Aspaldian deitu proiektu artistikoa gailurrera iritsiko da, gaur eta bihar Izturitzeko (Nafarroa Beherea) harpeetan eginen den musika emanaldi ikusgarrian.15.000 urte baino zaharragoko txirula soinuak berpiztuko dituzte Aspaldian proiektu artistikoaren partaide diren musikariek. Izan ere, Izturitzeko leizeetan, 15.000 eta 35.000 urte arteko 22 txirula zati aurkitu izanaren harira sortu zen egitasmo artistikoa. «Leizeetan XX. mendean, aurkitu txirula zatietan oinarriturik, gure arbasoek egin musika berriz entzunarazteko parada izanen dugu. Europan aurkitu diren txirularik zaharrenak dira», azaldu du Nathalie Paroixek, Izturitzeko leizeetako gune artistiko eta zientifikoaren arduradunak. Christian Normand arkeologoak antzinako txirula baten egiazko kopia bat erreproduzitzea lortu duela azpimarratu du, era berean, Paroixek. Izan ere, aurkitu dituzten 22 txirula zatietatik bat egoera biziki onean atzemana izan da.
Azken bi urte hauetan, Francois Rosse konpositore alsaziarrak, Euskal Herriko hainbat musikarik—hala nola Mixel Etxekopar— eta arkeologok egin lanaren uzta izanen da aurkeztuko dena, gaur eta bihar. Flautak berriro sortu ahal izateko, bi urte osoko lana egin behar izan du Normand arkeologoak; lan luze eta neketsua izan da. «Izturitzen aurkitu dituzten txirulak saia hezurrekin egin zituzten antzinako gizakiek. Ez da ohikoa. Munduan normalean atzeman diren flautak txori hezurrez eginak izaten dira. Saia hezurrak aurkitzea zaila izan da», azaldu du Paroixek. Legalki egin behar izan den bidea, berriz, luzea izan dela erran du Etxekoparrek.
Musika, era originalean
Francois Rosse konpositorea, piano jotzaile eta musikari autodidakta da, eta, munduan, maiz saritua izan da egin sorkuntzengatik. «Nahiz esperientzia handiko musikaria izan, Rosserentzat berria izan da Aspaldian proiektuarentzat lan egitea, txirula hauek arkeologo batek sortu baititu, berriak baitira», zehaztu du Etxekoparrek. Hala, Rossek, txirula gaitzat harturik, soinu andana bat sortu du; maisuak musika bizitzeko era berezia sentiaraziko dio ikusleari. «Rossek ez du herri musikaren eta musika landuaren arteko bereizketarik egiten; horregatik, garaikide hitza ez du gustuko, sailkapen bat egiten delakoan. Musika, emozio bat dela dio, eta hori nabaritzen da bere sorkuntzetan», esan du Etxekoparrek.
Ikuskizuna iraganen den lekua bera berezia eta ezohikoa izanik, sentimendu eta soinu bereziek eztanda eginen dutelaerran daiteke. «Musika egokitu behar izan da leizeen oihartzunari. Konposatzeko abiapuntua leizeak izan dira», adierazi du Etxekoparrek, musika ederrena harpeak ematen duela adieraziz. «Dudarik gabe, berak manatzen du. Oihartzun berezia dago».
Izturitzeko leizeetan, txirulak aurkitzeaz gain, marrazki ugariren arrastoak daude. «Duela 30.000 urte gizakiak, ez hobe ez txarragoak, bertan egoten zirela pentsatzeak giro berezia sortzen du», dio Etxekoparrek. Aspaldian sorkuntza musikalaren bidez, beraz, iragan urrunaren eta orainaldiaren arteko zubiak sentitzeko aukera aparta izanen da.
Iraganeko flauten doinua
'Aspaldian' proiektu artistikoa burura iritsiko da, gaur eta bihar Izturitzeko leizeetan iraganen diren ikuskizunekin. 15.000 urte baino gehiagoko txirulak berriro sortu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu