«Komunikaziorako oinarrizko eskubidea bermatzeko eta komunikazioaren hirugarren sektoreko irratientzako baldintza egokietan bideratutako tituluetarako sarbidea bermatzeko, indarrean dagoen lehiaketa publikoa bertan behera uztea izango litzateke neurririk egokiena, eta deialdia berriro egitea». Hausnarketa hori egin dute Arrosa irrati sareko kideek. Eusko Legebiltzarreko Kultura eta Gazteria Batzordean agerraldia egin zuten atzo. «Eta batzorde horretan gure iritzia entzutea positiboa dela adierazi nahi dugu. Etorkizunean ikusiko da gure hitzak kontuan hartuko dituzten ala ez».
Arrosako kideek aitortu dute lehiaketa publikoa bertan behera uzteak bere zailtasunak izango lituzkeela. Horregatik, Eusko Legebiltzarrari eta Eusko Jaurlaritzari zenbait jakinarazpen egin eta neurri batzuk hartzeko eskatu diote. Batetik, dituen eskuduntzak erabiliz, Eusko Legebiltzarrak hartu beharreko kontrol neurriak har ditzala, lehiaketa publikoa ebazteko orduan gardentasuna bermatzeko. Bestetik, Eusko Legebiltzarrak eska diezaiola Eusko Jaurlaritzari aurkeztutako proiektuak baloratzeko orduan ondorengo oharrak kontuan hartzeko: «Espazio erradioelektrikoa jabetza publikokoa da. Herritarron komunikazio eskubidea lehenetsi behar da, interes komertzialen gainetik; Europako herrialde gehienetan irrati komunitarioak onartuak daude (Ipar Euskal Herrian legezkoak dira); estatuko legediak komunikabide komunitarioen izaera onartzen du 2010eko legearen bidez; 2010eko estatuko legeak jasotzen du frekuentzia lehiaketetan irratien esperientzia kontuan hartu beharko litzatekeela; Europako 2008ko erresoluzioak dio hirugarren sektoreko komunikabideak erregularizatu behar direla. Erresoluzio berberak esaten du hirugarren sektoreko komunikabideak lagundu behar direla; Eskualde Hizkuntzen eta Hizkuntza Gutxituen Europako Kartak dio hizkuntza gutxituetako komunikabideak babestu behar direla; irabazi asmorik gabeko irratiek zailtasun handiak dituzte lehiaketa honetan irrati komertzialekin lehiatuta».
Aipatutako ohar guztiak kontuan hartuta, Arrosak nahiko luke Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatzea lehiaketaren oinarriek ezarritako mugen barruan ahalik eta interpretazio «mesedegarriena» egin dezala irrati komunitarioen alde. Lehiaketara aurkeztu diren irrati komunitarioek euskara hutsean emititzen dutenak edo emisioaren %50ean euskara gainditzen dutenak kontuan hartzeko ere eskatu dute. Halaber, euskarazkoei erreserbatutako lizentzietatik kanpo, euskara hutsean edo gehienbat euskaraz emititzen duten irrati komunitarioei mesede egiteko eskatu du Arrosak.
Halaber, Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari ondorengoa eska diezaiola nahiko luke Arrosak: «Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorrak dioen bezala, ebazpena emateko orduan kontuan izan dezala lehiaketara aurkeztu diren irrati komunitarioek, kasu batzuetan, 30 urte inguruko esperientzia dutela».
Era berean, Eusko Legebiltzarrari eskatu diote txosten parlamentario bat egin dezala, etorkizuneko ikus-entzunezko komunikaziorako euskal lege bat gara dezan. «Lege horrek eremu erradioelektrikoa erabiltzaileari buruzko nazioarteko irizpen orokor demokratikoenak hartu beharko lituzke barnean. Eta inplikatutako eragile guztien parte hartzea bermatzeko beharrezko neurriak har ditzala: komunikazioaren hiru sektoreak, unibertsitatea, komunikazio erabiltzaileen elkarteak eta abar».
Eskaera zehatz horiekin guztiekin batera, Eusko Legebiltzarreko Kultura eta Gazteria Batzordeari irrati lizentzien banaketaren inguruko hausnarketa sakona eta eraikitzailea egiteko eskatu dio Arrosa sareak.
Komunikazioa
Irrati komunitario euskaldunak aintzat hartzeko eskatu du Arrosak
Eusko Legebiltzarreko Kultura eta Gazteria Batzordean agerraldia egin zuten atzo Arrosa sareko kideek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu