Iruñeko argiak mihisean dantzan

Ziudadelan 'Bestelako argiekin' erakusketa izan da Eguberrietan. Argi eta bideo instalazioak dira ikusgai, baita arte erakusketak eta umeentzako tailerrak ere.

'Etorkizun ezeztatua' erakusketako artelanak Iruñeko Ziudadelan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
'Etorkizun ezeztatua' erakusketako artelanak Iruñeko Ziudadelan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
itsaso jauregi 2
Iruñea
2026ko urtarrilaren 3a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Hona hemen Iruñeko Ziudadela», azaldu du gida turistiko batek, aterki laranja bat eskuan duela. Hamar turistak osatutako talde batek zirkulu bat osatu du gidaren inguruan, haren azalpena entzuteko asmoz. Gizonak letraz jositako panel beltz handi bat seinalatu du: Bestelako argiekin erakusketaren programazioa da. Iruñeko Ziudadela artelanez eta kolorez bete da jaialdiaren hamargarren aldian, eta haurrentzako sormen tailerrak ere antolatu dituzte bertan.

Hotzetik babestuta, tantaka sartu dira bisitariak Etorkizun ezeztatua erakusketara, Arma aretoko lehen solairura. Bisitariak areto batetik bestera ibili dira, barrutiko horma altuetan dauden obrei gertutik begiratuz. Gortina beltz batzuen atzean, ilunpetan dagoen gela bat dago. Bertan, proiektore bat, irudi bakarra erakusten: tantaz tanta hondoratzen ari den egongela bat. Uraren soinua kanpoan dagoen aretora zabaltzen da. Maria Jose Castañaresek gortina ireki du, eta begiak erdi itxita dituela atera da, oraindik kanpoko argira ohituz: «Asteburuetan erakusketak ikustera joatea gustatzen zaigu. Beti aurkitzen dugu zerbait desberdina». Senarrarekin batera, erakusketako gainerako aretoak ikusi nahi ditu.

Argien artean

Mistoen pabiloian lau artistaren lanak nahastu dira: Javier Mina, Ernesto Murillo Simon, Pedro Oses Navaz eta Joaquin Resano artisten obrak. 4x4 izeneko erakusketaren ateak otsailaren 8ra arte daude zabalik. Lau sortzaileek, lagunak izateaz gain, ibilbide paraleloa izan dute, eta elkarrekin aritu dira komikigintzan batez ere; horregatik, narrazioa ardatz duen erakusketa elkarrekin egitea erabaki dute. Mina artista iruindarraren lanek jolas moduko bat aurkezten dute Ainara Gonzalez eta haren lagunarentzat. Asmatu egin behar dute nortzuk diren artistak bere obra koloretsuetan irudikatzen dituen pertsonaia ezagunak, mahai baten inguruan eserita. «Hori Marilyn Monroe da. Eta hori Picasso izango da», esan du Gonzalezek, aurpegi urdinxka bat seinalatuz.

Erakusketak goizean irekitzen dituzte, baina arratsaldean hasiko da argien dantza. Kale argiak arrosaz eta berdez pizten dira, eta Ziudadela argituko dute urtarrilaren 7ra arte, 18:00etatik 20:30era. Gainera, bisitariek parte hartzeko hiru instalazio interaktibo ere antolatu dituzte: Ba al dago inor hor? koloretako presentzia islatzen duen mihise argidunen triptiko bat da, Armadaren etorbidetik sartzeko tunelean; Patua obran lerro berdeek horizontea marrazten dute Sause Ateko tunelean; eta Rendez vous lanak argiaren eta soinuaren arteko topaketa planteatzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.