Sanferminetako afixak aukeratzeko epea zabaldu dute

Aurkeztu dituzte sanferminak iragartzeko hautagai diren hamar afixak, eta iruindarrek maiatzaren 6ra arte izanen dute aukera nahi dutenaren alde bozkatzeko. Aurten 635 lan jaso dituzte, azken urteetan izandako gehien.

Afixen aurkezpena, gaur goizean. IRUÑEKO UDALA
Afixen aurkezpena, gaur goizean. IRUÑEKO UDALA
itsaso jauregi 2
2024ko apirilaren 22a
17:20
Entzun

Musika, dantza, keinuak, kilikiak, zezenak eta San Fermin santua. Teknika desberdinak erabiliz, sanferminen sinboloak biltzen dituzten afixak aurkezten dituzte urtero Iruñean, bestak hobekien irudikatzen dituen kartela aukeratzeko asmoz. Epaimahaiak hamar afixa aukeratu ditu, eta Iruñeko Kondestablearen Jauregian aurkeztu dituzte. Afixak hor geratuko dira, ikusgai, eta orain, iruindarrek botoa eman beharko dute hautatzeko horien artean zeinek iragarriko dituen bestak. Iruindarrek maiatzaren 6ra arte izanen dute bozkatzeko aukera. Jaien sinboloak izan dira aurtengo protagonistak: urtero bezala, gorria, beltza eta zuria gailendu dira beste koloreen gainetik.

Aurten aukeraketa prozesua bereziki «zaila» izan dela esan du Maider Beloki Jai, Hezkuntza eta Kirol zinegotziak. Orotara, 635 lan jaso dituzte: azken urteetan izandako gehien. Aurkeztutako kartelen %54 (343) Nafarroako egileenak dira, eta lanen %28, iruindarrenak. Baina kartel batzuek bidaiatu behar izan dute Iruñeko Kondestablearen Jauregira iritsi arte: Italia, Kuba, Mexiko, Espainia, Frantzia, Serbia eta Amerikako Estatu Batuetako lanak ere jaso dituzte, esate baterako. 635 lan horietatik hamar aukeratu ditu epaimahaiak, eta horien artetik batek irabaziko du 6.000 euroko saria. Adinari dagokionez, kartelen %42,5 (270) 30 eta 49 urte bitartekoek aurkeztu dituzte; %29,2 (186) 50 urtetik gorakoek, eta %22,2 (141) 19 eta 29 urte bitartekoek.

Garai berrietara egokitzeko beharra ikusi dute afixen lehiaketaren antolatzaileek, eta, hain zuzen, kartelak sortzeko orduan adimen artifizialaren erabilera mugatzen duen klausula bat sartu dute lehiaketan. Adimen artifizialarekin egindako kartelak ez dituzte kontuan hartuko, ziurtatu nahi baitute sorkuntza prozesuan sortzaileen egile eskubideak errespetatzea. Kartel horien atzean dauden sortzaileak anonimoak dira, eta izenik gabe jarraituko dute maiatzaren 6ra arte, egun horretan amaituko baita herritarren bozketa. Anonimotasunaren araua apurtzea arau hauste larritzat hartuko da, eta egilea lehiaketatik kanpo geratuko da automatikoki: ezin izango da lehiaketara aurkeztu hiru urteko epean. 

Bozketa gaur hasi dute, eta, parte hartzeko, ezinbestekoa da Iruñean erroldaturik egotea. Hiru bide daude bozkatzeko: Internet bidez, www.pamplona.es eta www.pamplonaescultura.es webguneetan sartu behar da; telefonoz botoa emateko, 010 zenbakira hots egin behar da; eta bozketa aurrez aurre egiteko, Civivox zentroetara jo daiteke. Maiatzaren 6ko 23:59an itxiko dute Interneteko bozketa; gainerakoak, zerbitzu bakoitzaren ordutegia bukatzean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.