Irisgarritasuna, oraindik zintzilik dagoen arazoa

Hego Euskal Herriko ospitaleetako irisgarritasuna eta komunikazioa oraindik ziurtatu gabe daude, bi ikerketen arabera. Baionako ospitaleari, berriz, ezinduen irisgarritasunari saria eman zioten maiatzean.

Zumarragako ospitalea ezinduentzako egoki prestatuta dago. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
2017ko urriaren 25a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hamar herritarretik lauk ezintasun fisikoren bat dauka mugitzeko edo komunikatzeko garaian. Jaiotzetik duten gaixotasunen baten eraginez ala adinarekin lotutako gabezia batengatik izan daiteke hori, baina, arrazoia edozein dela ere, datua argia da: ia herritarren erdiek daukate trabaren bat mugitzeko ala komunikatzeko. Hori horrela izanda, espazio zein eraikin publikoetan horien autonomia bermatu behar dute, baina kasu askotan ez da hori gertatzen.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Arartekoak txosten bat egin zuen irailean, eta osasun zentroek «gabezia errepikakorrak» zituztela ebatzi zuen. Osakidetzaren bederatzi ospitale, itunpeko hamabi, eta zortzi zentro psikiatriko aztertu ostean, horiek duten arazo larrienetako bat irisgarritasuna dela dio txostenak. Eraikin berrietan pertsonen mugikortasuna errazteko oinarrizko baldintzak ezarri direla dio Arartekoak, baina osasun zentro zaharretan egindako berritze lanak «ez dira behar adinakoak izan», txostenaren arabera.

Baina, gabezia horiez gain, entzumen edo ikusmen arazoak dituzten pertsonen irisgarritasuna zein komunikazioa da Arartekoak ikusi duen hutsunerik handienetako bat. Keinu hizkuntzako interpreteak falta direla dio txostenak, eta horrek entzumen arazoak dituztenekiko komunikazioa trabatzen du.

Eusko Jaurlaritzak 1997. urtean onartu zuen irisgarritasuna sustatzeko legea, eta egokitzapenak egitera behartu zituen eraikin publikoak. Horren arabera, ezintasunen bat duten pertsonen irisgarritasuna ezintasunik ez duenaren parera eraman beharko litzateke, baina, egun, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun zentro bakarrak bermatzen du aukera hori, txostenaren arabera: Zumarragako ospitaleak.

Ezintasuna duten pertsonen Nafarroako Cermin elkarteak iazko azaroan argitaratu zuen ikerketaren arabera, bestalde, hango ospitaleetan irisgarritasun arazoak ere nabariak dira kasu askotan. Nafarroako ospitale publikoak ikertu ditu txostenak, eta horietara inguratzeko ezinduek askotan laguntza behar dutela nabarmendu du.

Are gehiago, informazioa helarazteko garaian, alde horretatik autonomia arazo handi bat dagoela uste du Cerminek. Informazioa garatzeko trabak daudela dio txostenak, eta askotan familiarteko baten bidez lortzen dela informazio hori bideratzea, «ez daudelako egoera bakoitzera egokitutako profesionalak».

Baionari saria

Baionan dagoen Euskal Kostaldeko Ospitale Zentroan ezinduen irisgarritasuna bermatzeko plan bat jarri zuten martxan 2014an, eta, aurten, Parisen horren egokitasuna saritu diete. Hainbat programa dauzkate martxan, ezintasunen bat duten pertsonen irisgarritasuna bermatzeko parkingean lekua gordetzen zaie, ikusmen arazoak dituztenentzako plakak jarri dituzte, igogailuak egokitu, eta aulki gurpildunak erosi dituzte mugikortasuna ziurtatzeko. Heziketan lanean dabil beste talde bat, eta horien egoeraren inguruko sentsibilizazioa egiten dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA