«Badakite gaizki dagoela, baina onartzen dute liburua irentsi eta hurrengoa ere irakurriko dutela». Irakurleengan aztoramena eragiten du dark romance literatura generoak —eleberri erromantiko ilunek, alegia—. Sare sozialetan erakarpen hori deskribatzen dutela azaldu du Uxue Razkin Erein argitaletxeko editoreak. Literatura erromantikoaren barruan kokatzen da dark romance-a, baina maitasuna ez du begirada arrosaz eta goxoaz erakusten. Eleberriek maitasun harreman sutsuak eta toxikoak arakatzen dituzte, eta ez dituzte eszena erotikoak edo bortitzak saihesten. Harreman heterosexualak dira ohikoenak istorio horietan, eta idazle, protagonista eta irakurle gehienak emakumeak dira. Fenomenoak beste berezitasun bat du: sarritan sare sozialetan abiatutako liburuak dira, eta plataforma horietan milioika kideko komunitateak sortzen dituzte.
Baina zerk eragiten du erakarpen hori? Hamaika erantzun ditu galderak. Josune Muñoz Skolastika Literatura Zerbitzuak erakundearen sortzailea da, eta urteak daramatza egungo bestseller erromantikoen eragina eta jatorria ikertzen. Muñozen hitzetan, emakumeek literaturarekin duten harremana «estua, sakona, oparoa eta fidela» da, liburuak andreen lagun onak izan baitira mendeetan zehar. Genero erromantikoek, gainera, andreak protagonista bihurtzen dituztela azaldu du: «Kulturan, oso zaila da emakumeok subjektu izatea, beti gara objektu, margotuak eta kontatuak izan direnak; baina literaturan gu subjektu eta pertsona gara, gu gara idazleak».
Halaber, maitasun erromantikoaren iruditerian ere jarri du arreta. Muñozen esanetan, gizonei irakasten zaie beraien bizitzaren helburua «egitasmo pertsonal bat» dela, eta emakumeei, berriz, haien xedea «sentimentala eta besteekikoa» dela. Hortaz, amodioaz jarduten duten liburuei «termometro sozial itzelak» deritze Skolastikaren fundatzaileak, eta iruditzen zaio agerian uzten dutela emakumeek oraindik gustuko dutela «maitasunaren bidez dena lortu daitekeela irakurtzea». Eta defendatu du ez dela zertan kontra egin amodioa garaile izango dela pentsatzeari. Hala ere, ohartarazi du maitasunaren begirada «positibo eta ahaltsu» hori sistema patriarkalak baliatu dezakeela emakumeak «maneiatzeko eta mendekotasun egoeretan jartzeko», bai eta euren kontrako indarkeriak «areagotzeko eta zuritzeko» ere.
«Kulturan oso zaila da emakumeok subjektu izatea, beti gara objektu, margotuak eta kontatuak izan direnak; baina literaturan gu subjektu eta pertsona gara, gu gara idazleak»
JOSUNE MUÑOZSkolastika Literatura Zerbitzuen sortzailea
Galdera berari erantzun nahian aritu da Razkin ere. Haren esanetan, dark romance liburuen helburua adiktiboak eta erritmo azkarrekoak izatea da. Beraz, literatura estiloari dagokionez, «merkatuaren nahia» betetzen dute, eta irakurleengan «tentsio emozionala» sortzeko etengabeko ekintza da nagusi.
Dark romance-ak eragiten duen zirrara azaltzeko gakoa, ordea, beste bat dela uste du Razkinek. «Kontakizunetako protagonistek bizi duten beldurra arriskurik gabe ezagutzeko aukera ematen dute liburu horiek. Kitzikagarria da hori». Haren aburuz, «askatzailea» da beldurra sentitzea erosoa den ingurune batean. Muñoz iritzi berekoa da, baina arreta jarri du sexuan, desiran eta plazerrean. Egungo gizartean emakumeen kontrako indarkeria sexuala «itzela» denez, esperimentazioa «seguruagoa» da liburuetan. «Emakume batek bondage-an interesa badu, liburuen bitartez jakin dezake horri buruz. Jakin-mina asetzeko aukerak arriskutsuak dira benetako bizitzan».
Genero horretan, hain zuzen ere, ohikoak dira BDSM praktikak (bondage-a; diziplina eta dominazioa; sumisioa eta sadismoa; masokismoa). Horren adibide nagusia da Erika Mitchell (E. L. James) idazlearen Fifty Shades of Grey liburu bilduma ezaguna.
Ezkontzaren menpe
Euskal Herriko liburutegietara ere ailegatu zen Jamesen sagaren arrakastaren oihartzuna. Bildumako liburuak etengabe mailegatzen ziren, eta itxaron zerrenden markak hautsi ziren euskal biblioteketan. Liburuzainek «kezkatuta» jo zuten Muñozen atea. Fenomenoak izan zezakeen eraginaren beldur zirenez, hitzaldi bat antolatzeko eskatu zioten. «Begirada feminista oinarri hartuta liburuak aztertu eta desmuntatzea nahi zuten», azaldu du.
Eleberrien ikerketaren hariari tiraka iritsi zen XIX. mendera. Garai hartan literatura liburuak ziren emakumeak sozializatzeko tresna nagusia, baita heziketa «sentimentala, ekonomikoa, morala eta sexuala» bideratzeko modua ere. Muñozen hitzetan, autonomiaz eta askatasun ekonomikoaz gabetuta, ezkontza zen bizitza duina bermatzeko modu bakarra. Hortaz, neska gazteek ezkongai onak eta txarrak bereizi behar zituzten. Erabaki hori zen XIX. mendeko eleberri sentimentalen eta erromantikoen oinarria.
Nobela sentimentaletako protagonistak, egokitzat jotzen zen erabakia hartu, eta ezkondu egiten ziren; maitasunaren alde «argia» eta «zoriontasuna» adierazten ziren eleberriotan, Muñozen arabera. Erromantiko deitutakoetan, ordea, neska gazteek baiezkoa ematen zieten ganorazko bizitza ez zuten eta alferrak, bortitzak edo emakumezaleak ziren gizonei. Kontakizun horietan, emakumeak ez ziren gai pasioa eta sentimenduak gordeta eta kontrolatuta izateko, eta amaiera zoritxarrekoa zen.
«Sareko plataformetako idazleek nahi dutena sortzeko askatasuna daukate, baina argitaletxe batek liburua hartzen duenean gertatzen da saltoa. Merkatua gainezka eginarazten dute, eta, gainera, dirua irabazten dute neska gazteen kontura»
UXUE RAZKINErein argitaletxeko editorea
XIX. mendean literatura gotikoa ere bazegoela gogorarazi du Muñozek. Genero horren barruan sartzen ziren emakumeen kontrako indarkeria, intzestua eta sexu abusuak kontatzen zituzten istorioak, besteak beste.
Skolastikaren fundatzailearen aburuz, hiru genero horietan oinarritzen da dark romance-a. Gaur egunera, ordea, hiru generoak «nahastuta, idealizatuta eta desitxuratuta» ailegatu direla salatu du, erromantikoa izeneko genero bakar batean txertatuta. «XIX. mendean argi zegoen hautagai txarra zein zen. Egungo liburu erromantikoetan, gizonezkoa gaizkilea da printzipioz, ez da hautagai zuzena, baina hura aldarazteko gaitasuna du emakume on, leial eta zintzo baten amodioak. Hori gezur hutsa da». Dena den, protagonistaren izaera iruditzen zaio gauzarik kezkagarriena: emakume gazte eta birjinak izateaz gain, gizonak egiten duen oro pairatzen dute.
Kritikak kritika, irakurleak eta idazleak erruduntzat jo beharrean, erantzukizuna argitaletxeek dutela defendatu du Razkinek. Editorialak baitira sarean arrakasta izan duten liburuak hautatu eta argitaratzen dituztenak: «Plataforma horietako idazleek nahi dutena sortzeko askatasuna daukate, baina argitaletxe batek liburua hartzen duenean gertatzen da saltoa. Merkatua gainezka eginarazten dute, eta, gainera, dirua irabazten dute neska gazteen kontura».
Autokritika egitea
Fenomeno horren uhina, baina, ez da heldu euskal literaturara. Euskaldunek gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez irakurtzen dituzte dark romance liburuak. Irakurle horietako bat da Janire Atxurra. Eduki sortzailea da, eta liburuen inguruko iruzkinak egiten hasi zen Tiktoken duela urtebete baino gehiago. Tiktoketik irratira egin zuen saltoa, eta orain Euskadi Irratiko Amarauna saioan ibiltzen da asteburuero. Aitortu du euskaraz asko irakurtzen duen arren, «guztiz deskonektatzeko» erdaraz dauden liburu horietara jotzen duela: «Gazteleraz mamarracheo liburuak daude, erraz irakurtzekoak; eta euskaraz, berriz, nobela gehienek mezu sakon bat dute edo kritika soziala egiten dute. Euskaraz dark romance generoko liburuak idatzi beharko lirateke, eta kito».
Oier Etxebeste Alberdania argitaletxeko editorearen hitzetan, euskal merkatuaren tamaina txikiak eta generoaren eduki «polemikoek» eragiten dute euskaraz halako libururik ez argitaratzea. Maitasuna, oro har, beste genero batzuetan txertatuta agertzen dela azaldu du, eta harremanak, emozioak eta barne gatazkak tonu «intimista, neurtu eta errealista» batean adierazten direla. Baina dark romance-a ez da euskal literaturan dagoen «hutsune» bakarra, Razkinen arabera; orokorrean, ez baitago euskaraz idatzitako amodio libururik. Azaldu duenez, euskal literatura goi mailakoa eta serioa soilik izan daitekeela sinisten dute askok. Hortaz, eleberri erromantikoak edo entretenitzeko liburuak «mespretxatu eta gutxietsi» egiten dira. Ereineko editoreak, ordea, argi du autokritika egitea ongi datorrela, eta beharrezkoa dela euskal literatura askotarikoa izatea.
«Gazteleraz 'mamarracheo' liburuak daude, erraz irakurtzekoak; eta euskaraz, berriz, nobela gehienek mezu sakon bat dute edo kritika soziala egiten dute. Euskaraz 'dark romance' liburuak idatzi beharko lirateke, eta kito»
JANIRE ATXURRAEduki sortzailea eta booktokerra
Literatura erromantikoaren gabeziari dagokionez, euskal liburugintza mundu osoko salbuespena dela dio Muñozek. Salatu du Euskal Herriko literatura sistema «misoginoa eta matxista» izan dela: «Liburu erromantikoak emakumeek eginak, emakumeei buruz eta emakumeentzat izaten dira gehienetan, eta andreak garen idazleok badakigu: literatura mota hori idatziz gero, akabo gure ospea eta izen ona!». Gainera, euskal gizarteak «maitasunaren iruditeria pobrea» duela ere nabarmendu du, eta gatazka politiko eta armatu luze baten ondoren, euskaldunak ez daudela «amodio kontuetarako».
Badirudi, ordea, argitaletxeak aurrerapausoak ematen ari direla. Ereinek aurten kaleratuko du bere lehen nobela erromantikoa, Razkinek iragarri duenez.