, haurren ahotsak pixka bat baretu egiten dira. Korrika sartu dira bagoirik onena lehenbailehen aukeratzeko: inor ez da esertzen lehenengoan, beste aukerarik ez dagoenean bakarrik. Duela hamahiru urte hasi zen Ezpeleta tren txikietako bat gidatzen: «Hoberena haurren ilusio aurpegiak ikustea da, berriz gaztea izatea bezalakoa da».
Helmugarik gabe
Egun eguzkitsuaren ondorioz, umeen aulkitxoak pilatu dira tren geltokian; bidaiariak eserita daude, trena martxan jartzeko irrikan. Geltokian, mukizapi batekin agurtzen bezala, senideak daude. Bi trenetako gidariak eseri dira, eta Ana Ester Sanz langileak ezkila jotzean jarri dira martxan: txu, txu!
Trenak geltokitik atera dira. Trenetako batek bide motzagoa egin du aurretik, bihurgune itxiekin. Zubi garden baten gainetik igaro da, eta batek baino gehiagok oihu egin du beherantz begiratzean. Geltokitik pasatu dira, eta, trenen hizkuntzan agur esan ondoren, makinak abiadura handiagoa hartu du: ibilbide handia hasi da. Bideak landarez betetako ibilbidea inguratzen du, eta tunel luze batzuk zeharkatzen dituzte helmugara iritsi arte. «Beste bat!», oihukatu dute bidaiariek geltokira iristean. Baina Sanzek berehala hustu ditu bagoiak, hurrengoentzat prestatzeko: «Geltokitik ateratzen diren bidaiari guztiak itzultzen dira, oraingoz ez zaigu bidaiaririk galdu», esan du, irri bihurri batekin.
Osorik itzuli den horien artean Ibai Herrera gaztea dago, geltokira iritsi den lehen trenean igo baita: «Gehien gustatu zaidana igo naizen trena da, azkarragoa zelako! Gainera, lagun batekin nengoen»; hori entzun bezain pronto erantzun du haren lagunak, Nina Mendizabalek: «Ni naiz laguna! Berriz joan nahi dut, ama!», erregutu dio.

Geltokiko areto batean antzinako trenen maketei ere behatu die; tren txikiak Nafarroako tren geltokien erreplika zorrotzen artean mugitzen dira, zubien gainetik eta basoen artean. Baina hori ez da sorpresa bakarra: sabaitik gertu bidaiatzen duen makina bat ere badago. Hori ikustean, ume bat aho zabalik geratu da, eta zoriontasunez beteriko garrasi bat egin du, maketen teknikaria ere ikaratzeko modukoa: «Trenak maite dituzu, e? Nik ere bai».